Pikotak

Joan zaitez pikotara, aizu!

Juanma Gallego 2022ko urr. 23a, 06:00
Justizia emateko ez ezik, askotan entitate baten adierazle ere baziren pikotak. ALEA

Gaur egun pikutara bidaltzen zaituztenean, ez dago aparteko ondoriorik. Erdi Aroan eta Aro Modernoan, baina, gauzak oso bestelakoak ziren. Jendearen aurrean justizia emateko erabiltzen ziren egitura horiek, batzuetan ere jurisdikzio ikur baziren ere. Araban gutxienez hamalau kontserbatzen dira.

Baliteke zuri ere gertatu izana. Asteburu eder batean, landa eremuan galduta, herri txiki horietako batera iristea eta, patxaranaren tenpluetatik pasa behar izan gabe, mistiko jartzea. Etxe eta eraikinen edertasuna, lorez apaindutako balkoiak, ur fresko eta gardena ematen duten iturriak… Erraza da gure bazterrak maitatzea, bai, berdin mendi artean lanbroak ezkutatzen dizkigunean zein zerealaren lautada betean Eguzkiak berotzen dituenean.

Ibilbide horretan, bidegurutze batera heldu eta gurutze bat ikustean ere antzeko zirrara sentitu daiteke, berdin kristau izan ala ez –ea, jakina da piramideekin liluratzeko ez dela zertan Amon-Ran sinistu behar–. Modu berean, halako gurutzeek sentsazio bitxia eman dezakete. Galdutako mundu baten aztarna dirudite. Galiziar cruceiro-en oroimena dakarte. Aurretiko santutegi eta toki paganoak kristautzeko egiturak. Kixmi agertu aurreko magia zeltaren oroimena.

Ez ba. Hiltzeko eta torturatzeko egiturak ziren. 

Akabo mistizismoa.  

"Sarritan, gure lurraldean zehar paseatzen ari garenean, elementu arkitektoniko berezi horiek ikusten ditugu, baina jende gehienak ez daki zer diren", azaldu du Iñaki Bazan historialariak. Gasteizko Letren fakultateko dekanoa da Bazan, eta, besteak beste, Clio & Crimen Durangoko Krimenaren Historiako Zentroko aldizkaria zuzentzen du. Hortaz, ondo ezagutzen du Erdi Aroko eta Aro Modernoan ematen zen justizia. 

Pikotak dira elementu horiek. Zenbaitetan urka, urkabe edo urkamendi gisa ezagutzen dira ere, baina izendapen horiek zigortzeko beste tokiei ere egiten diete erreferentzia.

Gehienetan forma zilindrikoa duten harrizko zutabeak dira. Ez dira oso ugariak; ez gaur egun bederen. Baina Araba da Euskal Herrian pikota gehien kontserbatzen dituen herrialdea, Jose Zufiaurre etnografoak Urkamendiak Euskal Herrian izeneko artikuluan egin zuen katalogoari kasu eginez gero: orotara, hamahiru pikota ditugu. Gipuzkoan eta Nafarroan Zufiaurrek bosna aurkitu zituen, eta bat Lapurdin.

Arabako katalogoan gehitu daiteke duela bi urte Lapuebla de Labarcan zaharberritu zuten elementu bat, baina zaila da jakitea pikota edo biribilkia izan ote zen. Izan ere, zenbait kasutan, zutabe horiek zigortzeko ez, baizik eta herri baten jurisdikzioa adierazteko elementuak ziren; modu berean, entitatearen mugarri gisa ere erabiltzen ziren. Batzuetan, noski, bi funtzioak eman zitezkeen zutabe beraren inguruan, edo funtzioa aldatu zen garaiaren arabera.

Bazanen esanetan, berez pikota bat "urkamendi baten adierazpen minimoa" litzateke. "Baina, ikusgai eta egonkorra zenean, bazen ere leku zehatz batean ematen zuten justiziaren adierazpenik agerikoena".

Kentzeko agindua

Erdi Aroan hasi eta Aro Modernoraino mantendu ziren pikotak. Baina 1811n Cadizko Gorteek basailutzaren adierazpen guztiak herrietatik kentzeko agindu zutenean, halako monumentu asko eraitsi ziren, baita gurean ere. Halere, leku guztietan ez zioten jaramonik egin aginduari, eta —ekonomia zirkularraren adierazpen bitxi horietako batean— aurretik zigortzeko erabiltzen ziren egiturak kristautu egin zituzten, goiko aldean gurutze bat jarrita. Horri esker iritsi dira gaurdaino monumentu horietako asko.

"Gorputz zigorrak gutxiago erabiltzen ziren heinean, pikotak desagertzen joan ziren". IÑAKI BAZAN, HISTORIALARIA

"Kondenatu bat jendearen aurrean erakusteko erabiltzen ziren, behin mingaina moztu, zigorradak eman edo burdin goriarekin markatu zutela", azaldu du historialariak. "Orduan jendeak ikusi ahal zuen zer gertatu ahal zitzaien eurei ere kondenatuaren delitu berdinak eginez gero. Hau da, beldurra eragiteko erabiltzen ziren". 

Beste aldaera bat zen erruduna lortzea pikotari, gorpu zigorrik eman gabe, baina bai ordu batzuez gainerako herritarren begiradapean jartzeko, eskarmentu modura. Kasu hauetan, bereziki pisuekin iruzurren bat egin zuten merkatariei ere ezartzen zieten gaztigua. Zenbaitetan, eztia ere jartzen zieten gainean, erleek eta bestelako intsektuek zirika zezaten.

Zeregin horietarako, goiko aldean, askotan lau beso horizontal edo harburu izan ohi dituzte zutabeek; kondenatuak edo beren gorpuzkiak eskegitzeko erabiltzen ziren horiek. "Bertan erruduna kateatzen zuten, adibidez, zigorradak emateko. Beste zerbait egin behar baldin bazuten, hala nola anputatu edo exekutatu, orduan egitura konplexuagoak beharrezkoak ziren, eta urkamendiak erabiltzen zituzten", argitu du Bazanek.   

Jauntxoengandik, erregetzara

Erdi Aroan, herri asko jauntxo baten jurisdikzioaren pean zeuden, eta justizia ematen zuen familiaren armarria ikus daiteke batzuetan. Denborarekin, baina, jurisdikzioa eskuz aldatu zen, erregearen edota udalerrien eskura pasatzeko. Aramaioren kasua izan zen: Juan Alonso Butroe Muxika jauntxoaren krudelkeriaz ahituta, Arabako ermandadera sartzeko eskaera egin zuten aramaioarrek.

"Pixkanaka, gorputz zigorrak gero eta gutxiago erabiltzen ziren heinean, pikotak desagertzen joan ziren. Modu berean, exekuzioak gero eta gehiago sekretupean egiten ziren: XIX. mendetik aurrera kartzeletan baino ez zuten egiten", dio Bazanek. "Ordurako, pikotek jada ez zuten zentzurik, eta espetxe barruan urka, gillotina eta garrote bitartez egiten zituzten exekuzioak". 

Adituaren esanetan, Aro Modernora iristean, gizartearentzat baliogarriagoak izan daitezkeen zigor motetara jo zuen justiziak. "Adibidez, norbait hil beharrean, bere indarra aprobetxatzen zuten galeretara eramateko, edo Almadengo meatzetan merkurioa ateratzera. Bertako biziraupen aukerak oso txikiak zirenez, praktikan hori ere bazen heriotza zigor bat, baina modu diferituan". 

1 DULANTZI
Hasiera batean biribilkia izan zen, baina gero agian pikota izaera hartu zuela uste du Jose Zufiaurrek. Orain gurutze bat du gainean. Lehen herriko kanpoko aldean egon zen, baina 1983an udaletxearen parera eraman zuten.

2 BURGU
Hau ere biribilkia izan omen zen, baina ondoren kristautu egin zuten, gurutze bat gainean jarrita. 1986an zaharberritu zuten, istripu baten erruz zorura erori baitzen.

3 FORONDA
San Martin elizaren alboan kokatuta dago. Harmaila biribila du, baina gehiena lurpean dago. Goiko aldean dauden hutsuneak agian girgiluak jartzeko erabili zituzten iraganean. 

4 MENDOZA
XVI. mendekoa da. Lurraldean dagoen bitxienetakoa da, presoak lotzeko erabiltzen ziren uztaiak kontserbatzen direlako. Goiko aldean, lau harburu agertzen dira, eta, horiekin batera, Hurtado de Mendozatarren armarria.

5 GESALTZA AÑANA
Herriaren goiko aldean kokatuta dago. Fustea ez da oso ohikoa: lau danborrez osatuta dago: lehena oktogonala da, eta oso higatuta dago. Gainerako hirurak angeluzuzenak dira.

6 VILLANAÑE
Haran osoko justizia XIV. mendeko pikota horretan ematen zuten. Kontserbatu ez ezik, kontzejuaren armarrian azaltzen da pikota, protagonismo osoarekin.

7 LALASTRA
Herritik 500 bat metrotara dago, mendixka baten gainean. Berez biribilkia zen, baina hau ere gerora gurutze bilakatu zuten. Zufiaurrek dio pikota gisa ere erabilia izan zela. Noizbait apurtu zen, hiru zatitan, baina orain berriro bere tokian dago.

8 TUYO
Errepidearen alboan kokatuta dago, elizatik gertu. Noizbait biribilki gisa aipatu bada ere, bi uztai ditu, eta horrek iradokitzen du pikota gisa erabilia izan zela ere. Idazkun bat du, eta, besteak beste, 177 zenbakia agertzen da, seguruenera XVIII. mendeari erreferentzia eginez. 

9 BERANTEVILLA
Herriaren kanpoaldean dago, Trebiñura doan errepidetik gertu. Ezagutzen da biribilki gisa erabili izan zela, baina, Esteban Martinez adituaren arabera, ez dago argi pikota gisa ere erabili ote zen.

10 BURADON GATZAGA
Herrian ez baizik eta mendian dago, Justizia edo Pikota Garaia izenekin ezagutzen den kokalekuan. Baina biribilki gisa erabili izan zela uste da, Briñas udalerriarekiko mugan dagoelako. Zazpi danbor desberdinez egina dago.

11 ELTZIEGO
Pinota gisa ezagutzen dute herrian, eta Marques de Riscal hiribidearen amaieran kokatuta dago. Zulo bat du goiko aldean, seguruenera bertan girgiluak lotzeko.

12 ELVILLAR
Bi kaleen arteko gurutzean dago. Litekeena da noizbait gurutze bat egon izana, goiko aldetik burdin zati bat ateratzen zaiolako. Danborren artean bi zirrindola daude, eta gertu, hutsune batzuk; Zufiaurrek uste du agian belarrien puntak mozteko erabili zirela, zigor hori erabiltzen baitzen batzuetan.

13 LANTZIEGO
Urka izeneko tokian kokatuta dago, herriko sarbidean. Mi metro inguru dituen danbor bakarrekoa da. Goiko aldean, lau harburu ditu; horietatik bik zulo bana dute, seguru aski, girgiluak sartzeko.

14 LAPUEBLA DE LABARCA
Zufiaurrek ez du jaso bere katalogoan, 2020. urteraino ez baitzen ezagutzen. Herrikoek sakabanatuta zeuden bi harri berreskuratu zituzten, garai bateko biribilkia zela konturatu zirenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide