Azaroaren 25eko 19:00etan, Gasteizko San Anton plazatik abiatuko da Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Eguneko Arabako manifestazio nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur eman du Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan antolatuko dituen mobilizazioen berri.
"Beldurra eta kontrola" izango dira aurten indarkeria matxistari aurre egiteko mugimendu feministak salatuko dituen elementu nagusiak. Horien aurrean "justizia feminista" aldarrikatuko dute, gainera, eta horretarako emakumeak "antolatuta" daudela ohartarazi dute. Iazko mobilizazioetan, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatu zituen mugimendu feministak.
"Nazkatuta gaude urtero salaketa eta aldarri berdinak egiteaz, indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duen bitartean", salatu du mugimendu feministak. "Argi utzi nahi dugu soilik borrokaz, saretzeaz eta antolakuntzaz posible dela aurrera egitea eta indarkeriarik gabeko bizitzak erdigunean jartzea".
Horrez gain, aurten mugimendu feministaren "kriminalizazio saiakera sistematikoa" salatu dute bereziki, "indar polizialen zein instituzioen aldetik". Eraso horien aurrean, "emakumeen eta sexo-genero disidenteen borroken eta bizitzen kontrola lortzeko" helburua azpimarratu dute, baita "elkar zaindu eta elkar babesteko" beharra ere. "Justizia gure gain hartuko dugu, eta autodefentsan sakontzen jarraituko dugu", ohartarazi dute.
"Emakume eta sexu-genero disidenteen bizitzak egunero kolpatzen dituen indarkeria anizkoitzekin amaitzeko ordua da; ardura, denona da. Eraldaketa gure esku dago, eta horretarako feminismoan kolektiboki borrokatzen jarraitu behar dugu. Antolakuntza feministaz boteretu gaitezen", aldarrikatu dute
Lau hiriburuetan antolatutako manifestazioez gain, askotariko ekintzak, mobilizazioak eta ekitaldiak Euskal Herriko herri eta auzoetara zabalduko dira ere, urtero bezala.
Laster, Arabako hitzorduen berri emango dugu ALEAn. Bidali zure herri edo auzoko deialdiak erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez (645 66 86 02 telefono zenbakira).