Eloi Beato

"Antzerkian zoriontsua zen Ion, eta batez ere askea"

Anakoz Amenabar 2021ko ira. 26a, 08:00

Eloi Beato aktore eta zuzendaria. / Alea

Ion Gabella aktorearen (Gasteiz, 1981-Zumaia, 2002) biografia berezia osatu dute familia, gertuko lagun eta ofizioko kideek. Eloi Beatok zuzenduta, 'Ion. Pasión y rebeldía' dokumentalak protagonistaren eta, era berean, garaiko Arabako hiriburuaren erradiografia egiten du.

Juanma Bajo Ulloa, Leire Berrokal, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, Karra Elejalde, Nerea Lekuona, Unax Ugalde... Lankide eta lagun zerrenda zabal batek osatutako kontakizunarekin prestatu dute Ion. Pasión y rebeldía  dokumentala, 2002an istripuz hil zen Ion Gabella aktoreari buruzko lana. Gasteiztarraren zaletasun, maitasun eta borrokak, aldi berean garai bateko hiriaren argazkia eraiki dutenak. Santanderren aurkeztu dute, eta azaroan ikusi ahal izango da etxean ere, Eloi Beato zuzendariak gogoratu duenez.

Nolakoa izan da harrera Santanderreko zine jaialdian?

Oso pozik gaude. Urduri geunden hasieran, baina erantzun oso ona izan zuen, harrera beroa egin ziguten. Dokumentalaren emanaldiaren ostean solasalditxo bat antolatu genuen, eta denak geratu ziren, Ion Gabella ezagutzen zutenak eta ezagutzen ez zutenak ere. Lagunentzako zirraragarria izan zen, eta ezagutu ez zutenek ezagutu nahiko zutela esaten zuten. Pozik eta harro gaude egindako lanarekin, etxean aurkezteko irrikan.

Noiz ezagutu zenuen zuk Ion?

Cristobal Baigorrik zuzendu zuen labur batean ezagutu genuen elkar, buesatarren etxean, Ciudad Jardinen. Tenisean jokatu behar genuen bi pertsonaia ginen. Aurretik, Akixo Juanma Bajo Ulloaren dokumentalean ikusi nuen, eta Alde Zaharrean ere ikusiko nuen noizbait. Baina orduan egin ginen lagun, eta handik gutxira deitu zidan Sobradun taldearen lehenengo obra zuzentzeko proposamenarekin. Herminio y Miguelito izan zen, eta handik aurrera 30 millones de gilipollas, No hay huevos! eta Hablar es de bobos... horietan zuzendari edo gidoilari moduan izan nintzen. 

"Talentu handiko aktorea zen, denetarik egiten zuen, eta diziplina handikoa"

Antzerkian bide berriak ireki zituen Sobradunek, ezta?

Sobradun ikustera joaten zen horretara ohituta ez zegoen jendea. Lengoaia probokatzaileago bat genuelako, modernoagoa, eta beharbada ustez garaiko antzerki aspergarritik aldenduta. Sobradunekin antzokiak betetzen hasi ginen, jende gaztearekin, taberna zulotik ateratzen ez ziren horiekin.

Antzerkia zen Ionen pasioetako bat, ezta?

Bai, dudarik gabe. Antzerkian libre sentitzen zen. Bera ekoizleetako bat zen, eta, beraz, zer egin erabakitzen zuen. Guk ez genuen autozentsuratzen ibili beharrik, are gehiago, Maurok [Entrialgo] eta biok idazten genituen obrak, eta erabateko askatasuna genuen. Bera zoriontsua zen antzerkian, eta batez ere askea.

Nolako aktorea zen?

Talentu handikoa zen, denetarik egiten zuen, komedian zein draman bikain aritzen zen, eta nik batez ere bere diziplina nabarmenduko nuke: entseguetara joaten, testua ikasten, dena behar beste aldiz errepikatzen... Segurtasuna ematen duen aktore horietako bat, beti maila emango duena.

Egin zituen lanen artetik, zein nabarmenduko zenuke?

Antzerkian beti gogoratzen dut Clorita izeneko pertsonaia bat No hay huevos! obran: iraupen luzeko langabea, alferra eta hedonista. Zoragarria. Eta zineman, ikaragarri dago Todo por la pasta pelikulan, esate baterako, baina Acción Mutante pelikulan ere gogoratu behar, ezkontza erdian tartatik tiroka ateratzen zen laguna, edo Gente Pez pelikulan egindako lana...

Pertsonaia jakin batzuetarako bakarrik deitzen omen zuten...

Hori zen bere kexa. Bigarren mailako paperak eta maltzurrenak bakarrik ematen zizkiotela. Baina uste dut aktore guztien kexa dela hori. Halere, zine ibilbide ikaragarria egin zuen, garaiko handi guztiekin: Urbizu, Kalparsoro, Alex de la Iglesia... Zine curriculum itzela. Nahi bai beste aktoreek horrela sailkatuta egotea! 

Nola gogoratzen dute lagun eta lankideek?

Dokumentalean 30 bat lagun ateratzen dira, gertukoak eta ofiziokoak, eta egia da protagonistaren ibilbide aberatsa osatzen dutela. 80ko Gasteiz hartan nola mugitzen zen imajina dezakegu. Normalean bospasei lagun min izaten ditugu denok, eta arreta eman dit zenbat zituen Ionek; kontatzen dutenagatik, harekin bizi izandakoagatik benetako lagunak ziren, eta ikusi dut lagun min sorta hori zabala dela. Eta, bestalde, lagunek ezagutzen ez genituen bitxikeria ugari agertu dira; besteak beste, Arabako gobernadore zibilaren alabaren mutilaguna izan zela aldi batez, kar-kar. Baina nola ez zidan hori lehenago kontatu?

Boxeoan ere aritzen omen zen.

Eta hori ezagun askok ere ez dute ezagutzen. Boxing Clubean aritu zen, Jose Luis Zelaia entrenatzaile, eta Mallorcan borrokaldi amateur batean ere parte hartu zuen. Ezusteko ugari utzi ditu dokumentalak.

Eta, era berean, Gasteizen erradiografia egiten da, ezta?

Ezinbestean, lekukotasunekin 80ko Gasteiz haren argazkia osatzen doa. Martxoaren 3a ezin ahaztu, mugimendu underground haren pizgarria. Alde Zaharrean izan zen mugimendu alternatiboaren erakuslea da; bera Zapatari kalean bizi zen, ni Kutxin, la gente rula... Ikastolako garaiak ere gogoan dira dokumentalean; Ikasbidean izan zenekoa, Korroskadako Triku edo Joseba Beloki ikaskideekin, edo aurretik ikastola klandestinoan...

Irudikatzen duzu Ion Gabella gaur egun...?

Dokumentalean egiten dugun galderetako bat da hori. Uste dut borrokan jarraituko lukeela, bere gorabeherekin, baina profesio honetan lanean. Arima libre bat, bere aldarrikapenekin Gasteizko muinoan gora eta behera. Bertan jarraituko luke, Alde Zaharrean, bere babeslekuan, nahiz eta lanerako Madrilera edo Indiara joan behar izan. Maila pertsonalean ume handi bat zen, eta hala imajinatzen dut.

'Ion. Pasión y rebeldía' dokumentalaren irudia. / Clementine

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago