Tronpetak jarri dio amaiera

Anakoz Amenabar 2022ko aza. 23a, 14:51

Wynton Marsalisek eta jazz munduko lagun ugarik parte hartu zuten asteartean Iñaki Añuaren omenez egindako ekitaldian. /Gasteizko Udala

Familiak, lagunek, agintariek eta jazz munduko aurpegi ezagunek parte hartu dute Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiko zuzendaria izan zenari egindako omenaldian. Winton Marsalisek jarri ditu azkeneko doinuak.

"Pasioa zuen, eta hori herritarrei kutsatzen jakin zuen". Karmele Jaiok uztailean idatzitako despedida artikuluko hitzak gogoan izan ditu Jasone Añuak, aitaren omenaldiaren amaierako hitzaldian. Eta pasioa izan da, hain zuzen, lagunek Iñaki Añua (1943-2022) gogoratzeko gehien errepikatu duten hitza. Jazzarekiko zuen zaletasuna eta grina beste inork ez bezala zabaldu zuen, eta, horrekin batera, Gasteiz. "Jazza eta Gasteiz ziren bere bi zaletasunak, eta horiek Jazzaldian uztartu zituen. Hari esker gozatu ahal izan dugu jazz onenarekin, etxetik metro gutxi batzuetara, eta hari esker ezagun egin da Gasteiz nazioartean; gaur esan dezakegu Gasteiz jazzaren hiriburua ere badela", aipatu du Gorka Urtaran alkateak.

Iñaki Añuarekin izandako bizipenak gogoratu zituzten ekitaldian. / Gasteizko Udala

40 urtez Gasteizko Jazzaldiko zuzendari izandakoak arrasto sakona utzi du musikari eta zaleen artean, eta lagun ugarik eman nahi izan diote azken agurra asteartean antolatutako ekitaldian. Beste askoren artean, Ruper Ordorika musikariak, Karmele Jaio idazleak, Pedro Espinosa kazetariak eta Patxi Lazkoz Gasteizko alkate ohiak ere ez dute hutsik egin. Horien artean, hiriarekin eta Añuarekin harreman estua duen Winton Marsallisek ere bertara egon nahi izan du. "Bizitzan gertatu zaidan gauza garrantzitsuetako bat izan da Añua ezagutzea. Zorte handia izan dut", gogoratu du musikariak emozioari eutsi ezinik. Hiriburuari eskainitako Vitoria Suite obra denen gogoan, Añuari esker egindako kontzertu eta kolaborazio guztiak nabarmendu ditu: "Haren ilusioa azpimarratuko nuke, eta desberdinen artean zubiak eraikitzeko zuen gaitasuna; ezinezko zirudiena egiteko gai zen". Lau hamarkadatan zehar jaialdian Añuak sortu eta bultzatutako musika proiektuak aipatu ditu: "Hainbeste esperientzia garrantzitsu sortu ditu, hainbeste aukera sortu ditu jendearentzat. Esan dezagun maiz bere izena, gogora dezagun bere eredua". Ostean, musikarako tarterik ere izan da; jauregiko terrazatik When the Saints Go Marching New Orleanseko martxa tradizionalarekin esan nahi izan dio agur.

Mezu ugari

Aretoan bertan nahiz bideo bitartez, ugari izan dira omenaldian egon nahi izan dutenak. Chano Dominguezek, Jamie Cullumek, Joe Lovanok, Marco Mezquidak, Danilo Perezek eta Curro Sanchezek –Paco de Luciaren semea–, besteak beste, mezua bidali dute bideoz. "Hunkigarria da niretzat hau. Iñakik hasieratik eman zion babesa nire musikari, eta, oroitzapen asko ditut, baina beharbada Paco de Luciarekin batera taula horretan jotzeko aukera eman izana momentu berezienetako bat izango da niretzat", gogoratu du Dominguezek.

Pepa Fernandez eta Enrique Portocarrero kazetariek, Jose Ramon Pardo musika-adituak eta Mikel Urmeneta Gasteizko jaialdiko hainbat kartelen sortzaileak, gainera, mahai-ingurua egin dute Añuaren ibilbidea errepasatzeko eta Jazzaldiko bizipenak berreskuratzeko. Proiektu berrietara konbentzitu eta "erakartzeko" zuen abilezia nabarmendu dute denek. "Azeri zaharra zen. Berak sinesten zuen egiten zuen horretan, ilusioa transmititzen zuen, besteak limurtzen abila zen. Eta denborak arrazoia eman dio; bistan da utzi duen ondarea", nabarmendu du Urmenetak.

Tronpeta hotsekin eta "jazzarekin gozatzen jarraitzeko" deiarekin eman diote amaiera ekitaldiari.

Iñaki Añuaren alaba eta emaztea, Wynton Marsalis eta Gorka Urtaranekin. / Gasteizko Udala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago