Hitzarmen berria sinatu dute Arabako metalean

Erredakzioa 2022ko aza. 21a, 11:00

Arabako metalaren grebako mobilizazioetako bat. / ALEA

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, ELA gabe, metalgintza sektorearen hitzarmen berrirako behin betiko akordioa sinatu dute astelehen honetan SEArekin.

2018tik negoziatu eta 2022an lau greba egun egin ondoren irailean erdietsitako aurreakordioaren ostean, Arabako metalgintzaren hitzarmen berria sinatuta eta Lan Arloko Arabako Lurralde Ordezkaritzaren eskuetan dago jada. Datozen asteetan Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, indarrean sar dadin.

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak babestu du behin betiko akordioa, ELA sindikatuak, sektoreko greba eta lanuzteak babestu ostean, hitzarmen berria ez sinatzea erabaki duen arren.

Sindikatuek gogorarazi dutenez, hitzarmena argitaratzen den momentuan, dagoeneko Arabako metalgintzan ez dauden baina 2022an zehar sektorean lan egin duten langileei ere egokitu ahal zaie bertan jasotakoa.

"Akordio historikoa"

LAB sindikatuak azpimarratu du "akordio historikoa" izan dela, eta sektorearen "mobilizazioari esker" lortu dela. Orain, "enpresaz enpresa" hitzarmena lantzeari ekingo dio sindikatu abertzaleak, "erronka horretan bidelagunak izateko prestutasun osoa eta zintzoa" zabalduz. ELA sindikatuaren aldentzeari buruz, "itxurakeria eta korporatibismoa" leporatu dio LABek.

Bere aldetik, CCOO sindikatuak nabarmendu du hitzarmenak "erosteko ahalmena" bermatzen diela Arabako metaleko langileei, lanaldia murriztuz eta "subrogazioan zein berdintasunean hobekuntzak" eginez.

Hitzarmenaren puntu nagusiak

Besteak beste, %15eko soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa jaso zituen iraileko aurreakordioak. Honako hauek dira greba dinamika bertan behera utzi zuen akordioaren puntu nagusiak, ondoren sindikatuetako afiliatu eta delegatuek berretsita:

  • Ultraktibitate mugagabea.
  • Inaplikazio klausula.
  • Urteko lanaldiaren zortzi orduko murrizketa.
  • Soldata igoerak:
    • Gutxieneko soldata: 20.445 euro urtean (orain arte 17.480 euro).
    • Atzerapenak: %2 kategoria baxuenentzat (18.000 eurotik behera) eta %1,5 besteentzat (18.000 eurotik gora).
    • 2022: %6,5
    • 2023: %3
    • 2024: %2,5
    • 2025: %2
    • KPIaren %100eko igoerak bermatzeko klausula hitzarmenaren indarraldia amaitzean.
  • Antzinatasuna ere igoerei lotuta egotea (izoztuta 2018tik).
  • Izatezko bikote eta bikote ezkonduen berdintzea baimenetan, medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea (orain arte soilik Osakidetzarako), eta baimen motzetan lehen eguna lan eguna izan beharra.
  • ABLEetan (ETT) lan egindako denbora antzinatasunean ere eragina izatea.
  • Subrogazioan Bizkaiko klausulari zuntz optikoa eta telefono lineen instalazio eta mantentzera zabaltzea. Gainera, batzorde bat eratuko da berau gehiago nola zabaldu aztertzeko.
  • Berdintasun batzordea, non LGTBI+ kolektiboa ikusgarritasuna izango duen.
  • Laneko jatorria duten Aldi Baterako Ezintasunetan, osagaiak %100ekoak izatea lehen egunetik soldata errealetan.
Erlazionatuak

Aurreakordioa Arabako metalean

Erredakzioa 2022 ira 19 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago