Pandemia atzean utzi eta zuzeneko kontzertuetara itzuli zen iaz Gazte Talent lehiaketa. Aurten, dagoeneko erabateko normaltasuna berreskuratuta, Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen musika txapelketaren zortzigarren edizioa ospatuko du, Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin. Dagoeneko plazaratu dituzte lehiaketaren oinarriak.
Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Urtero bezala, adinaren arabera bi kategoria daude: Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat; eta Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko agiriak aurkezteko epea urriaren 17tik azaroaren 18ra —biak barne— luzatuko da.
Ondoren, hautaketa batzordeak azaroaren 23an jakinaraziko ditu hamar talde finalistak. Finalak, berriz, urteko azken hilean izango dira, bi egunetan, abenduaren 4tik 8ra bitartean (oraindik zehaztu gabe), Jimmy Jazz aretoan.
Sariak
Talde finalista guztiek 200 euroko saria jasoko dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izango dira aurtengo sari nagusiak:
- Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
- Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
- Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
- Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
Azkenik, epaimahaiak abenduan ezagutaraziko du bere erabakia, finalen ostean. Gainera, sailkatutako talde guztiek beren kontzertuaren kalitate handiko grabazioa jasoko dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!