Foru Aldundiak asteartean jarri du martxan, modu ofizialean, neguko bidezaintza plana. Operatiboa bost hilabetez luzatuko da, eta bertan 227 profesionalek parte hartuko dute, elurra kentzeko 35 kamioik eta 60 traktorek. Milioi bat euro bideratuko dute lan horietarako.
Foru errepide sareko 1.500 kilometroetan baino gehiagotan botako duten gatz eta gatzuna gordetzeko hamabi biltegi prest dituela aurreratu du diputazioak, eta "erabakiak hartzeko lagungarri" izango diren hamar estazio meteorologikoren berri eman du ere.
Carlos Ibarluzea Mugikortasun diputatuak ezagutarazi du Kuadrillekin duten hitzarmena berritu dutela, eta %30 handituko dutela errepideak garbi mantentzeko ematen dien dirua. Diputatuaren esanetan "erregaien kostua" kontuan hartu dute, eta aurten profesionalen jarduna "gehiago baloratu" dute.
Oinarrizko zerbitzuak
Orotara, biltegietan 2.840 tona gatz eta 570.000 litro gatzun gordetzeko aukera dutela iragarri dute. "Azken urteotan gatzunaren erabilera lehenesten ari gara ingurumen arrazoiengatik, eta elurraren eta izotzaren aurka duen eraginkortasunagatik", zehaztu du Ibarluzeak. Dioenez, izotzaren kontra erabiltzen diren "urgarrien herena baino gehiago" gatzuna da gaur egun.
Ohi bezala, errepide guztietan garbiketa beharrezkoa den uneetarako bi multzo bereizi dituzte: lehentasunezko errepideetan zirkulazioa uneoro bermatu nahi dute; bigarren lehentasunezkoetan, berriz, 08:00ak eta 18:00ak bitartean egin nahi dute.