57,6 milioi euro, Arabako geltokien sarea hobetzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko aza. 22a, 14:00

Gasteizen trenbidearen integrazioa aztertzeke utzi du alternatibak. ALEA

Ribabellosan, Dulantzin eta Araian egingo dira inbertsio nagusiak, merkantziak eta bidaiariak jasotzeko azpiegiturak egokitzeko.

Tren sozial baten aldeko proposamenaren oinarrietako bat trenaren erabilera erabiltzaile mota guztiei hurbiltzea da, eta ahalik eta erabiltzaile potentzial gehienentzat trenaren irisgarritasuna hobetzea. Hartara, hainbat geltoki eta geraleku berritzea aurreikusten ditu proposamenak, baita erabili gabe dauden beste batzuk egokitzea eta gaurkotzea ere.

Bestalde, trenbidea erabilera bakar baterako hobetu beharrean –distantzia luzeko bidaiarientzat abiadura handian–, mota guztietako bidaiarien zerbitzua zabaltzea planteatzen da, eta arreta berezia jartzen da geltokiak modernizatu eta berriz irekitzean –eskariaren araberako geldialdiak egiteko aukerarekin–, eta guztietan irisgarritasuna hobetzeko neurriak planteatzen dira.

Ribabellosan, portu lehorra

Pancorbo (Burgos, Espainia) eta Gasteiz arteko zatian, jarduerarik garrantzitsuena Ribabellosan proposatzen dute, hamaika milioi euroko inbertsioa duen geltoki intermodala. Eusko Jaurlaritzak Bilboko portu lehorra eraiki nahi du bertan, eta ildo horretan, salgaien geltoki berri bat proposatu dute: "Trenak Aurreratu eta Aparkatzeko Postu (PAET) gisa funtzionatzeaz gain, burdinbide, biltegi eta logistika hondartza handi bat egitea bi aldeetan, portu lehor gisa".

Zati horretan, Manzanos herria bitan banatzen duen trenbidea lurperatzeko eta geltokia berritzeko 4,6 milioi euroko obrak ere proposatzen dituzte; zortzi milioi euroko inbertsioa Argantzongo geltokia egokitzeko; eta beste 1,2 milioi euro Langraiz Okako bazterbidea berritzeko.
Jundizko salgaien geltoki intermodalaren inguruan, egun aurreikusita dago handitzea eta Gasteizen abiadura handiko linearen bidez lotzea, 27,4 milioi euroko inbertsioa eginez; beraz, tren sozialaren aldeko egitasmoak ez du aurreikusitakoaz bestelako ezer proposatzen, "merkantzientzako proiektu estrategikoa baita, eta egokitzat jotzen baita egun duen kokapena, handitzeko lekua baitu".

Gasteizen, zain

Trenbidearen integrazioaren inguruko azterketa propiorik ez du egin plataformak Gasteizen, trenbidea hiriburuan integratzeko administrazioen proposamenak behin betiko zehazten diren zain baitago, eta ez dagoelako tarte horretarako "adostutako proposamen propiorik". Hala, momentuz, azterlanaren garrantzia kontuan hartuta, eta gizarte eragileen ekarpenak jasotzeko lan sakonagoa eta prozesuan ezarritakoa errespetatzea planteatu dute. 

Dena dela, Elexalde-Borinbizkarra-Zabalgana aldean trenbidearen lurperatzea zabaltzea defendatu dute proposamenean: "Atzemandako akatsen artean, beharrezkotzat jotzen da Zabalgana inguruan trenbidearen lurperatzea zabaltzea, Gasteizko trenbidearen integrazioari buruzko 2019ko informazio-azterlanean ez baita aurreikusten".

Gasteiz eta Nafarroako mugara arteko tartean, berriz, esku hartze garrantzitsuak aurreikusten dituzte. Agurainen, esate baterako, trenbidea eta geltokia lurperatzea proposatzen dute, herritik igarotzean, sei milioi euroko inbertsioa eginez. "Horrela, trenbidearen langa, eragozpenak eta zaratak kendu ahal izango dira, eta Egileor industrialdea eta hirigunea integratu".

Hamalau milioi euro Araian

Araia inguruan, berriz, Asparrondoko kargategian eta Araiako geltokian obrak proposatzen dira. Batetik, hamaika milioi euroko inbertsioa planteatzen dute,  ibilgailuen kargategiaren instalazioak eta plataforma modernizatzeko, eta PAET eguneratzeko eta zabaltzeko, elkarreragingarritasunaren estandarrak betetzeko eta 750 metro arteko trenak aurreratzea ahalbidetzeko. Bestetik, bidaiarientzako geltokian, hiru milioiko inbertsioarekin, instalazioak, trenbidearen aparatuak, elektrifikazioa eta komunikazioa hobetzea, trenbidearen pasagunea saihesteko azpiko pasagune bat egitea eta nasetan estalitako markesinak jartzea proposatzen da.

Horretaz gainera, Dulantzin, hamaika milioi euroko kostuarekin, geltokia eta tren-bazterbidea egungo tokian mantentzea eta hobetzea proposatzen da, baita trenbide-pasagunea lurperatzea eta irisgarritasuna bermatzeko arrapalak eta igogailuak jartzea ere.

Azkenik, Oreitian, Ezkerekotxan eta Eginon zerbitzurik gabe edo oso zerbitzu urriak ematen dituzten geralekuak eta geltokiak berreskuratzea eta berritzea proposatzen dute egitasmoan, 650.000 euroko inbertsio bana eginez Oreitian eta Ezkerekotxan, eta beste 400.000 eurokoa Eginon.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago