Urtez urte finkatuz doan ekitaldia zazpigarrenera iritsi da: azaroaren 24an banatu dira Lazarraga sariak. Aldundiaren laguntzarekin, eta Lanabes ekimenaren baitan, Bai Euskarari elkarteak antolatutako sariketaren helburu nagusia da eremu sozioekonomikoan euskararen normalizazioaren alde Arabako entitateek egindako ahalegina saritzea.
Sariak banatzeko ekitaldian Bai Euskarari elkarteko arduradun Rober Gutierrezek azaldu du aitortza honen beste helburu garrantzitsu bat dela "gainerako enpresen artean haien eredua zabaltzea". Erantsi duenez, "aditu guztiak bat datoz esatean lan munduan euskaraz eroso sentitzea estrategikoa izan behar dela hurrengo urteetarako hizkuntza politiketan". Bestetik, azpimarratu du premiazkoa dela hezkuntzaren alorrean egiten ari den inbertsioa ez galtzea, arriskua dagoelako euskaraz formatzen ari diren belaunaldi berriek euskaraz lan egiteko espazio nahikorik ez izatea. Azkenik, azpikontratatutako enpresen kasuan ere, administrazioek euskara bermatzeko duten beharra ekarri du gogora, euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatu aldera.
Angosto kanpina: Gaubea osoan irradiatzen duen gunea
Angosto kanpinera joaten diren bezeroek betidanik esan dute giro euskalduna dagoela, bertako zuzendari Eduardo San Emeterioren arabera. "Gure bezero gehienak Euskal Herritik bertatik etortzen diren bikote gazteak dira, normalean ume pare batekin", argitu du. Jendetza biltzen da eguraldi ona egiten duen asteburuetan eta udan: ia mila pertsona. Gaubearen ohiko populazioa kopuru horren bueltan dabilela aintzat hartuta, esan daiteke kanpinari esker populazioa biderkatzen dela. "Jende gutxi bizi denez, lurraldea ia-ia ukitu gabe dago, eta horregatik paisaia zoragarria mantendu da". Giro euskaldun hori betidanik sustatzen saiatu direla dio San Emeteriok. Euskaldunen artean ez ezik, kanpotik etorritakoen artean ere. Adibidez, aurten poltsikoan eramateko moduko hiztegi pare bat argitaratu dute, euskara ez dakitenek bederen esaldi arruntenak esateko aukera izan dezaten: "Egun on, non dago denda? Esate baterako, hiztegiari esker, aurten harreran entzun diogu britainiar bati gerizpeko partzela bat eskatzen. Halako jarrerak oso politak dira, bai guretzako zein gainerako bezeroentzako ere". Langile askok euskara ez dakiten arren —udan ia 50 izan daitezke—, saiatzen dira bezeroekiko hizkuntz begirunea bermatzen. "Euskaldun bati ezin zaio esan ulertzen ez diozula. Ahalegindu behar zara komunikatzen, ingelesez egingo zenukeen modu berdinean".
EBA S.L.: euskaraz ere eraikitzen badakien enpresa
80 langile inguru daude eraikuntzaren alorrean jarduten duen EBA S.L. enpresan, eta, guztiek euskara ez dakiten arren, saiatzen dira sail guztietan euskaraz arreta emateko gai den langile bat egoten. Administrazio saileko langile Nerea Caballerok eman ditu azalpenak. "Kanpoko jende asko dago enpresan, eta, horregatik, askotan zaila egiten zaigu gure artean euskaraz hitz egitea. Baina ikusi dugu ere kanpotik datorren jendea batzuetan saiatzen dela jakiten zeintzuk diren hitzak. Beste batzuetan, proiektuak euskaraz etortzen dira, eta teknikariak, euskara jakin ez arren, saiatzen dira gauzak ulertzen, edo bestela itzultzailera jotzen dute", azaldu du Caballerok. Enpresa Euskal Herri mailan aritzen den arren, nazioarteko talde batekoak dira, eta taldean ere euskararen garrantzia azpimarratzen ahalegindu dira, kanpoan uler dezaten euskara zaindu beharreko faktorea dela. "Duela bi urte inguru hasi ginen enpresaren irudia moldatzen, kartelak, posta elektronikoak eta horrelakoak elebidunez jartzen". Norabide horretan, ikastaroak eman dituzte bezeroari euskaraz harrera egiteko, edo eta telefonoa hartzean edo posta bidezko komunikazioetan bezeroei euskaraz artatzeko. Euskaldun asko dauden beste enpresa batzuetan egiten dituzten gauzak –pintxo poteak edo euskaraz aritzeko taldeak sortzea–, egiteko moduan ez daudela erantsi du.
Emaize: ia hiru hamarkada sexualitate sanoa bermatzen
Sexualitateari arreta integrala ematen diote Emaize zentroan, bai arlo pertsonalean —aholkularitza edo terapia egiten—, zein arlo publikoan, hezkuntza, formazioa edota dibulgazioa egiten—ALEAn egiten duten bezala—. Duela 28 urte feminismotik hasi zirela gogora ekarri du Ana Ramirez de Ocarizek; baina, ondoren, profesionalizatu egin ziren. Oso pozik azaldu da aitortzarekin. "Eskerrak egiten dituzun ahaleginek, batzuetan, erakusleiho bat duten".
Hasieratik euskarari merezi duen tartea eskaini diotela erantsi du, eta euskaldun diren kideen artean ahal den heinean euskaraz egiten saiatzen direla dio. "Bederatzi lagun gara. Baina terapia momentuz ezin dugu euskaraz eskaini, justu esparru horretan ari diren hiru kideek ez dakitelako". Halere, zerbitzua handitu aldera, kontratatzen dituzten pertsonak euskaldunak izan behar direla azaldu du. Zerbitzua euskaraz eskatzen badute, gainerako kideek laguntzen dute. "Sentimenduak adierazteko ama hizkuntzara jotzea da arruntena".
Errota hortz klinika: "Gakoa? Euskaraz hitz egitea!"
Enpresa erdi eta handietan askotan plan konplexuak jarri behar dira martxan, baina, enpresa txikien kasuan, borondatea abiapuntu nahikoa izan daiteke emaitza ederrak lortzeko. Hala berretsi du Errota hortz klinikako dentista Inma Esnaolak. Saria jasotzeko egin dituzten gauzen inguruan galdetu diogunean, erantzun sinple bezain irmoa eman du: "Zer egin dugun? Ba euskaraz hitz egin!". Duela 22 urte hasi ziren zerbitzua ematen, eta aurtengoa ez da izan euskararen alde egindako lanagatik jaso duten sari bakarra. 2016an ere Aenkomer-en saria jaso zuen Errotak. Zerbitzua euskaraz emateak badu ere beste sari bat: "Euskaldun mordo bat etortzen da klinikara; batek besteari gomendatzen dio". Umeekin beti euskaraz egiten dute, aitak edo amak euskara jakin ez arren. "Hasieran umeek dentistari beldurra diote, noski; baina, beraiekin pixka bat jolastu ondoren, berehala 'sartzen' dira". Hiru dentistak euskaldunak dira. "Bi erizain daude, eta horiek 'belarriprest' dira. Ahoari buruzko gauza guztiak oso ondo ezagutzen dituzte". Bezeroak euskaraz artatzeaz gain, Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiteko aukera ere eskaintzen dute, eta Covid-19ari lotutako murrizketak heldu arte beti izan dituzte euskarazko aldizkariak eta liburuak itxaron gelan. Etorkizunean, plan estrategikoa hitz egiten jarraitzea da.
Biosasun: olibondoari bere onena ateraz
Normalean, olibondoa aipatzean, olibak eta olioa dira burura datozen produktu bakarrak; baina, antza, badira gehiago. Ondo dakite hori Biosasun enpresan: duela 22 urte hasi ziren lanean oliobondoei lotutako produktu sorta zabala lantzen. "Europa mailako proiektu batean demostratu genuen Nafarroa erdian eta Arabako Errioxan lantzen dugun adonis izeneko barietateak polifenol gehiago dituela, arbekina edo pikual bezalako barietateen aldean", azaldu du enpresako kide Eusebio Gainzak. Polifenol horiei esker, probiotikoak ekoizten dituzte, baina azken urteotan beste hainbat produktu sorta lantzen ari dira, hala nola jeleak eta kremak. Eta etorkizunean gehiago izan daitezke, Miñaon duten ikerketa gunean etengabean aukera berriak aztertzen ari direlako. Euskararen aldeko jardunean duela bost urte inguru hasi ziren, Errigora elkartean sartu zirenean. "Gure salmentetatik ateratzen dugun %15-20 elkarteari ematen diogu, Nafarroako Erriberako ikastolak laguntzeko. Jakina denez, ez dute Nafarroako Gobernuaren laguntza", gogora ekarri du Gainzak. Horrez gain, eta enpresa txikia izan arren, aurten euskara plana martxan jarri dute enpresan, eta Arabako Enpresen Foroan parte hartu dute. Euskara sustatzearekin bat, kirol jarduna laguntzen hasi dira ere, eta Baskonia eta Alaves taldeekin lanean ari dira norabide horretan.