Maite Ortiz de Mendibil, zesta puntako munduko txapelduna

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 11:30
Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra. / Argazkia: @arabadxtfem

Iaz Europako titulua eta munduko sub-23 txapelketa irabazi ostean, Maite Ortiz de Mendibil arabarra zesta puntako munduko txapeldun absolutua bihurtu da, Eneritz Lizardirekin batera.

Asteburu honetan, Ipar Euskal Herrian jokatutako mundialean, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak (Andetxa, 2005) eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak osatutako bikoteak Arai Lejardi eta Ihart Arakistainen bikotea garaitu zuen finalean, 15-10 eta 15-14 emaitzekin. Hortaz, emozioz beteriko finala eskuratuta, munduko txapeldun bilakatu zen arabarraren bikotea.

"Hau bonba bat da", adierazi zuen Ortiz de Mendibilek partidaren ostean, 17 urterekin lortutako urrearekin hunkituta. "Orain, udan lan asko egin ondoren, gozatzea tokatzen da. Nire familiari eskaintzen diot garaipena".

Arabarrak eta mutrikuarrak Espainia A selekzioa ordezkatu dute lehiaketan. Lehen partidan, garaipena nagusitasun handiz lortu zuten Frantziaren aurka; ondoren, Mexiko B eta Mexiko A taldeen kontra lehiatu ziren final-laurdenean eta finalerdian, Espainia B taldearen aurkako finalera iritsi aurretik.

Espainiako taldeek 20 domina lortu dituzte txapelketan: bederatzi urre, bederatzi zilar eta bi brontze. Bigarren postuan, Frantziak 17 domina eskuratu ditu: bost urre, lau zilar eta zortzi brontze. Hirugarrenik, Mexikok 9 metal lortu ditu: hiru urre, bi zilar eta lau brontze.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide