Hainbat kirol probatu eta gero, zesta-puntak piztu zuen Maite Ortiz de Mendibilen (Andetxa, Gasteiz, 2005) arreta. Bederatzi urte baino ez zituela hasi zen plastikozko saskiarekin jokoan, Urtzi nebaren pausoei jarrai, eta ezinbesteko kirola du egun. Zesta-punta ogibide izateko ametsa ez du baztertzen, eta bidean zaletasun porrokatuaren eta lan gogorraren emaitza jasotzen ari da; azken urtean, Europako eta Munduko txapelketetan nagusitu da, Eneritz Lizardi mutrikuarrarekin batera, eta erronka horiei eutsi nahi die aurten ere.
A zer-nolako urtea izan duzuen!
Bai! Europako txapelketa jokatu genuen abuztuan, eta guretzako pauso handia izan zen. Bagenekien ondoren Mundukoa zetorrela, baina ez genekien zeintzuk sailkatuko ziren eta aukerarik izango genuen. Sekulako poza izan zen horretan ere jokatzea eta neskak halako txapelketa batean parte hartzea. Esperientzia berriak izan ziren biak guretzat, eta, pentsa nolako poza. Herrian ere [Andetxa] omenaldia egin zidaten, eta txapela oparitu zidaten; urte berezia izan da, esperientzia berriekin.
Nola dator 2022. urtea?
Partidaz beteta dator. Xisterako finala izan dugu aurreko asteburuan, eta hemendik aurrera ere hainbat izango ditu. Geroz eta partida eta entrenamendu gehiago, hobeto jokatuko dugu. Aurtengo erronka Munduko txapelketa berria izango da; iazkoa 23 urtez azpikoa izan da, eta datorrena absolutua izango da. Honetan beste lehiakide batzuk izango dira, eta maila ere handiagoa izango da. Urrian izango da, eta ordurako prestatu beharko dugu.
Zumaian egiten duzu entrenamendua, ezta? Ez al dago zesta-puntarentzat lekurik Araban?
Araban ez dago aukera askorik. Talde bakarra dago, eta jokatzen dituzun partidak beti berdinen kontra izaten dira; horrela aukera gutxi dago ikasteko. Ni Gasteizen hasi nintzen, eta gero aukera berriak bilatu nituen; Hondarribin lehenengo, Donostian gero, eta Zumaian azkenik. Nire adineko jendearekin jokatzeko aukera ez da izaten leku guztietan, eta Zumaian topatu dut. Sei bat laguneko taldea daukagu han.
Astean birritan Andetxatik Zumaiara, ez da gutxi...
Eta asteburuetan beste edozein tokitara, partidak hainbat lekutan izaten direlako. Gustatu behar zaizu, noski, baina batez ere ingurukoen laguntza behar duzu; ama eta izebaren laguntza ezinbestekoa da nik jokatu ahal izateko.
Nolakoa izaten da entrenamendu saio bat?
Astelehen eta asteazkenean izaten dira nire saioak. Sei gaudenean kiniela deitzen dena egiten dugu, hiru bikoteren artean; bat kanpoan geratzen da besteek jokatu bitartean. Eta, ariketa horiek amaitutakoan, bakarrik geratzen naizenean Jon Barrondo entrenatzailearekin erreboteak praktikatzea gustatzen zait.
Ezaugarri berezirik behar al da zesta-puntan?
Ni aurrelaria naiz, eta kasu horretan abiadura izatea garrantzitsua da, eta ondo errematatzea. Atzean, berriz, indarra izan behar da aurrelariaren kontra egiteko, aurrelariari erraz ez uzteko. Horiek izan daitezke berezitasunak beharbada, baina edonor izan daiteke aurrelari edo atzelari.
Zer du zesta-puntak zuretzat horren erakargarri izateko?
Abiadura aipatuko nuke, beste kirol edo modalitate batzuetatik desberdintzen duena. Dena gustatzen zait, baina abiadura da engantxatu nauena honetan. Beste kirol batzuk ere egin ditut aurretik hainbat urtez, gimnasia erritmikoa edo karatea tartean, baina denak bateragarriak ez direnez, eta eskolarekin ere jarraitu behar denez, zesta-puntarekin geratzea erabaki nuen.
Zer dio nebak frontoian ikusten zaituenean?
Harengatik hasi nintzen, eta harekin jarraitzen dut jokatzen. Gabonetan, adibidez, ez dut entrenamendurik izan Zumaian, eta elkarrekin joan gara Gasteizko frontoira.
"Bultzadatxo bat ondo legoke erakundeen aldetik nesken parte-hartzea sustatzeko"
Irudikatzen duzu zure burua zesta-puntako profesional moduan?
Amestu amesten dut, baina egia da zaila dela. Etorkizunean, beharbada, neska gehiago badaude liga profesional bat osatu daiteke, batek daki... Orain ametsa jokatzen jarraitzea da, eta maila lortzen joatea, ikasteko asko daukadalako oraindik. Entrenatu eta partidak jokatu, eta ahal bada aurten izango den Munduko Txapelketan parte hartzea.
Emakumeen artean baduzu erreferenterik zesta-puntan?
Izaro Arbe izan da gurekin aritu den emakumeetako bat, esate baterako, baina zaila da neska profesionalak aurkitzea, eta, beraz, mutilei begiratzen diet. Erreferente dira niretzat, adibidez, Egiguren, Erkiaga, Goiko, Gasteizko Jonathan Hernandez Duque... Ni neu mutilekin aritu izan naiz, eta oraindik ere jarraitzen dut; Euskadiko txapelketa jokatzen ari naiz, eta mutilekin da, beti entrenatu dut mutilekin, ez zait inporta.
Zesta-puntaren historian ere emakume gutxi aurki daiteke...
Amerikako Estatu Batuetan izan zen Becky Smith izeneko puntista profesional bat, 33 metroko frontoian, baina hori da nik dakidana...
"Beste modalitateen aldean, abiadura da zesta-puntara engantxati nauena"
Nolako lana egin du Xistera klubak?
Nesken kirola aurrera ateratzeko lan handia egin du Xisterak, baina, era berean, Espainiako Federazioak eta Nazioarteko Federazioak egindako lana nabarmenduko nuke. Lan handia egin dute guk parte hartu ahal izateko.
Araban zer behar du zesta-puntak?
Erakundeen aldetik bultzadatxo bat ondo legoke; neska gehiagok parte hartzea ekarriko luke, eta hori da behar duguna. Momentuz aukera gutxi ikusten ditut Araban, baina ongi legoke talderen bat ateratzea; orain Zumaian gustora nago, han dut aukera eta han jarraituko dut.
Eta zaletuei begira?
Araban beharbada zailagoa da, ez dago hainbeste publiko, baina beste zenbait lekutan bada zaleturik. Berritxun, esate baterako, iaz jokatu genuen partidara zaletu ugari gerturatu zen frontoira, eta Gernikan zer esanik ez, frontoia bete egiten da... Gutxinaka gero eta zaletu gehiago elkartzea espero dugu.