Emakumeak mendiko kiroletan existitzen direla, protagonistak direla eta praktika desberdinetan erreferente ere izatera iritsi direla erakusteko asmoarekin egin dituzte Emakumea eta Mendiari buruzko lehen jardunaldiak, Gasteizen. Arrakasta handiz amaitu berri dira, gainera, Esther Merino Arabako Mendi Federazioko zuzendaritzako kideak azaldu duenez. "Emakume kirolarien indarra eta grina erakusteko balio izan dute topaketa hauek, inguruko jende asko hurbildu da hitzaldietara, eta askok aitortu dute jardunaldiei esker ezagutu dutela lehen mailako kirolari hauen ibilbidea". Lehendabiziko aldia da, gainera, Euskal Herrian, emakumeen klubak mendiko kirolen inguruko jardunaldi batzuetan protagonistak direla. "Mendiaren inguruan beti, hitzaldi ia guztietan, gizonen ahotsak entzuten ditugu, eta esperientzia izugarri polita izan da zortzi emakume hainbeste gogoz eta bizitasunez hitz egiten entzutea", esan du Merinok.
Jardunaldien formatua ere oso ondo baloratu dute bertaratutakoek, eta topaketak errepikatzeko gogoz geratu dira antolatzaileak. "Garrantzitsua da emakumezko kirolariak ezagutaraztea, kasu honetan, gure lurraldekoak", azpimarratu du Merinok.
Gonbidatuen artean izan dira mendiko federazioaren parte diren lau emakume talde: Gaikar-Zortzietako mendi korrikalariak, ELLAbikes mendiko bizikletan ibiltzen diren emakumeak, mendian eta eskaladan aritzen diren Neskalatzaileak, eta ipar martxan Espainiako txapela hiru urtez jarraian –2019an, 2021ean, eta 2022an– irabazi duen Hazten kirol kluba.
Hain zuzen, igandean Urnietan jokatu den Euskadi eta Nafarroako I. Ipar Martxa Koparen txapela ere irabazi du Hazten klubak; eta taldeko kide eta instruktore Arantza Pinedo, Hego Euskal Herrikoaz gainera, Espainiako emakumezkoen kategoria absolutuko txapelduna da, baita Arabakoa ere. 2015etik mendi federazioaren barruan dagoen kirola da ipar martxa nordikoa, eta orain dela bi urte sortu zen ere Euskadiko erkidegoko ipar martxa selekzioa. Halere, oraindik oso ezezaguna da bi makilen kirola, eta horregatik nabarmendu du Pinedok Emakumeak eta Mendia jardunaldien garrantzia. "Minoritarioak diren kirol hauek ezagutzera emateko aukera eman du, are gehiago emakumeak praktikatzen ditugunean. Federaziotik edo administrazioetatik ekimen hauek ez badira egiten, guk ezin dugu ezer egin".
"Mendiko makilekin ikusten duzun guztia ez da ipar martxa nordikoa, ez da nahastu behar"
Hazten taldeko emakumezkoek denbora luzez erabat ezezagunak izan arren, azken urteetan lortu dituzten sariei esker, pixkanaka espazioak okupatzen ari direla uste du Pinedok: "Azken bi urteetan irabazi ditugun txapelketengatik zenbait hedabidetatik deitu digute, eta lortu ditugun sarien berri eman dute; lehen, ordea, ez zen inor enteratzen, ez zegoen interesa; ni 2017an txapeldun izan nintzenean ez zen inor enteratu".
Kirol modalitate oso teknikoa
Hamahiru enakume daude gaur egun Hazten kirol klubaren lehen mailako taldean, denak 45 urtetik gorakoak. "Jende gaztea ez da animatzen, ez dute kirol modalitate bezala ikusten, gehiago lotzen dute aisialdiarekin kirol bat praktikatzearekin baino", azaldu du Pinedok; eta gaineratu du ezin dela nahastu ipar martxa makilekin praktikatzen den beste edozein jarduerarekin. "Mendiko makilekin ikusten duzun guztia ez da ipar martxa; gauza bat da mendiko makilekin ibiltzea, baina ipar martxak teknika berezia eta tresna bereziak erabiltzen ditu, trekking egiteko makilek ez dute balio ipar martxa egiteko, ez da nahastu behar".
Jatorria herri nordikoetan du ipar martxak, iraunpen-eskian hain zuzen, eta oso kirol teknikoa da: "Makilak posizio zehatz batean joan behar dira, besoak eta oinkadak berdin; beraz, txapelketara joaten zarenean, teknika ondo egiten ez baduzu, zigortu egiten zaituzte, martxa atletikoan bezala". Lehiatzeko helburua izanez gero, teknika hori entrenatu behar da, alde fisikoa ere landu behar da, eta denbora asko dedikatu behar zaio kirolari. Hala, astean bost egun entrenatzen dute Hazten-eko kirolariek. "Serio hartu behar duzu. Lehiaketetan parte hartzeko motibazioa behar da".
"Zergatik ez?"
Pinedok azaldu duenez, Burgun, uda batean, orain dela hamahiru urte sortu zen Hazten. Bertako Udalak jarduera bezala antolatu zuen ipar martxa nordikoa, eta Pinedorekin batera beste lagun batzuek izena eman zuten. Azkenean, bederatzi lagunen artean –emakumeak eta gizonak– sortu zuten kluba. "Ipar martxaren zale amorratuak ginen, eta kirola praktikatzeko eta ezagutarazteko asmoarekin sortu genuen kluba". Lehiaketetan parte hartzeko urratsa beranduago egin zuten. "Taldean gaudenak ez gara inoiz beste kirol batean lehiatu, lehenbiziko aldia zen lehiatzen ginela, eta horretarako motibazioa behar da. Ni lehiatzen hasi nintzenean, nire buruari galdetu nion: Zergatik ez? Zergatik ez dut lehiatu behar?". Dena den, lehiaketatik kanpo ere ipar martxak ona da edozein adineko pertsonarentzat, "eta hori oso motibagarria da".
Neskalatzaileak, errelebo bila
Makilak bezala, paretak ez du generorik. Hala frogatzen ari dira azken urteetan eskaladara batu diren neska gazte ugari. Ana Ruiz Neskalatzaileak taldeko kideak azaldu duenez, emakume asko daude eskalatzen: "Hamabi urtetik aurrera neska asko ikusten dira rokodromoetan. Gasteizko rokodromoak txiki geratu dira, gainezka daude; beraz, udalak horretan zerbait egin beharko luke. Hemen, urritik apirilera kirola barruan egiten duzu, eta espazio falta dago".
Orain dela hamazazpi urte, ordea, Neskalatzaileak sortu zutenean, oso bestelakoa zen panorama. Ariznabarreko rokodromoa bakarrik existitzen zen, eta soilik sei edo zortzi emakume aritzen ziren eskalatzen. Hain zuzen, mendian oso emakume gutxi ikusten zituztelako sortu zuten taldea Ruizek eta Idoia Rubialek. "Gure filosofiak ez du zerikusirik beste talde batzuen filosofiarekin; ez ginen lehiatzeko sortu, gure asmoa emakumeak gero eta gehiago mendian ikustea eta agerian jartzea zen". Halere, Ruizek zehaztu duenez, emakumeak eta gizonak daude hasieratik klubean: "Zentzu horretan, ez da emakumezkoen kluba, baina helburua bada emakumeen kirola sustatzea". Hala, urte hauetan, mendian, edozein modalitatetan ibiltzen hasi nahi izan duten emakumeek topagunea eta laguntza aurkitu dute taldean. "Urtean irteera batzuk antolatzen genituen mendira, edo orientazioa egiten genuen, ferratak ere egin ditugu, eskalada, zeharkaldiak…, eta bultzatu dugu emakumeak horretan aritzea. Gure helburua hasieratik da denak elkarrekin ateratzea eta denak elkarrekin itzultzea, hortaz, arauz kanpoko klub bat izan gara".
"Beldur asko ditugu, baina ez dugu ezer egin behar ohiz kanpo balora gaitzaten"
Gaur, berriz, erreleboaren beharra dute sustatzaileek. "Denak du hasiera eta amaiera, eta guretzat fase batekin amaitzeko momentua iritsi da", aitortu du Ruizek, eta gaineratu du badakitela zaila dela klub bat eramateko erronka. "Oso jende gutxi dago klubetan, eta geratzen diren guztiak adinez oso nagusiak dira. Federatuak ez, baina klubak gainbeheran daude; orain jendea gehiago mugitzen da modu independentean, furgoneta hartzen dute eta horrela antolatzen dira". Taldeen funtzionamenduan beste arazo bat ere aipatu du Ruizek: "Asko aldatu da taldearen ardura, orain edozein gauzagatik salatzen zaituzte, edozein istripu baldin badago arduraduna zara, eta horrek ere atzera botatzen zaitu. Orain, klubetan, gida profesionalak kontratatzen dituzte, badaezpada".
Nora jo jakin gabe
Taldeen falta hori gazteentzat traba dela uste du Ruizek, lehen urratsetan laguntza behar dutelako. "Arazoa da harrira ateratzea; rokodromoa hor dago, baina jende gazteak laguntza behar du, materiala erosi, mugitu, eta hori guztia oso garestia da". Emakumezkoen kasuan ere nora jo jakin gabe zailagoa suertatzen da hastea. "Guregana etortzen ziren neskak beldurra zutelako edo eskalatu nahi zutelako eta ez zekitelako nora jo; eta orain horrekin dugu arazoa, neska asko dago talderik gabe; lehen, rokodromoetan familientzako ikastaroak egiten ziren, baina hori desagertu da, eta ez dakigu jendea nora bideratu. Uste dugu federazioak pilak jarri behar dituela eta zerbait antolatu, ikastaroak eskaini emakumeei zuzenduak eta emakumeek emandakoak, ilusioa eta eskaera badago, eta instruktoreak ere".
Bestalde, emakume kirolariak ezagutzera emateak duen garrantzia nabarmendu du eskalatzaileak, eta Arabako Mendi Federazioaren emakumeen batzordea egiten ari den lana eskertu du. "Sarritan, beldur asko ditugu, egiten duguna kaka bat dela pentsatzea..., eta konturatu behar gara ez dela ohiz kanpo ezer egin behar balora gaitzaten".