Noraino erabaki dezakete herritarrek euren elikaduraz? Nork agintzen du zer jan? Ezegonkortasun garaiotan, nola bermatu saskia? Eguneroko jarduera bada ere, elikadurari behar besteko garrantzia ematen ez zaiola gogoratu dute Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak antolatutako Gasteiz Konexioan jardunaldietan, eta hori mahai gainean jarri nahi izan dute Eraldaketa lapikoan! izenburupeko saioan. Egungo mundu globalizatuan, erosten eta jaten dugunak milaka kilometrora bizi diren pertsonen eskubideetan eragiten duela nabarmendu dute, eta, era berean, gertuko ingurunean ere ondorioak dituela. Elikadura justu, osasuntsu eta jasangarria helburu, norabidea aktiboki eraldatzeko deia egin dute.
"Garapenerako erakundeok aspaldi aldarrikatu dugu gure ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko beharra. Gure mahaira heldu aurretik 5.000 kilometro egiten dituzten elikagai freskoak dauden bitartean, gure baserritarrek larri begiratzen dute ekoizpen kostuak ere estali ezin dituztelako eta beren lurrak lantzeari utzi behar diotelako", esan du Ainhoa Bilbaok, Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeko bozeramaileak, Aldabe gizarte etxean antolatutako saioan. Egungo sistema enpresa handientzat "errentagarria" dela gogoratu du, "hegoaldeko herrialdeetan ekoiztea interesatzen baitzaie, lan baldintza prekario eta ingurumen-lege bigunak dituztenetan". Denok parte garen "bidegabeko sistema", Bilbaoren esanetan. "Eta, aldi berean, egunero hartzen ditugun erabakiekin alda dezakeguna. Norberaren kontsumoaz gainera, beste kontsumitzaile eta ekoizleekin osatutako sareen bitartez, eta gure gobernuei egiturazko transformazioak egin ditzaten eskatuz".
Ana Urrutia kazetariak aurkeztutako saio honetan, kontsumo ohiturei buruzko gogoeta eragin nahi izan dute lekukotza desberdinekin, ekitera hasteko dei eginez. Ekuadorreko Maquita fundazioaren esperientzia ezagutu dute lehenik, jardunaldien helburua baita hemengo eta urrutiko beste leku batzuen arteko lotura erakustea, bereziki Araban dauden garapenerako erakundeek lan egiten duten tokietan. Fundazio horrek ekoizpen jasangarriaren, bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren alde egiten du lan, herrialde horretan zaurgarritasun egoeran bizi diren familien bizi kalitatea hobetzeko. "Han eta hemen arazo berberak ditugu, eta erantzunak ere norabide berean joango dira. Pandemiak nabariago utzi ditu arazo horiek; hirian janari eskasia izan den bitartean, aldiz, landa eremuan ederki erantzun diogu. Hor bada zer ikasi", gogoratu dute bideo batean.
"Guk 5.000 kilometro egin dituzten jaki freskoak jaso bitartean, gure baserritarrak larri ditugu begira"
Ainhoa Bilbao, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko bozeramailea
Maquita taldeko lagunen hitzei helduta, "pobrezia" kontzeptua ekarri du saiora Ekologistak Martxan erakundeko Isa Alvarezek. "Bideoa ikusirik, globalizatutako iparraldeko lagunek pentsa dezakete gu garela alde aberatsa; baina guk ez dakigu lurra lantzen, ez dugu askotan lurra eskuratzeko aukerarik, eta, gainera, biodibertsitatea ere suntsitu dugu, baita elikatu gaitzaketen ezagutza asko ere". Almudena Hernando autoreak deitutako "indibidualtasunaren fantasia" gero eta orokortuagoa dela gogoratu du: "Fantasia horrek bizirauteko ekosistemarik edo bestelakorik ez dugula behar dio, lurretik eta gure landa eremuetatik gero eta urrunago gaudela. Baina guk fantasia hori eraikitzea ez da doakoa beste batzuentzat: hegoaldeak pobretu ditugu, eta hori, antza, eskas denez, gure landa eremua ere pobretuko dugu".
Oztopoak oztopo, mundu mailako elikaduraren %70 oraindik nekazari txikiek ekoizten dutela gogoratu du Alvarezek, eta horren erdia baino gehiago emakume nekazariek sortzen dute; eskura, ordea, planetako lur landagarrien %25a baino ez dute. "Zer gertatuko litzateke baliabide guztiak eskuratu eta benetan modu iraunkorrean kudeatu ahal izango bagenitu? Askotan galdetzen dute eredu agroekologiko batetik mundua elikatu daitekeen? Bai, posible da". Ildo beretik, Via Campesina erakundeak izendatutako "elikadura subiranotasuna" jomuga behar duela azpimarratu du: "Iparraldeko eta hegoaldeko nekazariek bat egin zuten, eta etsaiak ez zirela gogoratu. Herriek behar duten moduan elikatzeko erabakitzeko eskubidea izatea aldarrikatu zuten; betiere, herritarren beharrak erdigunean jarrita, natur baliabideen babes eta erabilera jasangarria eginez. Elikadura eskubide bat da, ez merkantzia gai bat". Izan ere, Ekologistak Martxan-eko kidearen ustez, elikagaia eta salerosketako produktua bereiztea gero eta zailagoa da, eta "fokua" bideratu beharra dago. "Noraezean goaz, eta narratiba arriskutsuak irentsi ditugu, benetan elikatzen duten elikagaiei 'superelikagai' izendatuta adibidez; badirudi osasuntsu jatea salbuespena dela, eta ohikoa izan behar luke horrek". Pandemian are nabarmenago geratu zen, haren arabera, sistemaren lehentasunak zeintzuk diren. "Azokak izan ziren ixten lehenengoak, inolako logika eta oinarririk gabe; aldiz, supermerkatuak, pilaketak sortu daitezkeen lekuak, ziren erosteko leku bakarra. Hor argi ikusi zen zer den ikusezin, zer den leku bat eta zer ezleku bat".
Agroekologia, iparrorratz
Eredu industrialen eta eredu jasangarriagoen arteko talkan, agroekologiak iparrorratza izan behar duela uste du Alvarezek. "Egoera aldatzeko aukerak badaude. Norberak hausnarketa egitea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da maila kolektiboan egitea, auzo eta herrietako sareak osatuz". Elikadurari lotutako politikek "bizitzarako funtsezkoak diren beharrekin" negozioa ez egitea bermatu behar dute, elikadura iraunkor baten eskubidea lehen lerroan jarrita.
Carro de Combate kolektiboko Nazareth Castroren ustez ere, ildo beretik, agroekologian pausoak ematea elikadura subiranotasunean aurrera egitea da, eta "berehalako onurak" nabarituko lirateke, testuinguru berriko "oldarraldien aurrean" prestatuago. "Osasun fisikoan nabarituko dugu, besteak beste, gero eta gehiago erabiltzen diren pestizida itxurako kimikoekin kutsatuta egongo ez delako janaria; lurraren osasunean ere nabarituko da, hori erauzteko dugun sistema honen aurrean, emankorrago egiten duelako agroekologiak; eta buru osasuna ere gehituko nuke, lurra zapaldu behar dugula ahazten dugulako maiz, eta lurrarekin deskonektatzen dugunean datozelako gaitzak".
Bionekazaritza elkarteko Marimar Jimenezentzat ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbesteko tresna izango da agroekologia. "Une honetan, klima aldaketara egokitzea da erronka nagusia; hotzetik babestera ohituta geunden, eta beharbada boniatoa landatzen hasi beharko dugu", azaldu du Arabako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteko kideak. Gainera, "errelebo falta" eta "lurra eskuratzeko zailtasuna" ere azpimarratu ditu erronken artean: "Adarretatik heldu behar zaio arazo honi, eta erantzukizun handiena erakundeek dute, beharrezko baliabideak jarri behar direlako honetan".
Elikagai ekologikoak kontsumitzearen garrantziaz kontzientziatuta dauden lagunak biltzen ditu, hain zuzen, Bioalai elkarte arabarrak, baina produktu agroekologikoekin hornitzeko zailtasunak dituztela azaldu du elkarteko Idoia Jalonek. "70 bat ekoizlerekin egiten dugu lan gaur egun, eta asmoa aurrera egitea da; bere garaian ez zegoen arraultza ekologikorik Araban, eta taldearen eskariak ekarri zuen eskaintza". 30 urte beteko ditu hurrengo urtean taldeak, eta proposamen berririk ez da falta, Gasteizen duten denda hornitzearekin batera: "Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko lotura sendotzeko saioak antolatzen jarraituko dugu; letxuga horren atzean zer dagoen jakiteak ematen baitio balioa egitasmo honi".