KPIaren araberako soldata igoerak, lan baldintzen hobekuntzak, prekarietatearekin amaitzeko neurriak eta enpresan eskala bikoitzik ez egotea. Hitzarmen berriaren negoziazioei begirako aldarrikapen horien inguruan, duela ia hilabete bat grebari ekin zioten Gamarrako industrialdean kokatutako Detesa enpresako langileek.
Ia hilabete greban eman ostean, Detesako 55 langileen gehiengoak baiezkoa eman dio ELA sindikatuaren eta enpresaren artean erdietsitako akordioari. Joan den ostiralean, azaroaren 18an, bozkatu zuten, langileen asanblada batean.
Hortaz, greba bertan behera geldituko da astelehen honetatik aurrera, eta enpresak hitzarmen kolektiboa izango du lehen aldiz, 2022, 2023 eta 2024 urteetarako; orain arte enpresa akordioen bitartez arautzen baitziren lan baldintzak. Hitzarmenaren bidez, hainbat hobekuntza lortu dituzte, hala nola: urteko lanaldiaren murrizketa, 1.735 ordutatik 1.724 ordutara; soldata igoera lineal kontsolidatuak hitzarmenaren iraunaldi guztirako (1.200 euro lehen urtean, 1.000 euro bigarrenean, eta 600 euro hirugarrenean); baita inaplikazio klausula ere.
ELA sindikatuak prozesuaren balorazio "positiboa" egin du: "Behin-behineko langileen ehunekoa oso handia zen enpresan, eta, hala ere, grebalariek duintasunez erantzun dute, plantilla osoaren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektiboa erdietsiz. Babes hori ezean, nekezagoa litzateke emaitza", ospatu dute.
Detesak automobilgintzarako estanpazioaren sektorean dihardu, eta Rubi enpresa taldearen parte da.