Aurrerapena

Jose Antonio Gonzalez Salazar, Gasteiz Konexioan jardunaldiak eta Aritz Ibarra, aste honetako ALEAn

Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 06:00

ALEAren 348. zenbakian, kontsumo ohiturei buruzko Gasteiz Konexioan jardunaldiak, Jose Antonio Gonzalez Salazar Domaikiako apaiza eta etnografoa, eta Aritz Ibarra ilustratzailearen Gasteiz 1200: defentsa amaigabea eleberri grafikoa.

  • Sakonean: Labetik saskira, eraldaketarako hamaika osagai. 'Eraldaketa lapikoan!' izenburupean, kontsumo ohiturei buruzko gogoeta egin dute Gasteiz Konexioan jardunaldietan. Ortutik mahaira, elikadura sisteman gertatzen diren desoreken aurrean, ikuspegi agroekologikoa txertatzeko beharra azpimarratu dute hizlariek. Anakoz Amenabarren erreportajea.
  • Elkarrizketak:
    • Jose Antonio Gonzalez Salazar, etnografoa: "Komunitate zaharren aztarnak dira gaur egungo kontzejuak". 82 urterekin lanez gainezka dago Gonzalez Salazar etnografoa. Urte luzez toponimia, historia eta ohiturak ikertu ditu, batez ere apaiz aritu den inguruetan: Bernedon eta Zuian. Antzinako grabazioen gidoiak osatzen ari da orain, eta baita Zuiari buruzko liburu bat idazten ere. Juanma Gallegoren elkarrizketa.

    • Aritz Ibarra, ilustratzailea: "Gertakari epiko hau oroimen kolektibora gehitu nahi dugu". Aritz Ibarra ilustratzaileak Gasteiz 1200, defentsa amaigabea eleberri grafikoa aurkeztu du. Urte eta erdiko lanari esker, hiri nafar bat zenaren setioa, erresistentzia eta konkista birsortu ditu komikian. Mikel Buruagaren elkarrizketa.
  • Gaurkotasuna eta Hamaika Saltsa:
    • Aurrekontuak, krisiari begira. Iazkoak baino aurrekontu handiagoak agindu dituzte 2023rako Gasteizko udal gobernuak (435 milioi euro), eta Arabako Diputazioak (650 milioi euro). "Ezhoiko" egoerari erantzun nahi diote.

    • Alkateak murala defendatu du. Iruña Okako alkatea "harrituta" agertu da arkitektoen elkargoak jarritako salaketagatik. EAJk gogoratu dio hasieratik ohartarazi ziotela gizarte etxeko murala egiteko baimena behar zela.

    • Herriko energia, garestiagoa. Erriberabeitia Bizirik-ek salatu du Ekian parke fotovoltaikoarekin lotutako Ekiluz enpresara aldatu diren bizilagunei %30 garestitu dizkietela argiaren fakturak. "Gardentasuna" galdegin dute.

    • Desadostasunak ibilbide berriaz. Jaurlaritzak Gasteizko tranbia Zabalganera eramateko trazadura proposatu du, baina Urtaran alkatea aurka agertu da. Oposizioak dio hegoaldean "trafikoaren kaosa" areagotuko duela ibilbide horrek.

    • Martxan da jada negurako plana. Aldundiak neguko bidezaintza plana abiatu du. Kuadrillei emandako dirua %30 handituko du aurten, erregaien kostua handitu delako eta profesionalen jarduna "gehiago baloratu" duelako.

    • Ahoz aho, helduen ordua. Heldu da kontua helduentzako euskal kontalarien zirkuitua eta kontalaritza sorkuntzaren saria sortu berri dituzte, "nagusiek ere ipuinak nahi ditugulako". Barrundian eta Iruraiz-Gaunan izango dira saioak.

    • Bideo-kopla onenei saria. Abenduaren 1ean, Julio Soto, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Andaren bertsoekin eta sari banaketarekin amaituko da bideo-kopla lehiaketa. Publikoaren eta epaimahaiaren sariak egongo dira.
  • Beste edukiak:
    • Iritzia: Iñaki Lazkano, Sorioneku gara!
    • Sarean: #IrulegikoEskua
    • Gastronomia: Disfrutometroa, Tortilla onenaren bila
    • Zozketak: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Parral Taberna eta Ainarak dokumentala
    • Euskararen Agenda: azaroaren 18tik 24ra

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago