ELA, LAB eta ESKk langileen batzordearen gehiengoa lortu dute Mercedesen

Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 10:00

ELA, LAB eta ESK sindikatuek udan deitutako mobilizazioetako bat. / ALEA

Bloke aldaketa historikoa Gasteizko Mercedeseko hauteskunde sindikaletan: greba zikloa bultzatu zuten euskal sindikatuek gehiengoa lortu duten bitartean, hitzarmena sinatu zuen blokea hondoratu da.

 gauzatu da Mercedeseko hauteskunde sindikaletan. Seigarren gauaren aurkako eta KPIaren araberako soldata igoeren aldeko greba eta mobilizazioak bultzatu zituzten sindikatuek (ELA, LAB eta ESK) enpresa batzordearen gehiengoa eskuratu dute, lau ordezkari gehiago lortuta. ELA sindikatuak, UGTrekin orain arte partekatutako nagusitasuna erabat bereganatzeaz gain, bi ordezkari gehiago lortu ditu.

Hitzarmena sinatzearen alde agertu ziren sindikatuen blokeak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM), berriz, plantillaren zigorra jaso eta sei ordezkari galdu ditu, batzordearen gutxiengoa bilakatuz. UGT sindikatuaren hondoratzea suposatzen du horrek, EAEn kontrolatzen zuen enpresa handi bakarra galduta; hala ere, kolpetik libratu den sindikatu bakarra CCOO izan da, bere lau ordezkariak mantenduz.

2018ko emaitzekin alderatuta, honakoak izan da bilakaera:

  • Euskal sindikatuen blokea: 14 (2018) - 18 (2022)
    • ELA: 7 (2018) - 9 (2022) / 1.049 boto (%26)
    • LAB: 4 (2018) - 5 (2022)
    • ESK: 3 (2018) - 4 (2022)
  • Hitzarmenaren aldeko blokea: 17 (2018) - 11 (2022)
    • UGT: 7 (2018) - 6 (2022) / 688 boto
    • CCOO: 4 (2018) - 4 (2022)
    • Ekintza: 3 (2018) - 1 (2022)
    • PIM: 3 (2018) - 0 (2022)

Guztira 29 ordezkarik osatuko dute langileen batzordea datozen lau urteetan. 2018tik orain arte, 31 izan dira, baina plantillaren murrizketaren ondorioz, ordezkarien kopurua ere murriztu dute: asteazken gauetik ostegun iluntzera arte, 4.783 langile zeuden hautetsontzietara deituta. 4.188 boto zenbatu ziren, %87,56ko partaidetzarekin.

Nolanahi ere, bloke aldaketa iritsi bada ere, uztailean (600 botoren aldearekin) onartu eta sinatutako hitzarmena 2026ra arte izango da indarrean. Bitartean, Emilio Titos zuzendariak erretiroa hartuko du laster, eta zuzendaritza berria iritsiko da. Ikusi beharko da horrek zer eragin duen Arabako fabrikarik handienaren lan harremanetan.

Erlazionatuak

Mercedes, ispilu aurrean

Ruben Sanchez Bakaikoa 2022 urt 14 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago