Lehia osagai garrantzitsuaz harago, batez ere festa bat da Behobia, ia 30.000 korrikalari batuko dituen ospakizuna. Hori ondo azpimarratu du Carlos Villalbak (Ibarra, Ecuador, 1947), Irun eta Donostia arteko lasterketara 35 bat aldiz batu den korrikalariak. Aurtengo jai erraldoiaz gozatzeko prest dago, baita ere, Saioa Perez de Muniain (Araia, 1997), bere lehendabiziko Behobiaren atarian, eta Villalbak kontatutako bizipen eta gomendioei arretaz entzun die.
Parte hartzea da garrantzitsuena haren ustez, familiarekin egun-pasa ederra egitea, baina lasterketa on bat bete eta bere markari eusteko asmoa ere badu. "Joko moduko bat dut nire denbora neurtzeko. Irabazlearekin alderatuta, 50 urte gehiago eta 20 kilo gehiago ditut. Gutxi gorabehera irabazleak egiten duen halako bi egin izan dut azken urteetan, eta horri eutsi nahi diot aurten ere". Ordea, korrika egin bitartean, inorekin ez konparatzea garrantzitsua dela uste du Villalbak, eta norberak bere erritmoa bilatzea. "Eroso joan behar duzu, gehiegi behartu gabe. Oso leun hasi behar da, eta hamar bat kilometrora nabarituko duzu erritmoa mantendu edo bizkortu dezakezun. Azken bi kilometroetarako indarra gorde behar da, orduan bai, ziztu bizian egin, ederra da!".
"Entzun dut Miracruzen inguruan... horren gogorra al da?"
Saioa Perez de Muniain, korrikalaria
Bizitzaren pare, Behobian ere "disfrutatu eta sufritu" egiten dela gogoratu du. "Asko gozatzen den bezala, asko sufritu daiteke momentu batzuetan; baina hori da bizitzaren artea ere, sufrimendua igarotzeko gai izatea". Gipuzkoako lasterketan bada korrikalarientzako "kezka" gune bat, eta horren inguruan galdetu du Perez de Muniainek ere: "Entzun dut Miracruzeko gainaren inguruan... Horren gogorra al da?". Azkeneko aldapa da, eta sufritzen denik ez du ezkutatu Villalbak: "Aldapa gogorra da. Erritmoa jeitsi behar da aldapetan, batzuetan oso-oso motel igaro behar da. Baina Miracruzen ostean bospasei kilometro datoz behera, eta hori polita da, helmuga laster dela esan nahi du horrek".
Emakume gehiago
Euskal Herriko lasterketarik jendetsuenean 29.732 lagunek eman dute izena, eta inoiz baino emakume gehiago dago: %28. Horien artean izango da Saioa Lopez de Muniain, lehenengo aldiz. Donostiako Bulebarrera "sentsazio onarekin" iristea du helburu. "Hasierako momentuan nire erritmoa gehiegi ez bizkortzea da asmoa, eta ondo amaitzea. Oso poliki egiten dut korrika, eta, entrenatutakoaren arabera, asmoa 2 ordu eta 20 minutuan egitea da". Errepidea baino, Perez de Muniainek nahiago du mendia, baina ez du Behobia-Donostiako festa galdu nahi izan. "Hau izango da korrika egiten dudan proba luzeena; menditik martxak egiten hasi naiz, eta lehenengo mendi lasterketa egiteko ere prestatzen ari naiz". Araia inguruetako baso eta mendietan bilatzen du txokoa horretarako.
Villalbak, berriz, Gasteizko Eraztun Berdean egiten du entrenamendua, "paraje pribilegiatuan", tartean errekuperatzeko egunak utziz. "Gazteek egunero egin dezakete, baina nire gorputzak denbora gehiago behar du errekuperatzeko, tartekatu behar izaten dut". Kirol pixkat egitea da bere asmoa, eta lehiaketa batean parte hartzeak motibatu egiten du: "Bestela beti jartzen dugu aitzakiren bat ez egiteko. Juan Luis Arsuaga antropologoak dio gizakien gorputzak bi etsai dauzkala: azukrea eta aulkia. Zeozer egin behar da".
"Publikoaren aldetik izaten den erantzuna ez da beste inon izaten"
Carlos Villalba, korrikalaria
Beste lasterketa batzuetan ere parte hartu ohi du, baina Behobian izaten den giroaren modukorik ez du ezagutu. Gogoan du korrikalari guztiak batera ateratzen ziren garaia, irteera taldeka egin beharrean. "Masifikazioa asko nabari da azken urteetan, eta horrek baditu alde kezkagarriak, antolakuntzari begira edo alde ekologikoari begira esaterako, ez baita batere jasangarria. Baina, aldi berean, hainbeste jende ikustea oso erakargarria da, eta honetan publikoaren aldetik izaten den erantzuna ez da beste inon izaten".
Semeekin batera egingo du korrika aurten lehendabiziko aldiz Villalbak, "eta familia osoarekin ospatzeko eguna izango da ondoren". Perez de Muniainen inguruko lagun ugarik ere parte hartuko dute Behobian, baina bere kontura egingo du: "Lasterketaren ostean, hondartzan bainua hartu eta pintxorik ez da faltako". Festa haster atzera kontua hasi da.