Behar bereziak dituzten lagunei eguneroko jarduerak "ahalik eta modu autonomoenean" egiten laguntzen die terapia okupazionalak. Norberaren jarduera ohituretara egokituta, bizitzako etapa desberdinetan izan daitezkeen zailtasunei aurre egiteko egitasmoa martxan jartzen dute horretarako. Makina bat urte dituen unibertsitate ikasketa bada ere, ordea, askorentzat ogibide ezezaguna da oraindik terapeuta okupazionalarena, eta horren inguruko argibideak eskaini eta ikusarazteko lanean dabil Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektoreko profesionalak biltzen dituen Etole elkargoa. Lan horretan, hain zuzen, beste bultzada bat eman nahi diote urriaren 27an, Terapia Okupazionalaren Mundu Egunean.
"Osasun mailan ekarpen handia egin dezakegun arren, oraindik ezezagunak gara herritarrentzat, baita alor honetan dabiltzan profesional askorentzat ere. Nola bideratuko gaituzte pazienteengana, departamentu desberdinetan lanean ari garen ere ez badakite? ", azaldu du Miren Valverde lehendakariak. 250 bat profesional biltzen ditu elkargoak, baina Euskal Herrian ez da halako ikasketarik, eta horrek are zailagoa jartzen die ikusgarritasuna. "Etengabeko borroka da gure lana zein den azaltzea, eta bertan unibertsitate gradu bat izan arte zaila izango da. Jendeak ezagutzen ez badu, ez du beharrik sentitzen", nabarmendu du Miren Martinez lehendakariordeak.
Terapia okupazionalaren adarrak zabalak dira, ordea, eta eremu eta egoera desberdinetan izan dezake horren beharra pazienteak. Besteak beste, eskolak, zaharren egoitzak, ospitaleak edo osasun zentroak izan daitezke lan eremuak. "Pertsonaren gaitasunen eta inguruaren arabera egokitu egiten dugu plana. Demagun lesio bat pasa duzula edo gaixotasun degeneratibo batek gaitasunak urritu dizkizula, kasu horietan okupazio terapiak lagundu zaitzake ingurua errezago egokitzen eta irisgarriago egiten autonomoago izateko helburuarekin", gogoratu du Valverdek. Eguneroko gauza "txikiak" izan daitezke errehabilitazio egitasmo horren parte: arropa jantzi, dutxatu, kafea prestatu... Ospitaletik etxerako trantsizioan izaten dira maiz beharrezko laguntza. "Sinisten dugu autonomia bat lortzean zure bizi kalitatea ere hobetzen dela; autoestimu hobea edo autoefikazio sentimendu hobeak ere osasunean onura dakar".
Euren ofizioa beste batzuekin "nahastu eta gutxiesteko" joera ere ohikoa dela gogoratu dute Etoleko kideek, eta benetan terapia okupazionalak helburu jakin batzuk dituela ahazten dutela. "Askotan aisialdi laguntzaileak garela uste dute, guk ere tartean aisialdi jarduerak antolatzen ditugulako; hala da, baina xede jakin batekin eta egitasmo baten barruan egiten ditugu". Fisioterapia eta bestelako errehabilitazio lanekin ere "talka" izan dela aitortu dute, baten eta bestearen arteko mugak ondo zehazten ez direnean. "Gure lana jarduera jakin batzuk egitera bideratuago dago. Askotan alta jasotzen du ibiltzeko gai den pertsona batek, baina gainontzeko guztia? Gai da egiten zuen guztia egiteko? Pertsona ondo aztertzen dugu, haren araberako beharretan lan egiteko", azaldu du lehendakariak. Aldiz, terapia okupazionala eta fisioterapia moduko lanak egoki uztartzen direnean "emaitza emankorra" izaten dela gogoratu dute.
Adituen laguntza
Ibilbide profesionalean izandako kasuen artean, 75 urteko gizonezko bat izan du gogoan Valverdek. Iktusa izan zuen, eta ibiltzen ikasteko errehabilitazioa jarri zioten. "Baina gizon honek bestelako behar batzuk zituen, eta horretan egin zion ekarpena terapiak: gosaria jartzen, bilobari merienda prestatzen... Hori ere garrantzitsua zen beretzat". Martinez, bere aldetik, eritasun mentala zuten lau pisukiderekin izan zen lanean, eta eguneroko erosketak eta jarduerak antolatzen lagundu zien: "Zaila zen egoera, eta beharbada tutoretzapeko pisu bat bilatzea zen erosoena, baina erakutsi genuen posible zela pisukideak autonomo izatea".
Horiek eta beste esperientzia batzuk konpartitu eta sarea indartzen jarraitzeko bilkura urriaren 27an egingo dute. Gasteizko Puerta Grande tabernan dute hitzordua, 18:30ean.