Arrakasta izugarria izan du berriz ere Gasteizko Udalak sustatutako Euskararen Astearen barruan Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatu eta ELKAR, BAKH eta Laboral Kutxak babestutako bideo-kopla lehiaketak: 2000 ume baino gehiagok parte hartu dute eta 109 bideo aurkeztu dira lehiaketara. Azken txanpa honetan, bideoak bidaltzeko epea amaituta, bozketa fasea ireki da, eta "Gure Herria" gaiaren inguruan sortutako lan guztiak ikusgai dituzue ALEA.eus webguneko atal berezian.
Azaroaren 29an, eguerdian, itxiko da boto emateko epea. Boto emateko, pertsona bakoitzak hiru bideo aukeratu eta orrialde oinean dagoen BOZKATU botoia sakatu beharko du; gailu bakoitzetik behin bakarrik bozkatu daiteke.
Irabazleak eta sariak
Jasotako lan guztien artean, sari ezberdin asko banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute, aipamen bereziak ere izango dira sarituak.
Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautada Puzle Room ihesgelan esperientzia ederra.
Bertso saioa eta sari banaketa
Abenduaren 1ean, ostegunean, 19:00etatik aurrera, Julio Soto, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 17:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 18:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.