EUSKARALDIA

Bide berriak urratzeko prest

Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 08:00

Oraindik hitzordua iritsi ez bada ere, ekitaldi andana egiten ari dira han-hemenka Euskaraldiaren bueltan. ALEA

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango den Euskaraldiaren hirugarren ediziorako izen emateak zabalik daude. Antolatzaileen esanetan, "masa kritiko" nahikoa dago hizkuntza ohiturei astindua emateko.

Euskaraldiaren makineria fintzen doa ediziotik ediziora. Ohi bezala, atzera begiratu beharra dago, ondo egindakoak indartu eta hobetu beharrekoak txukuntzeko. Ez hemen ez inon, beste formula magikorik ez dago, are gehiago epe luzerako apustuak egiten direnean.

Hizkuntzaren beraren erabileraz gain, beste behin, ariketa soziala kalean gehien ikustarazten dituzten sinboloak izango dira erdigunean: belarriprest eta ahobizi roletan murgiltzeko asmoa adierazten duten txapak. Antolatzaileek jakin badakite elementu sinple hauen eragina oso handia dela, eta, beraz, are gehiago indartzeko unea dela. Diotenez, ez dute soilik balio izan ariketa sozialaren ikusgarritasuna handitzeko. Horrez gain, hizkuntza praktikan ere nabaritu dute eragin hori. Orain arte egindako ikerketek, bederen hori erakutsi dute: gero eta txapa gehiago ikusi, orduan eta handiagoa da euskararekiko hartzen den jokaera aktiboa, berdin txapa daramatenen zein txapa ikusten dutenen artean.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango den ariketari begira, helduleku garrantzitsu bat bizipenei dagokiena izango da. Izan ere, inkestek erakutsi dute parte hartzaileek horien arabera egin dutela, hein handi batean, aurreko edizioen balorazioa.

Oro har, kaleak berreskuratzeko beharra aldarrikatu dute antolatzaileek, aintzat izanda 2018koa lehen esperientzia izan zela, eta 2020ko bigarren edizioan pandemiaren eragina oso nabarmena izan zela.

Hirugarren edizioa izango denez, antolatzaileak baikor azaldu dira ekimenak izango duen harrerari dagokionez: "Ekimen ezaguna da gizartean, euskaltzale multzo handi bat dago berriz parte hartzeko borondatea adierazi duena, eta babes sare indartsuagoa daukagu lanerako", adierazi dute Euskaraldia prestatzeko txosten batean.

Masa kritiko nahikoa

Ekimena ahalik eta jende gehienari zabaltzeko beharra aitortuta ere —besteak beste, arigune gehiago zabalduta—, antolatzaileek uste dute dagoen parte hartzaile andanarekin nahikoa "masa kritikoa" dagoela berriz ere hizkuntza ohiturak aldatzeko bidaide. Hortaz, eta parte hartze datuak  are gehiago handitu nahi badituzte ere, oso garrantzitsutzat jo dute arlo kualitatiboari ere erreparatzea, egitasmoaren eragina behar bezala neurtu ahal izateko. Horrez gain, behin ariketa soziala pasata, eskuratutako lorpenak ikusarazteko beharra azpimarratu dute.

Izen ematea zabalik dago irailaren amaieratik, Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldi nazional baten bidez. Baina herri eta eskualde desberdinetan askotarikoak dira beroketa lanak. Atzerako kontaketa, beraz, martxan dago jada. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago