Tilda, Deserrite, Intxixu eta Lola Oiarzabal, Gazte Talent lehiaketaren irabazleak

Erredakzioa 2021ko abe. 9a, 12:30

Deserrite, Intxixu, Lola Oiarzabal eta Tilda, aurtengo irabazleak. / Argazkiak: JIMMY JAZZ

Sei talde finalistek abenduaren 6an eta 7an beren lanak Jimmy Jazz aretoan aurkeztu ostean, Tilda, Intxixu, Deserrite eta Lola Oiarzabal izan dira Gazte Talent lehiaketaren zazpigarren edizioko irabazleak.

Pandemiaren unerik latzenak atzean utzi eta zuzeneko kontzertuak zutik gozatzera itzuli gara. Testuinguru horretan, Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent lehiaketak zazpigarren edizioa ospatu du, Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin.

Urriaren 20tik azaroaren 16ra bitartean, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izan dute lehiaketan.

Abenduaren 6 eta 7an finalak ospatu dira Jimmy Jazz aretoan, eta, urtero bezala, adinaren araberako bi kategoria izan dira. Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat: Deserrite, Emannuele eta Lola Oiarzabal; eta Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat: Lehia, Intxixu eta Tilda.

Sariak

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jaso dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izan dira aurtengo sari nagusiak:

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

IRABAZLEAK

Tilda

Gazte Talent Laboral Kutxa Saria

Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.

Gasteizko musika eszenan, euskarazko eta gaztelaniazko rock progresibo proposamen alternatibo batekin aurkezten da. Musika esperientzia handia duten bost musikarik, musika estilo desberdinetatik datozenak, bat egin dute proiektu honetan, ideia berriekin eta inor axolagabe utzi gabe.


Deserrite

Gazte Talent Saria

Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.

Deserrite taldea Altsasu eta Urdiainetik sortutako Buruda bailarako hard-rock taldea da. Gasteizen ikasten dute eta euskaraz sortzen dituzte abestiak. Deserrite izena Larramendiren Hiztegi Hirukoitzetik hartuta dago, eta gaur egungo "erbesteratuak" bezala itzuliko litzateke, rock and roll-a gaur egun erbesteratu modura ikusten dutelako gazte hauek.


Lola Oiarzabal

Accésit Emakumeak Saria

500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian).

Lola Oiarzabal 18 urteko abeslari gasteiztarra duela urte batzuk hasi zen konposatzen, eta oso eroso sentitzen da indie pop estiloan. Maverick Keys taldeko kidea da, eta aurten bakarkako ibilbideari ekiteko urratsa egin du, taldearekin jarraitzeaz gain. Bere lehen EPa argitaratu berri du, Barrutik izenekoa.


Intxixu

Accésit Euskara Saria

500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera.

Intxixu Euskal Pagan Folk garaikidearen talde berria da. Lau urtez egon dira kalejirak eta kontzertuak ematen lau gasteiztar hauek. Mari jainkosari abesten diote, eta alboka, gitarra eta perkusio potenteen bibrazioekin dantzatzeko eta oihukatzeko gogoa pizten dute jendartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago