Kezka zabaltzen ari da nekazaritzaren etorkizunaren gainean. Urtean bota duen euri apurrak uztan eragin zuzena izan du, eta laborantzari lotutako gastuak biderkatu dira, erregaiaren eta ongarri sintetiko eta fitosanitarioen prezioen gorakada dela eta. Arazo horiei aurre egiteko laborantza eredu berri batean jarri dute arreta zenbaitek: nekazaritza birsortzailean. Ogibide horren etorkizuna bermatzeko baliagarria izateaz gain, egun nagusi den eredua baino jasangarriagoa dela azaldu dute eredu hori ikertu dutenek. Landa eremuko herrientzat pizgarria ere izan daiteke, ekonomia sozial eta eraldatzaile baten eskutik. Eraldaketak, baina, denbora eta apustu irmoa behar duela ohartarazi dute.
Nekazaritza birsortzailea naturaren berezko prozesu ekologikoetan oinarritzen da. Hau da, naturan inolako esku hartzerik gabe gertatzen diren prozesuak imitatzen saiatzen dela azaldu du David Gonzalezek, Sustraiak Habitat Design kooperatibako kideak. Prozesu horiek askotarikoak direla gaineratu du. Hasteko, "lur lantzerik gabeko" nekazaritza proposatzen du. "Baso bat ikusten dugunean lurra beti dago estalita: dela orbelarekin, dela belarrarekin… Naturan, normalean, ez zaio buelta ematen lurrari, eta, horri esker, lur azpian gertatzen diren prozesu mikrobiologikoak mantentzen dira".
Prozesu mikrobiologiko horien garrantzia nabarmendu du Gonzalezek. Bi arlotan jarri du arreta. Lehenik eta behin, azaldu du "harreman sinbiotiko" bat ematen dela lur azpiko mikroorganismoen eta landareen artean. Landareek azukre molekulak lurrera pasatzen dituzte sustraien bitartez, eta lurrean dauden onddo, bakteria eta bestelako mikroorganismoek azukre horiek jaso eta ongarri bezala bueltatzen dizkiote landareari. "Lurrari buelta ematean estruktura hori apurtu, mikrobioak azalean geratu, eta hil egiten dira". Bigarrenik, azaldutako prozesu sinbiotiko horri esker lurra karbono dioxido biltegi bihurtzen da, baina lurra apurtzean karbono hori berriz askatzen da.
"Nekazaritza eta abeltzaintza uztartzeko apustua egiten du, berriz ere, nekazaritza birsortzaileak"
David Gonzalez, Sustraiak
Lurra beste modu batean landu daitekeela gaineratu du Gonzalezek. "Lehen laia erabiltzen zutenek ez zioten lurrari buelta osoa ematen, adibidez; lurra aireztatu, baina zegoen moduan uzten zuten, hein handi batean". Nekazaritza estentsiboan halako ideia ezartzea zaila dela aitortu du Sustraiakeko kideak, baina beste aukera batzuk sortzen ari direla gaineratu du, estalki-laboreak kasu. Horren bitartez lurra estaliko duen labore bat jartzen da, eta, zikloa amaitzen duenean, hiltzen denean, lurra babesteaz gain ongarria ere izango da. "Horren gainean beste laborantza bat jar daiteke ereite zuzena eginez; beraz, nekazaritza estentsiboan egin daiteke", azaldu du Gonzalezek.
Askotariko landareak batera
Nekazaritza birsortzailearen oinarriek, esan bezala, naturaren prozesuetan dute oinarria: biodibertsitatea bultzatzen du, batez ere kultibo aniztasuna, horien errotazioa… Ildo horretan, lur sail berean laborea eta zuhaitzak uztartzea proposatzen du: fruta arbolekin lerroak egin, eta horien erdian geratzen diren kale zabaletan laborea erein, garia kasu.
Beste printzipio garrantzitsu bat da, nekazaritzara bideratuko diren eremuetan, abereak sartzea. Ideia hori azken hamarkadetan finkatutako lan egiteko moduen kontra doala hausnartu du Gonzalezek. "Esan digute nekazaritzak alde batetik joan behar duela, eta abeltzaintzak beste alde batetik; nekazaritza birsortzailearen apustua da biak uztartzea, berriz ere". Abereak lursailetan modu egokian kudeatuz gero, ongarriaren zikloa ixten dela nabarmendu du Sustraiak Habitat Designeko kideak, "lehen egiten zen bezala".
Neiker, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, 2012an hasi zen aztertzen abereen larratzea modu jasangarriagoan egiteko modua. Hiru irizpide mantendu dituzte hori egiteko: zelaiak zati txikietan banatu, animali asko sartu eta denbora gutxian izan, eta, animaliak atera ondoren, zelaiari atseden denbora eman. Horri esker belar ekoizpen handiagoa lortu dute, baita lurrean karbono dioxido gehiago finkatzea ere.
Azkenik, uraren kudeaketari arreta berezia eskaintzen dio nekazaritza birsortzaileak. Ura kudeatzeko key line izeneko sistema baliatzen du. Horrekin lortzen dena da, batez ere, lurzoruetan mugitzen diren urak baretu eta lurrean bertan infiltratzea. Horretarako, lursailaren topografiara egokitutako diseinu bat egiten da, euriak utzitako ahal beste ur hartzeko. "Ahal bada, toki batzuetan urmaelak sor daitezke, grabitate indarren bitartez ureztatzeko", azaldu du David Gonzelezek.
"Beharrezko" prozesu geldoa
Aurrez aipatutako guztia martxan jartzeko denbora behar dela azpimarratu dute Sustraiak Habitat Designetik eta Neikerretik. Kasu batzuetan lurra bera lehengoratu behar da, azken hamarkadetan egindako laborantzak kalte egin diolako. David Gonzalezek aipatu du lurraren emankortasuna neurtzeko adierazle bat dagoela: lurrean dagoen materia organikoaren batez bestekoa. Bada, Sustraiakeko kideak azaldu du aztertu dituzten lurretan, batez ere Gaztelan (Espainian), materia organikoa %1 baino gutxiago dela. "Lur hori ia hilda dago; ongarri sintetiko eta fitosanitarioen 'jonki' bihurtu da, eta horrekin amaitzeko pazientzia behar da".
Lan egiteko modua aldatzeko baserritar eta nekazariak prestatu behar direla gaineratu dute Neikerretik, baita hasieran inbertsio bat egin behar dela ere. Sustraiak kooperatibatik azaldu dute, hasieran, lurraren ekoizpena txikiagoa izango dela, baina denborarekin gora egingo duela. Aldaketak denbora beharko duen arren, "trantsizio agroekologiko birsortzaile" baten "beharra" nabarmendu du David Gonzalezek. Izan ere, nekazaritzaren etorkizuna "iluna" dela hausnartu du.
Batetik, kostuen igoerak errentagarritasuna kolokan jartzen du. Gaur egun erregaiak garestitzeaz gain, gasolioaren "gainbehera" gertu dagoela uste du. Horrez gain, gogorarazi du ongarri sintetikoak Errusia, Bielorrusia edo Txinatik ekarri ohi direla, nagusiki. "Ekoizle horiek iturria mozten badute, zer gerta daiteke?". Aurreko arazo horiei klima larrialdia gaineratu behar dela nabarmendu du David Gonzalezek, lehorte batek kolokan utz dezakeelako lurraren emankortasuna.
Nekazaritza birsortzaileak erregai fosilen beharra murrizten duela azaldu du Gonzalezek, baita ongarri sintetikoen gaineko mendekotasunarekin amaitu ere. Horrez gain, lurra hobeto prestatzen du balizko lehorteei aurre egiteko. Hori azaltzeko adibide bat jarri du. Nekazaritza birsortzailearen bitartez lurrean dagoen materia organikoaren batez bestekoa handitzen du, eta materia organiko horrek ura hartzeko gaitasun handia du. "Lurra samurtzen du, eta belaki moduko bat lortzen da; adibidez, hektarea bateko materia organikoa %1 handitzean lur horrek 140.000 litro ur gehiago biltzeko gaitasuna izango du".
Ekonomia sozial eta eraldatzailea buruan
Lurra lantzeko modu jasangarriago horrek funtsezko aldaketak ekartzen ditu ogibidera. Izan ere, Gonzalezek azaldutakoaren arabera, nekazari batek ezingo luke bere gain hartu aurretik lantzen zen lur eremu guztia: pertsona gehiago behar dira. Hori dela eta, beste ardatz bat funtsezkoa dela hausnartu du Sustraiak Habitat Designeko kideak. "Nekazaritza birsortzaileari buruz ari garenean, garrantzitsua da ekonomia sozial eta eraldatzaileaz aritzea".
Gogoeta hori azaltzeko adibide bat jarri du. Sustraiak kooperatiba Burgosen (Espainia) proiektu batean ari da lanean. 100 hektarea duen proiektua da, eta aurretik nekazaritza estentsibo bezala ustiatzen zen. Lehen pausoa diseinu hidrologikoa egitea izan zen, ura gordetzeko lurrean. Zuhaitzak landatu dituzte gero, almendrondoak. Hirugarren pausoa behiak sartzea izan da, ongarriaren zikloa lekuan bertan gerta dadin. "Proiektu hori kudeatzeko jende gehiago beharko da; lan handiagoa da, baina ekonomikoki oso interesgarria, dibertsifikatzen duelako, eta ikuspuntu zabal bat hartuta lortzen den etekina handiagoa da". Horren harira, nabarmendu du horrelako planteamendu batetik sortzen direla kooperatiba txikiak, landa eremu handiak hainbat pertsonen artean kudeatzeko.
Proiektu horiek landa eremua biziberritzeko baliagarriak direla uste du Gonzalezek. Horretarako, baina, erakutsi behar da nekazaritza bizitzeko "aukera duina" izan daitekeela, "interesgarria, eta are gehiago kooperatiba bezala planteatuta". Tamalez, ez du ikusten administrazioak ogibide hori sustatzeko asmorik duenik. "Araban hamar nekazaritik zortzik 60 urte baino gehiago dituzte. Zer egin dezakegu gazteak lurrera gerturatzeko?". Gonzalezek argi duena, baina, bertoko produktuak erostearen garrantzia da: ekoizleei babesa ematea. "Gertuen dauden nekazariei bultzada eta babesa ematea oso garrantzitsua da. Hemengo produktuak erosten ez baditugu arazo potoloa izango dugu".