Elebitasuna eta zahartze osasuntsua ikertzen ditu Patricia Fuente hizkuntzalariak (Leon, 1998) EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Departamenduan. Irene de la Cruz Pavia ikertzailearen zuzendaritzaren pean, doktoretza tesian argitu nahi du norainoko eragina duen elebitasunaren faktore bakoitzak. Zientzia Astean gaiari buruzko hitzaldia landu du.
"NARRIADURA KOGNITIBO BATEN HASIERA ERRAZAGO ATZEMATEA DA AZKEN HELBURUETAKO BAT"
Laborategitik atera berritan harrapatu zaitugu. Zertan ibili zara?
Psikolinguistika laborategian esperimentu saioak egiten dugu, hizkuntza eta kognizioa aztertzeko. Argitu nahi dugu gogo elebidunaren zein dimentsiok eragina izan ahal duen zahartze osasungarri batean. Zehazki, ea elebidun izatean zahartze hobea dakarten abantaila kognitiboak eskuratzen ote diren. Besteak beste, parte hartzaileen profil soziolinguistikoa egiten dugu. Izan ere, elebitasun mota asko egon daitezke. Adibidez, zer adinetan jaso duten hizkuntza, edo zein erabilera egiten duten. Hau garrantzitsua da, saiatzen ari garelako ebazten elebitasunaren zein dimentsiok faboratzen dituzten kontrol exekutiboaren dimentsio desberdinak.
Asko hitz egin da elebidun izateak garunean dituen abantailez. Noraino dakigu benetan hala dela?
Terminoa bera ez dut gustuko, gaizki interpreta daitekeelako. Berez, zientziaren ikuspegitik, ez da horrela, baina ulertzeko modu bat izan daiteke. Ezagutzen da elebitasunak garunaren zahartze hobea faboratzen duela; guk erreserba kognitiboa deitzen duguna da. Baina jakin nahi dugu adinean aurrera egin ahala nola eboluzionatzen duen. Orain arte asko ikertu da gazteen artean hizkuntzaren prozesamenduaz, baina asko falta da ikertzeko adinekoen artean.
Zer lortu daiteke ikerketa hauekin?
Besteak beste, errazago atzeman ahalko dugu narriadura kognitibo baten hasiera. Ikerketak egin dira alzheimerrarekin eta bestelako dementziekin. Afasien kasuan, esaterako, elebidunak hobe berreskuratzen dira iktusaren ondoren. Alzheimerraren kasuan, elebitasunak bost urtez atzera ditzake sintomak. Horregatik ere garrantzitsua da hau ikertzea, are gehiago gero eta zaharkituagoak dauden gure gizarteetan. Bizi kalitatea handitzeaz gain, gaitz hauen tratamenduaren kostuak ere gutxituko ditugu.
Bi hizkuntza baino gehiago menderatzeak onura gehiago ekar liezaioke garunaren zahartze osasuntsu horri?
Gu oraintxe bertan soilik elebitasuna ikertzen ari gara, eta horretan abantaila horiek ikusten ari gara. Baina, hizkuntzalari gisa, esango nuke bi hizkuntza baino gehiago menderatzeak inoiz ez dizula kalterik egingo. Garai batzuetan gaizki ikusita zegoen umeei hizkuntza batean baino gehiagotan irakastea. Orain badakigu mito faltsuak zirela, bi hizkuntza batera irakastean akaso zertxobait atzeratuko dela ezagutza, baina gero ume horrek abantaila asko izango dituela.
Noraino da posible bereiztea elebitasunaren abantaila hori beste jardun kognitiboetatik? Irakurtzetik, idaztetik...
Hori oso interesgarria da, eta, berez, gure galdetegietan kontuan izaten dugu. Adibidez, jakin badakigu hezkuntza maila altua izatea, bizitza sozial zabala garatzea, edo ahalegin intelektuala dakarren lanbide bat izatea... faktore horiek guztiek erreserba kognitiboa faboratzen dutela. Horregatik, faktore horiek bereizten saiatzen ari gara. Esperimentua bukatzean ahaleginduko gara argitzen norainoko indarra duen faktore bakoitzak. Baina tentuz hartu behar da. Hau kirola egitearen parekoa izan daiteke: ariketarekin hobe zaharkituko gara, eta gaitz kardiobaskularrak izateko arriskua txikiagoa izango da. Baina ez da faktore bakarra.
Alzheimerra ikertzen dutenek diote funtsezkoa dela gaitza garaiz atzematea...
Egia. Horregatik, gero eta gehiago jakinda, orduan eta gehiago atzeratu ahalko dugu gaitzen agerpena. Alzheimerraren kasuan, garatzekotan, agian elebidunak 65 urte dituenean garatuko du, 60 urterekin garatu beharrean. Bueltan, gaitzaren garapena azkarragoa izango da elebidunaren kasuan. Baina bizi kalitatean bost urte irabazi ditu.
Zientzia Asterako prestatu duzun hitzaldian, zer landu duzu?
Komentatu dugun honetaz gain, taldeko beste kide batzuen ikerketa ildoak jorratu ditut. Aurresangarritasunaren rola da horietako bat. Esaten dizudanean egarri naizenez, iturrira joango naiz..., seguru aski zure garunak ...edatera aurreikusiko du. Gaitasun hori bizitzan zehar nola aldatzen den aztertzen ari dira. Bitxia eman badezake ere, gero eta zaharragoak izan, orduan eta hobea da gaitasuna, prozesua modu geldoagoan egiten den arren. Hor esperientziaren pisua dago. Beste talde batean, hitzak garunean nola gordetzen diren ikertzen ari dira; zahartzean, gertatzen da zerbait esan nahi dugula, eta ez datorkigula gogora. Garunak sare semantikoen arabera gordetzen du informazioa, eta antzeko esanahia duten terminoek lotura sendoagoak dituzte. Bada, jakin nahi dute urteekin hau aldatzen ote den, narriadura kognitibo baten adierazleak garaiz atzemateko.