Zubi bat euskaratik lelopean Euskaltzaleen Topaguneak euskara eta immigrazioari buruz prestatu duen hitzaldi ziklo baten barruan, gaiari buruz dauden azken datuen analisia egin du Julia Shershneva (Volgograd, Errusia, 1987) soziologoak. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria da Shershneva, eta duela hamarkada bat Euskal Herrira etorri zen. Maila profesionalean ez ezik, lehen eskutik ezagutzen ditu gaiak dituen ertz desberdinak: euskara ederki menderatzen du Shershnevak, eta etxean errusiera eta paxtunera darabilte semearekin, bikotea Afganistanen jaiotakoa baita.
Immigrazioa eta euskara jorratu dituzu Gasteizen emandako hitzaldi batean. Gainetik bada ere, zer kontatu duzu bertan?
Batez ere EABI Etorkin Atzerritarrei Buruzko Inkestako datuen analisia egin dut. Lau urtean behin Jaurlaritzak egiten duen inkesta da, eta bertan euskarari buruz ere galdetzen dute. Etorkinei galdetzen zaie etxean zer hizkuntza erabiltzen duten, eta baita zer nolako ezagutza maila duten ere. 2018ko azken datuen arabera, atzerrian jaiotako pertsonen artean %5,9k euskara erabiltzen du etxean. Ez da ezagutzari buruzko datua, erabilerari buruzkoa baizik. Portzentaje baxua izan arren, datu hori oso adierazgarria da, Euskal Autonomia Erkidegoan etxeko erabilera %12,6 delako. Araban erabilera tasa hori %4,6 da, eta Bizkaian, %9. 2014ko inkestan soilik etorkinen %0,6k adierazten zuen euskara erabiltzen zuela etxean.
Askotarikoak dira jatorriak. Alderik al dago horien artean?
Bai. Profilak ikusten baditugu, alde handiak daude. Pentsatu zitekeen dagoeneko gaztelera menderatzen dutelako erraztasun gehiago izango zutela latinoamerikarrek. Bada, guztiz kontrakoa ikusten dugu, euskara gutxien erabiltzen dutenak dira. Etxean erabiltzen dutenen artean batez ere Europako pertsonak aurkitzen ditugu. Haien artean %11,3k erabiltzen dute komunikatzeko. Bigarren taldea senegaldarrena da —%8,4—, eta hirugarrena, txinatarrena —%8,2—. Ondoren datoz Errumania eta Magreb.
"Datuen arabera, atzerriko jatorriko populazioaren %5,9k euskara erabiltzen du etxean"
Ezagutzari dagokionez, zein da egoera?
Gutxi gorabehera heren batek ezagutza bat du. Maila desberdinak aintzat hartuta —ezagutza oso altua, altua, nahikoa edo mugatua—, atzerriko jatorriko pertsonen %33,4k ezagutzen du euskara. Azkenean, masa kritikoa badaukagu. Profilei dagokienez, batez ere gazteen artean dago ezagutza gehien. Helduen artean, ikasketa altuak dituzten pertsonek ezagutzen dute gehien, kargu altuak dituztenak —zuzendariak, teknikari kualifikatuak…—. Horiek normalean oso integratuta sentitzen dira. Hau da, oro har, gazteak edo maila sozioekonomiko altua dutenak dira euskara gehien ezagutzen dutenak.
Askotan fokua jartzen da pertsonengan. Baina, diozunez, egoera sozioekonomikoak badu zeresan handia…
Bai. Heldua baldin bazara, inbertsio ekonomikoa oso altua egin behar duzu: lau urte eman euskara ondo ikasteko, egunero euskaltegira joanez. Hortaz, oso zaila da, eta pribilejiatu batzuek baino ezin dute inbertsio hori egin. Gazteek modu naturalean ikasten dute, hezkuntzaren bitartez. Helduen artean, zailagoa da lehen belaunaldikoek ikastea, seguruenera beste betebehar batzuk ase egin behar dituztelako. Kasu honetan, Latinoamerikako pertsonek desabantaila hori dute, nahikoa zaiela gaztelera erabiltzea komunikatzeko. Bestetik, kontuan hartu behar dugu normalean latinoamerikarrak hiri handietan bizi direla, eta horiek dira euskara gutxien erabiltzen diren guneak. Inguru horietan egonda, ez dute ikusten euskaraz komunikatzeko premiarik. Alabaina, kontrakoa gertatzen da Errumaniako edo Senegalgo pertsonekin: herri txikietan bizi ohi dira, askotan Gipuzkoan, eta naturalki ikasten dute euskara, egunerokoan beharrezkoa dutelako.
Askotan aipatzen dira halako adibideak: Durangoko merkatari txinatar bat, edo Ordiziako pakistandar euskaldunak…
Bai. Adibidez, Ondarroan senegaldar askok modu naturalean ikasten dute euskara, euskaltegi batera joan behar izan gabe, eta batzuetan gaztelera ere ez dakite. Gazteen kasuan, noski, erabakigarria da eskolako hizkuntz eredua. Orain gero eta gehiago matrikulatzen dira D ereduan, eta A eredua ez da ia-ia existitzen. Baina, demagun, hamar urte dituen seme latinoamerikar baten kasuan, familiak erabaki behar du ea estrategikoa zaien seme hori D ereduan matrikulatzea, jakinda zailtasun gehiago izango dituela. Askotan pentsatzen dute ez zaiela merezi, eta semea matrikulatzen dute A edo B ereduan. Bestetik, etorkin askok ez dakite non egongo diren bost urte barru. Kasurako, agian Madrilera joan daitezke. Mugikortasun tasa oso altua da haien artean.
Inkestan oso bitxia den zerbait agertzen da: txinatar gehienek ez dakite euskara, baina dakitenek oso ondo ezagutzen dute…
Bai. Ezagutzen baldin badute, normalean oso maila altua daukate. 16 urtetik beherako pertsonak aintzat hartzen baditugu, ezagutza maila handia dute txinatarrek eta senegaldarrek, eta baita europarrek ere.
Atentzioa eman dit Uruguai eta Paraguairen arteko aldeak. Maila sozioekonomikoa egon daiteke horren atzean?
Ez. Kasu honetan aintzat hartu behar da ere herrialde horietako etorkinek zenbat denbora daramaten gurean. Paraguairen kasuan, immigrazio fluxu berria da. Nikaraguaren kasua da ere. Nahiko etorri berriak direnez, normala da ezagutza eta erabilera txikiagoa izatea. Argentina, Uruguai, Txile… horien artean pisu gehiago izango du estatus sozioekonomikoak.
"Etorkinak Euskaraldira gerturatzeak balio behar du ere integrazioa bultzatzeko"
Praktikari begira, zer egin daiteke etorkinak ere euskarara erakartzeko?
Hezkuntza sistema eremu estrategikoa da horretarako. Ezinbestean inbertitu beharra dago horretan. Batez ere eskola publikoan baliabide gehiago behar dira; jende gehiago kontratatu behar da. Gainera, eskola publikoa da askotariko jatorriko ikasleen portzentaje handiak dituena, eta hori nabaritzen da. Helduei dagokienez, euskara modu natural batean ikasi behar dute, baina horretarako beren ingurua ere eraldatu behar da. Eredu bat ikusten ez badute, ez dute ikasiko. Normalean kokatuta dauden txokoetan euskara ez da beharrezkoa. Gehienek ez dute oposiziorik egingo. Adibidez, maila sozioekonomikoa handiagoa izan dezakeen argentinar bati ondo etorri dakioke oposizio bat prestatzeko. Normalean zaintzaren alorrean dagoen emakume boliviar bati, aldiz, nekez bururatuko zaio euskara ikastea. Bestelako lehentasunak izango ditu, eta euskararena hirugarren edo laugarren plano batean geratuko da. Estrategia bat izan daiteke eskolaren bitartez gurasoak ere eskolara hurbiltzea, eskolaz kanpoko jardueretan ere euskal kultura eta hizkuntza indartzeko. Baina egun osoan lanean badaude, zailagoa izango da, noski. Elkarrizketetan maiz gurasoek komentatu digute etxeko lanekin laguntzeko askotan seme-alaben artean moldatzen direla.
Hirugarren Euskaraldia datorren honetan, erabilgarria ikusten al duzu ekimena etorkinen artean ere euskara indartzeko?
Bai, noski. Euskaraldia zabaldu beharra dago, eta publizitate asko egin behar da; bestela etorkinek ez dute ezagutuko. Baina ez soilik euskara ikasteko; garrantzitsua da ere integrazioa hobetzeko. Oro har, etorkinak gonbidatu behar ditugu eremu guztietan parte hartzera. Horrek euskararen ikasketa erraztuko du.
Inkesten egutegia begiratuta, 2010, 2014 eta 2018. urteetan egin dira. Aurten egongo al da?
Aurten tokatzen zen, bai, baina ez da egin. Landa lana abenduan egin behar dute, eta emaitzak datorren urtean aterako dira. Inkesta tresna garrantzitsua da, oso lagin handia duelako; nahiko fidagarria da. Gainera, ikuspegi ona ematen digu. Adibidez, etxean gehien erabiltzen diren hizkuntzei erreparatuz gero, ikusiko dugu lehena gaztelera dela, bigarrena arabiera, eta hirugarrena, euskara. Euskararen aurretik ez dago, adibidez, errumaniera edo beste ezein hizkuntza.