ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek hiru eguneko greba deituta zuten aste honetarako, irailaren 21, 22 eta 23rako. Mahai negoziatzailean, berriz, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak biltzen dira SEArekin. Arratsaldeko bileran, CCOO, LAB eta UGTk aurreakordioa erdietsi dute patronalarekin; ELAk, ordea, uko egin dio.
Honako hauek dira greba deialdia bertan behera utzi duen aurreakordioaren puntu nagusiak, sindikatuetako afiliatu eta delegatuen berrespenaren zain:
- Ultraktibitate mugagabea.
- Inaplikazio klausula.
- Urteko lanaldiaren zortzi orduko murrizketa.
- Soldata igoerak:
- Gutxieneko soldata: 20.445 euro urtean (orain arte 17.480 euro).
- Atzerapenak: %2 kategoria baxuenentzat (18.000 eurotik behera) eta %1,5 besteentzat (18.000 eurotik gora).
- 2022: %6,5
- 2023: %3
- 2024: %2,5
- 2025: %2
- KPIaren %100eko igoerak bermatzeko klausula hitzarmenaren indarraldia amaitzean.
- Antzinatasuna ere igoerei lotuta egotea (izoztuta 2018tik).
- Izatezko bikote eta bikote ezkonduen berdintzea baimenetan, medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea (orain arte soilik Osakidetzarako), eta baimen motzetan lehen eguna lan eguna izan beharra.
- ABLEetan (ETT) lan egindako denbora antzinatasunean ere eragina izatea.
- Subrogazioan Bizkaiko klausulari zuntz optikoa eta telefono lineen instalazio eta mantentzera zabaltzea. Gainera, batzorde bat eratuko da berau gehiago nola zabaldu aztertzeko.
- Berdintasun batzordea, non LGTBI+ kolektiboa ikusgarritasuna izango duen.
- Laneko jatorria duten Aldi Baterako Ezintasunetan, osagaiak %100ekoak izatea lehen egunetik soldata errealetan.
"Borrokak merezi du!"
Greba dinamika gogor baten ostean iritsi da akordioa: maiatzean eta ekainean lau greba deitu ostean, aste honetarako beste hiru greba egun ziren mahai gainean. Testuinguru horretan, joan den ostegunean, hilaren 8an, berriro bildu ziren patronala (SEA) eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak; orduan ez zen aurrerapausorik lortu. In extremis lortutako gaurko akordioaren aurretik, SEAren "jarrera immobilista eta arduragabea" salatu izan dute sindikatuek.
"Honaino iritsi bagara, azken hilabeteetan egin diren mobilizazio, lanuzte eta grebei esker izan da. Horiek gabe ezinezkoa litzateke gaur-gaurkoz gauden egoeran egotea. Borrokak merezi du!", ospatu du LAB sindikatuak, lehen balorazio batean.
Balorazioak
Zantzu guztien arabera, Arabako metalaren hitzarmenaren inguruko negoziazioetan aurrerapausoak iritsiko zirela ematen zuen. LAB sindikatuak goizean zabaldutako ohar labur batean iragarri duenez, goizean "mugimenduak" eman dira mahai negoziatzailean: "SEA patronalak proposamen berritua ekarri du, non sindikatuek aspalditik adierazi dizkiegun puntu batzuetan mugimenduak eman dituen. Hala ere, LABen iritziz oraindik ez da nahikoa, eduki batzuk motz geratzen zaizkigu", aurreratu du sindikatu abertzaleak, arratsaldeko bileran puntu horietan sakontzeko asmoz.
LAB sindikatuak azpimarratu du "ia 20 urtetik erorita zegoen eragin osoko hitzarmena berreskuratu dela, sektorean zegoen anabasari aterabidea emanez". Besteak beste, lanaldia jaistea eta hitzarmenaren iraunaldiaren bitartean KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea lortu dela nabarmendu du sindikatu abertzaleak.
Bere aldetik, CCOO sindikatuak azpimarratu du "hobekuntza nabarmenak" lortu dituztela soldatari, subrogazioari eta lanaldi murrizketari dagokienez.
Azkenik, ELA sindikatuak azaldu du aurreakordioari uko egin diola bere ustez "proposamenak ez duelako KPIa bermatzen, proposatutako hobekuntza eskasak gutxiengo batentzat direlako, eta ez dituelako betetzen ezarritako gutxieneko helburuak". Gainera, ELAren ustez, "ez dago neurririk sektoreak pairatzen duen prekaritateari eta soldata arrakalari aurre egiteko; marra gorria izan den 1.400 euroko soldata minimora ere ez da iritsiko".