Ariguneak izan ziren Euskaraldiaren bigarren edizioaren nobedade garrantzitsuenetakoa, eta, dena ondo bidean, hirugarren edizio honetan espero izatekoa da zabalpen garrantzitsua izango dutela, bederen beltxarga beltzez mozorrotutako beste pandemia bat azaltzen ez bada. Hortaz, ariketa sozialaren antolatzaileek "jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat" emateko abagunea dela uste dute.
Duela bi urteko edizioan 8.300 eremu inguru bilakatu ziren euskararentzako territorio ziurra. "Ariguneen eragina handia dela ikusi dugu, arigunea osatzen duten partaideengan eragiteaz gain, entitatean euskararen erabileran urrats berriak emateko abiapuntu izan daitezkeelako, eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen dutelako", idatzi dute antolaketa lanetan ari diren Euskaraldiko kideek.
Arigune horietan, kide guztiak euskara ulertzeko gai izan behar dira. Baina ekimenean parte hartzen duten entitateek ere kanpora begira herritarrekiko zerbitzu bat eskaini ahal dute; kasurako, harrera guneak edota salerosketa puntuak izan daitezke. Gune horietan, uneoro hala nahi duten herritarrei euskaraz artatzeko belarriprest edo ahobizi bat egon behar da.
"Ariketan parte hartuko dutenak eroso eta, ondorioz, eraginkor sentitzeko, komeni da rol bakoitzak dakarren portaera ondo ulertzea", argitu dute antolatzaileek. Horretarako, baina, entitateek informazioa emango die. Arlo honetan ere, noski, Euskaraldiaren osteko balorazioa beharrezkoa izango da etorkizunari begira. "Entitateak aztertuko du ariketarako hartutako zein neurri mantendu dezakeen eta zein neurri berri hartzeko prest dagoen".