Abenduaren 9ra arte, Euskararen inguruan ikertzen poster akademikoen erakusketa egiten ari dira Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko magisteritzako korridoreetan. Erakusketa horretan, Lehen Hezkuntzako graduko lehen mailako ikasleak saiatu dira euskararen inguruko zenbait ikergune modu xumean azaltzen, eta landutako erreferentzia bibliografikoak ere modu sintetikoan azaldu dituzte. Jarduera akademiko horrekin, bide batez, euskararen erabilera sustatu nahi izan dute fakultatean.
Ainhoa Ezeiza EHUko irakaslea da erakusketaren antolatzailea. Azaldu duenez, arazoa dute fakultatean, kosta egiten zaielako lehen mailako ikasleei euskaraz hitz egitea: "Lehen mailako ikasleak testuinguru desberdinetatik datoz, batzuk euskal mundutik datoz, baina beste batzuk ez dute inolako ohiturarik euskaraz hitz egiteko. Orain ikasketak euskaraz egin ditzakegu, baina gero jendeak ez du hitz egiten. Asko borrokatu gara euskaraz ikasi eta irakasteko, eta behar dugu ikasleek gustuz hitz egitea".
Aurten, dirulaguntza eskatu dute, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren barruan, hizkuntza-paisaia euskaratzeko, eta egitasmoak EHUko Euskara Zerbitzuaren Aktibatu! dirulaguntza eta babesa jaso du. "Ideia da hizkuntza-paisaia ere soinua dela, eta gauza batzuk egin ditugu korridoreetan, ikasgelatik kanpo, euskaraz egiteko ohitura hartzeko; eskulangintza ere egin dugu, ikaslea kartulinarekin eta guraizeekin dagoenean lasaiago dagoelako eta erosoago sentitzen delako euskaraz egiteko, eta gainera Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko hori ere egin behar da", azaldu du Ezeizak.
Bilaketa zaila
Erakusketa, berriz, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren baitako jarduera akademikoena da. Posterrak osatzeko, euskarazko artikulu akademikoak eta erreferentzia bibliografikoak bilatu behar izan dituzte ikasleek; eta zailtasunak antzeman dituzte: "Normalean, ikasleek Dialnet eta Google akademikoa erabiltzen dute, baina Googlen oso zaila da euskarazko erreferentziak bilatzea. Gezurra dirudi, baina zaila da materiala aurkitzea; nik eman behar izan dizkiet material asko, tresna gutxi dagoelako eta jakin behar delako non bilatu, jakin behar duzu existitzen dela".
Modu honetan, lan akademiko bat nola eraikitzen den ezagutzeaz gainera, ikasleek aukera izan dute eremu desberdinetan euskararen egoera zein den ezagutzeko. "Erakusketa honen helburu nagusia da bertaratzen diren pertsonekin partekatzea zenbat ikerkuntza-eremu dituen euskarak hezkuntzarekin lotura dutenak: euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, haur eta gazte literatura, komunikabideak, zientzia eta unibertsitatea, marrazki bizidunak, bideo-jokoak, ikastolen sorrera, euskara eta gazteak, euskal kantagintza, kale erabileraren egoera, ahozkotasuna, euskararen lekua eleaniztasunaren erronkaren aurrean…".
Posterrak magisteritzako eraikineko korridoreetan egongo dira ikusgai abenduaren 9ko arratsaldera arte.