Larunbat honetako eguerdian amaitu da Arabako bederatzi udalerritan 2023ko udal hauteskundeei begirako zerrendaburu izango diren pertsonak hautatzeko prozesua. Zehazki, Agurain, Oion, Guardia, Iruña-Oka, Bernedo, Donemiliaga, Lapuebla de Labarca, Urkabustaiz eta Trebiñuko hautagaiak berretsi dituzte bilkideek, kasu guztietan hautagaitza bakarra zegoen arren.
Agurain: Raul Lopez de Uralde
Raul Lopez de Uralde (47 urte) izango da Aguraingo alkategaia, bigarrenez. Sukaldaritza ikasketak egin zituen Gamarrako ostalaritza eskolan, eta Txagorritxuko sukaldean eta 21 urtez Miko-Nestlé-Froneri enpresan lan egin du. EH Bilduko kidea da sorreratik, eta gizarte mugimenduetan ere parte hartu du. Gaur egun, Uraska Kultur Elkarteko presidentea da. Familiarekin eta lagunekin egotea gustuko du, baita semearen futbol partiduak ikustera joatea ere.
Donemiliaga: Erika Letamendi
Erika Letamendi Hurtadok (36 urte) Donemiliagako alkatetza berresteko asmoa du. Hiru umetxoren ama da, eta Gasteizko San Prudentzio egoitzan lan egiten du, erizan laguntzaile teknikari gisa. Jaiotzez gasteiztarra izan arren, bere arbasoak Lautadako Axpuru herrian ditu, horregatik Narbaxako herrian bizi da bere familiarekin, herriko bizitzaz gozatuz. Donemiliagako alkatea da 2019. urtetik.
Oion: Jose Manuel Villanueva
1966an Cadizen jaioa, 1970etik Oionen bizi da. Lehen graduko Lanbide Heziketa egin zuen, eta sukaldari gisa lan egin du. Ezkondua eta bi biloben aitona da. 2011etik, EH Bilduren zinegotzia izan da Oionen.
Trebiñu: Ritxar Astegieta Arrieta
48 urte ditu eta adimen desgaitasuna duten pertsonen zaintzan lan egiten du APDEMAn. Horrez gain, Trebiñuko euskararen aldeko herri mugimenduetako kidea, sindikalista eta talde antimilitaristetako partaidea da, besteak beste.
Urkabustaiz: Xabier Alvarez de Arcaya Fernandez de Landa
Xabi Alavarez de Arkayak ere Urkabus-taizko alkatetza berresteko helburua du. Urkabustaizen duela 59 urte jaioa, Elektronika eta Elektrizitatean ikasketak ditu eta Telefonican lan egin du 1982tik, bertan enpresa batzordeko kide eta presidentea izanik. Egun, Urkabustaizko alkatea da, eta, aurretik, Abornikanoko Batzar Administratiboko presidentea izan zen, AKE-ACOA Arabako Kontzejuen Elkarteko batzarrean parte hartuz.
Lapuebla de Labarca: Carlos Errasti
Arrasaten jaio zen duela 62 urte, eta Lapuebla de Labarcan bizi da duela 38 urte. Lehen Hezkuntzako irakaslea, kirola, musika, irakurtzea eta lagunekin egotea ditu gustuko. 2011tik 2019ra bitartean, EH Bilduren zinegotzia izan da Lapuebla de Labarcan.
Iruña Oka: Davide di Paola
Napolesen jaioa, 65 urte ditu. Goi mailako ikasketak ditu, eta itzultzailea da. Egun, Lanbiden lan egiten du. Trespondeko Batzar Administratiboko presidentea izan da 2001etik 2021era. Iruña Okako ur-partzuergoko presidentea izan zen 2012tik 2015era, eta 2015etik Iruña Okako EH Bilduren bozeramailea izan da.
Bernedo: Eneko Mendaza Foronda
35 urteko Eneko Mendaza Foronda lehen aldiz izango da Bernedoko zerrendaburua. Gasteizen jaioa, Bernedon bizi da, eta Gasteizko Michelin lantegian egiten du lan. Elektromekanikako Erdi Mailako Gradua eta Ingurumeneko Ikuskaritzako ikastaro bat ditu. Bere zaletasunen artean, bidaiatzea, mendia eta animaliak.
Guardia: Angel Coca
Guardian bizi da, eta 60 urte ditu. Mekanika hidraulikoko ikasketak ditu, eta bero-instalazioak muntatzeko eta mantentzeko sektorean lan egiten du, baita iturgintzako zein berokuntza eta etxeko klimatizazioko lanetan ere. 2013tik, EH Bilduren bozeramailea da Guardiako Udalean.