Soldata igoerak (KPIaren arabera), lan baldintzen hobekuntzak, prekarietatearekin amaitzeko neurriak eta enpresan eskala bikoitzik ez egotea. Hitzarmen berriaren negoziazioei begirako aldarrikapen horien inguruan, duela hiru aste grebari ekin zioten Gamarrako industrialdean kokatutako Detesa enpresako langileek. Enpresak mihiztatzearen sektorean dihardu, eta Rubi enpresa taldearen parte da.
Enpresa batzordearen gehiengoa osatzen duen ELA sindikatuaren atal sindikalak eutsi die lanuzteei, greba LAB sindikatuarekin batera hasi zen arren.
Lanuzteekin batera, hiru aste hauetan hainbat mobilizazio egin dituzte langileek: auto-karabana poligonoan zehar, elkarretaratzeak enpresaren aurrean eta Andre Maria Zuriaren plazan... Hala ere, ELAren arabera, "enpresa ez da mugitu eta jarrerak urrun daude oraindik".
Are gehiago, ELA sindikatuak salaketa bat jarri du lan ikuskaritzan, enpresari plantillaren greba eskubidea urratzea leporatuz. Izan ere, sindikatuaren arabera, enpresak greban dauden langileak ordezkatzeko kontratuak egin ditu, lanaldia asteburuetara ireki du (egutegian jasota ez dagoen arren), txandak bikoiztu egin ditu, eta aparteko orduak "eskirolen artean" banatu ditu.
Egoera horren aurrean, eta luzatzen hasi den grebari ikusgarritasuna emateko asmoz, ostiral honetan Duna tabernako biribilgunean elkarretaratzea egin dute 13:00etatik 15:00etara, "hitzarmen duin bat" aldarrikatzeko. "Negoziazioan aurrerapausorik ez badago, beste astebeteko greba deituko dugu, gatazka konpondu arte", ohartarazi du ELAk.