Ion Gabellari buruzko dokumentala eskainiko dute bere heriotzaren 20. urteurrenean

Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 22:30

Ion Gabellaren dokumentala aurkeztu dute gaur. / Gasteizko Udala

Besteak beste, Karra Elejaldek, Unax Ugaldek, Leire Berrocal edo Joseba Belokik parte hartu dute dokumentalean.

Ion Gabella aktore gasteiztarraren bizitza eta ibilbide profesionala jorratzen duen Ion, pasión y rebeldía dokumentala aurkeztuko dute ostiralean. Florida zinema aretoetan izango da ikusgai Eloi Beatok zuzendutako filma, 19:00etan, aktore, zuzendari, musikari eta artista plastiko ezagunen, senideen eta lagunen testigantzak jasotzen dituen lana.

Dokumentalak Ion Gabella ezagutu zutenen oroitzapenak biltzen ditu eta, haien bizipen pertsonalei esker, Ionen erretratua egin dute. Bere bizitzako eta laneko ibilbideak Duranako ikastolan emandako haurtzaroko urteak biltzen ditu. Ostean irudiarekin eta soinuarekin lotutako ikasketak egin zituen Mendizabala institutuan. Hor hasi zen aktore autodidakta gisa egindako bere jarduera. Bere lana ezagutzen dutenek diote euskal agertokiek goren aldia bizi izan zuten sasoian zinema eta antzerki arloko garaiko antzezle onenetako bat izan zela.

Hogei film inguru egin zituen aktoreak eta horien artean aipatu beharrekoak dira Acción mutante eta Salto al vacío. Baina telesailak, hamaika antzezlan eta esketx ere egin zituen. Entzute handiko aktoreekin egin zuen lan: Carmen Maura, Imanol Arias edo Antonio Resines, adibidez. Tokikoen artean, berriz, Eloi Beatoz gain, beti alboan izaten zituen aktoreetako batzuk ziren Gorka Aginagalde eta Iñaki Rodaballo. Horien artean, aipatu beharrekoak dira Sobradun antzerki-talde mitikoa eta arrakasta handia izan zuten lan batzuk: Herminio y Miguelito eta 30 millones de gilipollas. Antzerki urratzailea, umore garratza eta lotsagabea oinarri zituena lantzen zuen eta sekula halakoetara joatea espero ez zuten pertsonak gerturatu zituen antzerki-aretoetara.

Metrajean zehar, besteak beste, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ana Lucia Villate, Patxi Bisquert edo Leire Berrocal aktoreek; Enrique Urbizu eta Juanma Bajo Ulloa zuzendariek; Koko Rico eta Mauro Entrialgo artista plastikoek; Joseba Beloki txirrindulariak; eta Hertzainak taldeko Gari, Bingen Mendizabal edo Triku Villabella musikariek hauek eskainitako sentimenduz betetako hitzak entzun daitezke. Honako hauek dira hura izendatzeko erabiltzen dituzten hitzak: urratzailea, menderakaitza, autentikoa, gertukoa, familiartekoa, diziplinatua, anarkikoa, magnetismo handiko pertsona…

Zuzendariak, Eloi Beatok, azaldu duenez, "ordubetean, eta bere lagunen, senideen eta lankideen eskutik, dokumentalak Ionen bizitza ezagutzen lagunduko digu, arlo pertsonala zein alderdi artistikoa kontuan hartuta. Lan honekin, Ion oroitu nahi izan dugu; izan ere, Mexikon dioten moduan, oroitzen zaituzten bitartean, bizirik jarraitzen duzu. Belaunaldi gazteenek Ion Gabella eta zineman, antzerkian eta telebistan egin zituen gauza guztiak ezagut ditzaten ere egin dugu". Beatok nabarmendu duenez, dokumentalaren beste helburuetako bat izan da Ion hazi eta pertsona gisa moldatu zuen Gasteiz islatzea. "80ko eta 90eko hamarkadetako Gasteiz underground hartako aparteko sormen-urte haiek. Ion Gabella bere saltsan ibiltzen zen".

64 minutuko iraupena duen dokumentalaren ondoren, zineforuma egingo dute. Sarrerak doan banatuko dituzte Plaza Berrian dagoen Turismoko udal-bulegoan 09:30etik 18:30era bitartean (etenik gabe) eta, banatu gabe sarrerarik geratuko balitz, Florida aretoen sarreran banatuko dira, emanaldia hasi aurretik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide