Hogei urte dira argi berritzailea heldu zenetik drogen erabilera ludikoaren mundura. Ai Laket elkarteak 2002an hasi zuen bidea, ordura arte ezohikoa zen ikuspuntu batekin: droga erabiltzaileek beraiek kontsumoak ekar zitzakeen arriskuez informatzea, eta horiek prebenitzea. Bide luzea egin du ordutik elkarte horrek, eta haien eragina zabaldu dute hamaika norabidetan: dela administrazioekin lankidetzan ateratako programetan, dela droga erabiltzaileekin bertatik bertara egindako esku hartzeetan.
Ai Laketen sorreraren eta ordutik egindako lanaren neurria antzemateko, 2002an zeuden politika publikoak gogora ekarri ditu Unai Perez de San Roman Landak, elkarteko kideak. Garai horretan mezu bakarra zegoen drogen inguruan: ez hartu. Europako beste lekuetan lan ildo berriak hasiak zituzten, eta Ai Laketek horiek ekarri zituen: jai eremuetan bertan drogen analisia egitea, kontsumoen gaineko informazio eta jarraibideak eskaintzea, erabiltzaileei haien eskubideak azaltzea… Eta, hori guztia, parekoen artean; droga erabiltzailetik droga erabiltzailera.
Azken ezaugarri horrek, parekoen arteko harremanak, prebentzio lana egiten laguntzen diela azaldu du Saioa Nuñez Guinea Ai Laketeko kideak. Hausnartu du administrazioen informazio kanpainak "urrunak" egiten zaizkiela droga erabiltzaileei; aldiz, informazioa beste erabiltzaile batek ematen duenean egoera aldatzen dela gaineratu du. "Konfiantza handiagoa dago galderak egiteko, eta entzuteko". Elkartearen hastapenetan hori antzeman zuten, eta gaur egun ere oraindik konfiantza hori mantentzen dela zehaztu du.
"Duela hogei urte nekez ikusten ziren 50 urtekoak kanutoak erretzen"
Saioa Nuñez, Ai Laket
Bestetik, Perez de San Romanek gogora ekarri du Ai Laketek 2002an proposatu zuela gaur egun ere apurtzailea den hausnarketa ildo bat: drogen erabilerari lotutako plazerak. "Arriskuak jorratzen zituzten, baina plazerei buruz ere aritu ziren; mezu hori ezin zen esan, kontsumoa bultzatzen zelakoan". Hala ere, drogen erabilerari antzematen zizkioten onurak jarri zituzten mahaian, zergatik erabiltzen zituzten droga horiek, prebentzioari buruz hitz egitearekin batera. "Adikzioak; arriskuak nola prebenitu; une batzuetan drogarik ez hartzea, hori ere aukera bat delako…".
Egonkortutako zerbitzu eskaintza
Urteen joanarekin zenbait proiektu garatu dituzte, Ricardo Caparros Casado kideak gogora ekarri duenez. Lehena Testing programa izan zen, 2002. urtean bertan. Furgoneta batekin herri eta hirietako jaietara joaten hasi ziren, helburu batekin: drogen erabileraren, plazer eta arriskuen kontrolerako informazioa eta materiala eskainiz; horrekin batera, drogak aztertzeko aukera ematen hasi ziren lekuan bertan, anonimoki. Urte batzuk geroago, lan ildo bertsua jarraituta, Puntu finkoa edo Aitest gunea ireki zuten. Gasteizko Errementari kaleko 43. zenbakian, ostiralero, 19:00etatik 22:00ak arte irekitzen ditu ateak, furgonetan eskaintzen zuten zerbitzua emanez.
Drogak kontsumitu daitezkeen beste lekuetara ere gerturatu dira Ai Laketeko kideak, bestelako lan ildoen bitartez. Lonja Laket programaren bitartez gazteek erabiltzen dituzten lokaletara joan dira, bertatik bertara informazioa eskaintzeko. Europako Kontseiluak Drogen Prebentzioaren Europako Saria eman zion programa horri, 2012. urtean. Ildo berean, espazio publikoan litroak egiten dituzten gazteengana jo izan dute, Botiltzarra izeneko programaren bitartez; plaza edo edaten ari diren espazio publikoan alkoholaren kontsumoaren arriskuez ohartarazten diete, eta horiek saihesteko moduak azaldu, baita horretan lagundu ere. Azkenik, formazio saioak ere egiten dituzte, elkarteko boluntarioekin.
Programa horietako gehienek administrazio publikoen babesa eta laguntza dute. Esaterako, Testing Programa Eusko Jaurlaritzaren babesarekin jaio zen, eta Gasteizko Udalak lagundu zuen Lonja Laket aurrera eramaten. Horrez gain, udalak dira Ai Laketen zerbitzuak kontratatzen dituztenak. Administrazio horietako teknikariekin komunikazioa ona dela gaineratu dute, eta elkarteak eskaintzen duen zerbitzuaren berezitasuna errespetatzen dutela. "Ulertzen dute kontraesankorra dela, gu bertan egonda, Polizia inguruan egotea; narkogela baten atean bi polizia jartzea bezalakoa litzateke", aztertu du Saioa Nuñezek.
Ildo horretan, administrazioen jarrera kontraesankortzat jo daitekeela hausnartu dute Nuñez eta Perez de San Romanek. "Politika publikoak apur bat aldatu dituzte, baina mezu orokorra mantentzen dute: drogak txarrak dira". Caparrosek, aldiz, ez du kontraesanik antzematen horren atzean, bi populazio eremu ezberdinetara bidalitako mezutzat hartzen dituelako. Haren ustez drogen kontrako mezu orokorra gizarte osoari dagokio, eta, maila txikiagoan, arriskuen prebentzioaz hitz egiten du droga erabiltzaileei zuzentzen zaienean.
Proiektu horiek guztiek aukera eman diete erabiltzaile askorengana heltzeko. Eskarmentu hori izanda ere, Ai Laketeko kideak ez dira ausartzen droga hartzaileen profil aldaketei buruz hitz egiten. "Guk leku eta gau bakar bateko argazkia lortzen dugu; gure zerbitzuetara etortzen direnen perfil aldaketarik egon bada, proiektuak moldatu ditugulako izan da", azaldu du Perez de San Romanek. Azaldu duenaren arabera, txosnetan pertsona mota batzuk daude, eta lokaletan beste batzuk, eta aurreko horiek guztiek ez dute zerikusirik kalean litroak egiten dituztenekin.
Unai Perez de San Roman eta Saioa Nuñez Ai Laketeko kideak. / J. Rejado
Hala ere, Ai Laketeko kideek aipatu dute gero eta emakume gehiagok jotzen dutela haien zerbitzuetara. Saioa Nuñez Guineak hausnartu du gero eta emakume gehiago ikusten dituela jai eremuetan, eta emakume horiek ez direla ezkutatzen drogak erabiltzean, garai batean ez zen bezala. Horrez gain, Unai Perez de San Romanek gezurtatu du jendea gero eta gazteago hasten dela droga hartzen. Are, gaineratu du agian kontrakoa gertatzen ari dela; hots, gero eta pertsona nagusiagoak daudela drogak hartzen jai inguruetan. "Duela hogei urte nekez ikusten ziren 50 urteko pertsonak kanutoak erretzen edo speed-a hartzen, eta gaur egun hori gertatzen da".
Arrisku prebentzioan lan egiten duten heinean, informazioa funtsezko baliabidea da Ai Laketeko kideentzat. Informazio objektiboa lortzerakoan, ordea, zailtasunak dituztela nabarmendu dute. 2002an drogen erabilera ludikoarekin lotutako informazio gutxi egoteaz gain, dena ikuspuntu ezkor batetik bideratua zegoen. "Lehen urte horietan lanak izan zituzten 'ez' hitza saihesteko, informazio orriak egiterakoan", gogorarazi du Perez de San Romanek.
"Drogen arriskuak jorratzen genituen, baina baita plazerak ere"
Unai Perez de San Roman, Ai Laket
Gaur egun ere zailtasun horiek mantentzen dira. Droga berri bat agertzen denean, horren gaineko informazio objektiboa bilatzean nekez aurkitzen da substantzia horren erabilera ludikoarekin lotutako ezer. Horri aurre egiteko bi informazio iturri uztartzen saiatzen direla azaldu du Nuñezek: informazio zientifikoa eta erabiltzaileen esperientziak. "Erabiltzaileen esperientzietatik ondorioak ateratzen saiatzen gara, betiere ziurtasun zientifiko batekin babestuta”. Horrela lortzen dituzte irizpideak, balizko droga erabiltzaileek arriskuak saihestu ditzaten: dosiak, denborak, kantitatearen araberako efektuak, emaitza txarrak saihesteko moduak, droga ezberdinen arteko nahasketak… Hala eta guztiz ere, horrekin lotutako informazioan sakondu beharko litzatekeela nabarmendu du Ricardo Caparros Casadok. "Ebidentziekin lan handiagoa egin behar da, ikerketa zientifiko handiagoa beharko litzateke, erantzun eraginkorragoak planteatzeko".
Hamaika informazio eta bide
Bestetik, informazio hori guztia zabaltzeko moduan errotik aldatu dira azken hogei urteetan. "Informazio bidearekin asmatzea ez da erraza", iruzkindu du Nuñezek. Garai batean informazioa orri batzuetan banatzen zuten, "letra txiki-txikiarekin", koloretako orrietan: kolore bat droga bakoitzeko. Gaur egun flyer irakurterraz eta informazio orri erakargarriak dituzte, informazio eta komunikaziorako teknologia berriak erabiltzearekin batera: Twitter, Instagram, memeak… "Tresna berriekin batera, informazioa zabaltzeko ahalmena ere aldatu da; esaterako, Instagramen zerbait jarri eta Kolonbian irakur dezaketelako segundo bat geroago", gogorarazi du Perez de San Romanek.
Informazioa ahal beste pertsonengana helarazteko hausnarketaren barruan, webgunea moldatzen ari dira, itsuek ere bertako edukien berri izan dezaten. "Idatzita dagoena entzuteko programak daude, eta aurreko webgunearen formatuak ez zuenez horretarako aukera ematen, irisgarritasuna hobetzeko aldatuko dugu", argitu du Nuñezek.
Eduki propioak sortzeaz gain, Ai Laketeko kideek aurre egin behar diete maiz drogekin lotutako informazioei, ohiko hedabideek zabaldutakoak hainbatetan. "Hogei urte ditugu mundu honetan lan egiten, eta gure hitzak pisua du erabiltzaileengan", zehaztu du Nuñezek. Uda honetan ziztada eta sumisio kimikoaren gaia dela-eta galdera asko erantzun dituztela gaineratu du. "Azalpenak ematean jendea lasaiago gertatzen da".
Oinarriak berregiten
Elkartearen 20. urteurrenaren ospakizunak une arraro batean heldu dira. Pandemia gertatu aurretik Bilbo edo Donostian bulegoak irekitzea aztertu eta gero, gaur egun elkartearen oinarriak berregiten ari dira. Itxialdiak kolpe handia suposatu zuen Ai Laket-entzat. Haien lana ere behin behinean gelditu beharko ote zuten pentsatzera heldu ziren. Gaur egun bulego lanetan ari den lantaldean jende berri asko dago, eta dinamika berria eraikitzen ari direla azaldu dute. "Oinarriak sendotzeko garaia dela uste dugu; hori lortzean, proiektua bera bakarrik haziko da berriro ere", laburbildu du Unai Perez de San Romanek.
Hori gertatu bitartean, duela hogei urte lehen pausoak eman zituzten ekintzaileen lana eskertu behar dela nabarmendu du Caparrosek. "Aurrera egin izan ez balute, administrazioen aurrean haien nahiak aldarrikatu izan ez balituzte, agian lehen pausoak egiten egongo ginateke orain".