BIZILAGUNAK

Zubiaren bestaldea ezagutuz

Erredakzioa 2022ko aza. 21a, 17:52

Mila lagunek baino gehiagok parte hartu dute asteburuan egin diren kultura arteko bazkarietan. Aurten ere, ekimenaren antolaketan ezinbestekoak izan dira tokian tokiko talde eta elkarteen ekarpenak.

Zubiak eraikitzea zen helburua, eta, antza, horiek ondotxo irmotu dira. Mila lagunek baino gehiagok parte hartu dute joan den asteburuan Bizilagunak ekimenaren zazpigarren edizioan. Gasteizen 505 lagun bildu dira, antolatzaileek esku artean izan dituzten datuen arabera. Gainerako lurraldean, 536 lagunek partekatu dute mahaia. Izarra, Agurain, Langraiz Oka, Araia, Kanpezu, Laudio, Amurrio, Artziniega, Oion eta Bastidan bildu dira ekimenera atxiki direnak.

Ohi bezala, Zehar Errefuxiatuekin elkartea arduratu da antolaketaz, diputazioaren laguntzaz. Baina, aurten ere, ezinbestekoak izan dira tokian tokiko talde eta elkarteen lana. Topaketa lekuei dagokienez, askotarikoak izan dira, eta, zenbaitetan, horrenbeste jende batera bildu ahal izateko, udal instalazioak edo ikastetxeak erabili dituzte.

Askotarikoak izan dira abiapuntuak: 38 herrialdetan jatorria duten auzokideak bildu dira aurtengoan. Agerikoa denez, asteburuko ekimena ez da bukatu igandean, eta, seguruenera beste edoziotan gertatutakoa errepikatuko da oraingoan ere: mahaiaren bueltan izandako topaketa horietan harreman eta adiskidetasun sendoak abiatuko direla espero izatekoa da. 

Argazkiak: Bizilagunak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago