EUSKARALDIA

Eta hitza sendagai bihurtu zen

Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 08:00

Euskal Herrian ez dago abestirik gabeko herri ekimen indartsurik, eta horrela izan da Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan ere. Ekimenaren leloari jarraiki, abestiak hitzen garrantzian jarri du fokua. 

Askotariko mundu ikuskerak egongo dira munduan, baina gehienek badute komunean zerbait: ondo erabilita, hitzaren ahalmena itzela izan daiteke. Diplomaziaren munduan aski ezaguna den verbum vincet latinezko esaerak laburbiltzen du ideia hori, eta AEBetako armadako operazio psikologikoetarako unitate ospetsu batek esan hori du lelotzat. Hitza garaile.

Modu berean, hirugarren Euskaraldiko abestiak ere ideia horri heldu dio. Xabier Zabalak eta Andoni Egañak ondutako kantak Esazu hitz bat du izena, eta ederki asko erakusten du ideia hori: "Esazu hitz bat eta sendotuko naiz; hitz bakar batek sua pizten du maiz".

Hitzaren garrantzia erdigunean jarrita, abestiak giro alaia eta aldarrikapena tartekatzen ditu. "Mende erdi bat joan da, joan da ta hor konpon? Beti toki berean ezin gintezke egon". Azken urteotako joerari jarraiki, askotariko estiloak biltzen ditu kantak, iragana, orainaldia eta etorkizuna uztartu nahian. Abestia uztailean aurkeztu bazuten ere, egunotan ari da barra-barra zabaltzen, eta, seguruenera, ariketa sozialaren hitzordua gerturatu orduko aski ezaguna izango da Euskal Herriko txoko gehienetan. Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa Larrañagak eta Andoni Egañak berak jarri dute ahotsa. Alde teknikoari dagokionez, Victor Sanchezek landu du. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide