Joseba Bergaretxe

"Ekintzailetza da herri txikietan bizi eta lan egiteko bidea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko urr. 13a, 06:00

Joseba Bergaretxe da Herri Txikien Akademiaren arduraduna. EUSKO IKASKUNTZA

Euskal Herrira irekiko da Herri Txikien Akademia, Araban saio pilotuak egin ostean. Etorkizun jasangarriagoa bermatu nahi dute.

Herri Txikien Akademiak bateratze saioa egin zuen iragan astean Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Egitasmoa Eusko Ikaskuntzako proiektu pilotua da, eta aurretik egindako hiru hausnarketa saioen –Kuartangon, Zalduondon eta Urturin– emaitzak elkartu ditu. Joseba Bergaretxe (1989, Berastegi) proiektuaren arduradunak ALEAri azaldu dio Arabatik beste herrialdeetara salto egingo duela orain egitasmoak, Euskal Herriko herri txikien errealitateak arras desberdinak baldin badira ere, erronka komun asko partekatzen dituztelako.

Zergatik abiatzen da Herri Txikien Akademia. Eta zergatik Araban edizio pilotua?

Eusko Ikaskuntza bada bost bat urte lurralde orekaren gaia lantzen ari dela, eta gai horretan herri txikien etorkizunari buruz arreta berezia jartzen ari gara. Hainbat lan egindakoak gara, eta azkenengo bi urteetan Araban nahiko zentratuak gaude; aurretik aurkeztu genituen errelatoari buruzko ikerketa bat eta ekintzailetzari buruzkoa, eta oraingoan horri jarraipena emateko herri txikiena abian jarri dugu, eta ez bakarrik jarraipena emateko; gure helburua izan da erabiltzea pilotaje bat egiteko, eta Euskal Herri mailako dimentsioa emateko asmoa dugunez, Araban probak egitea edo zer nolako eredua erabili dezakegun ikustea.

Parte hartzearen aldetik, jarritako helburuak bete dira?

Proiektu honen helburua zen, alde batetik, bai herri txikietan bizi diren herritarrak biltzea, baina baita ere herri txikien etorkizunean inplikatuta dauden hainbat eragile, izan erakunde publikoak izan garapen agentziak eta abar. Prozesu honetan alde horietako jendea gonbidatu dugu. Egia da dinamika honetan, eta herri txikiak direla kontuan hartuta gainera, ezin dela maila kuantitatiboan neurtu, hau da, ikusi behar da zer ikerketa mota egin den, zer aniztasun mota egon den, kuadrilla bakoitzean zer nolako erantzuna izan den, hori helburuetako bat zelako, kuadrilla bakoitzean horrelako dinamikak egitea; eta orokorrean gu gustura  gaude izan duen harrerarekin.

Zer kuadrillatan piztu du interes handiagoa ekimenak?

Ez nuke esango kuadrilla batean  bereziki interes gehiago piztu denik. Orokorrean lurralde orekarena eta herri txikien gaia bada inguru horietan bizi direnek interesez bizi duten gaia. Esate baterako, lehenengo lantegia Kuartangon egin genuen, eta hor badago aurretik sortua ekosistema bat ekintzailetzaren inguruan eta abar; ondoren, bigarren saioa  Zalduondon egin genuen, Lautadan, baliatuta ere bertan badagoela tradizio bat balioen inguruan, belaunaldien arteko transmisioaren inguruan; eta Mendialdean gehiago zentratu ginen etxebizitzaren alorrean, azken finean bertako alkateekin eta batzar administratiboen presidenteekin bildu ginen etxebizitzaren errealitatea nolakoa den ezagutzeko.

Hiru ardatz aipatu dituzu: ekintzailetza eta enplegua, belaunaldi arteko dinamikak eta etxebizitza. Etxebizitzaren inguruan, zer erradiografia egin da? 

Etxebizitzaren alorrean diagnostiko komun bat dago epeei buruz. Esaten dutena da etxebizitza lortzeko herri txikietan itxaronaldia luzeegia dela; izan etxe bat eraikitzeko inbertsioa egiten duen norbaitena edo izan etxe zahar bat erosi eta konpondu nahi duen norbaitena. Bidean sortzen diren oztopoak luzatzen dira gutxienez urtebete, bi urte edo hiru urte, eta luzapen horrek jendea desmotibatu egiten du; normalean jende gaztea da etxebizitza bilatzen duena eta azkenean hiri handiagoetan amaitzen duena. Horrez gain, beste ideia nagusi bat da araudia dagoela hirietan pentsatuta batez ere, bai ondarea babesteko neurrietan, bai ematen diren lizentzietan; hirigintza antolatzeko irizpideak oso hiriko mentalitatetik eginda daudela eta horrek Arabako herri txikietan aplikatzeko orduan zailtasunak sortzen ditu. Alkate batek nahiz eta borondatea eduki prozesu hori errazteko, askotan  muga legal horiek topatzen ditu.

"Hirigintza antolatzeko irizpideak hiriko mentalitatetik eginda daude" 

Herrietan egon daitezkeen etxe hutsekin kezka dago?

Askotan etxe horiek izaten dira garai bateko familiaren etxebizitzak, eta hor gertatzen dena da aitona-amonak faltatzen direnean ondorengoek hartzen dutela etxe horren ardura, eta hor sortzen dira tirabirak. Aipatzen dutena da familia horiek normalean ez dutela ez alokatu ez saldu nahi izaten, nolabaiteko lotura sentimentala izaten dutelako etxebizitza horrekin, eta baloratu beharko da zer nolako aukerak egon daitezkeen segregazioa egiteko, alegia eraikin handi horietatik etxebizitza bat baino gehiago ateratzeko.

Behin etxebizitzaren diagnostiko hori egin ondoren, soluzioak ere zirriborratu dira?

Oraingo honetan egin duguna da lantegi bat, irailean egin duguna, eta bertan jasotakoarekin txosten bat prestatuko dugu eta urte amaieran diagnostikoarekin batera proposamenak ere egingo ditugu. Dena den, ekimen hau ez da arazoa eta soluzioa bilatzeko, baizik eta etengabe egoteko foro bat gai hauei buruz eztabaidatzeko eta momentuan dauden beharrei erantzuteko.

"Zerbitzu oso elaboratuak eskaintzen ari dira herri txikietako ekintzaileak"

Ekintzailetzaren inguruan egin den diagnostikoan, zer azpimarratuko zenuke?

Azpimarratu beharko litzatekeena da  landa inguruko ekintzaileek ez dutela aukeratzen landa ingurunea bera beraien proiektuarentzako onuragarriagoa delako edo abantaila gehiago eskaintzen dizkielako, baizik eta planteamendua kontrakoa dela: pertsona horiek aukeratu dute landa ingurunea beren bizi proiektuak aurrera ateratzeko, erabaki dute ez dutela herrian bizi eta hirian lan egin nahi, baizik eta herrian bertan eduki nahi dutela lanpostua, eta ekintzailetza izan da erabaki horri bidea emateko modua. Perspektiba horrekin ikusita, diagnostikoa ere zuzenagoa da.

Kezka eta traba asko sortu zaizkie?

Aipatzen dute edozein ekintzailek esaten duena, nolabaiteko bakardadea, nolabaiteko zalantzak pausuak emateko garaian, nahiz eta maila batean aitortzen duten badaudela maila indibidualean administrazioaren aldetik laguntzak eta badaudela programak eta estrategiak, baina nahiz eta diru laguntza horiek eman ezinbestekoa da ekintzailetzaren bultzada, kanpoko laguntzarekin bakarrik ezin dela aurrera egin.

Zer sektoretako ekintzaileak daude Arabako herri txikietan?

Aipagarria da sektoreak daukan dibertsifikazioa. Askotan ekintzailetza proiektuetan pentsatzen dugunean okurritzen zaizkigu lehen sektorearekin lotutako esplotazioak edo baita turismoa ere,  etxebizitza bat egokitu turismorako eta abar; baina guk hemen identifikatu ditugun kasuetan, asko dira zerbitzu eta produktu oso elaboratuak eskaintzen dituztenak, hirugarren sektorekoak, eta oso bideratuak beren eskualdeetako merkatuan dauden hutsuneak identifikatzera. Lehen sektoretik eta turismotik harago, era guztietako ekintzaileak daude.

Kultur sorkuntzarekin lotutakoak ere identifikatu dituzue?

Bai, badaude pare bat ekimen ezagutu ditugunak kulturari zentzu integralean erreparatzen diotenak, eta gero badaude beste proiektu batzuk, Kuartangon ezagutu genuen argitaletxea kasu. Kultura bera ere bada ekintzailetza horretan ardatz bat.

Belaunaldien arteko elkarlanari ere garrantzia eman nahi izan diozue.

Bai. Beste biak, lana eta etxebizitza oso elementu materialak dira, baina beti esan izan dugu herri txikiei balioa emateko garrantzia eman behar zaiola komunitateari eta komunitate horrek daukan bizitzari, gauza materialekin batera. Ez da zerbitzu eta azpiegitura on batzuk izatea, baizik eta herri horrek daukan bizitza ezinbestekoa dela herri horien etorkizuna bermatzeko. Horren inguruan hitz egin zen justuki herriek ezin dutela hiriekin lehiatu zerbitzuetan eta azpiegituretan, baizik eta bestelako elementu bat eskaini behar diela bertan sortu eta gelditu nahi direnei eta kanpotik etortzen direnei, eta komunitate bizitza izango litzateke gakoa. Horretarako behar dira elkarguneak; fisikoak, herriko taberna edo lokal bat; edo ospakizunak, Zalduondoko ihauteriak bezala. Jendea biltzeko guneak behar dira eta hori da funtsezkoa, eta herri txiki-txikiak direnean, ehun biztanle baino gutxiago dituzten herrietan hori da arazo handienetako bat, bizitza komunitario hori izateko  behar adina masa kritikoa ez edukitzea, gutxiegi direla edozein ekimena martxan jartzeko.

Noren esku geratzen da hemendik aurrera herri horietan adostu diren estrategiak aurrera eramatea?

Ondorioak eta proposamenak helaraziko dizkiegu gurekin batera proiektu honetan dauden erakundeei, Vital Fundazioari eta Arabako Foru Aldundiari, baina azken finean honen inguruko neurriak ez dira eragile batek edo  besteak hartzeko. Izan daiteke ildo batzuk landa ingurunean ekintzailetza proiektu bat aurrera eraman nahi duen norbaitek aplikatu ditzan, kultur elkarte batek aplikatu ditzan, edo erakunde batek bere programan sartu ditzan. Gure misioa ez da hainbeste erakunde batek enkargatutako diagnostiko bat egitea, baizik eta proposamen orokor bat egitea agente desberdinei bideratua.

Herri Txikien Akademia Euskal Herri osoan zabalduko da orain.

Azken finean identifikatu dugu behar bat badagoela, eta prozesu honetan hainbat herrik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik, interesa erakutsi digute, eta iruditu zaigu proiektu polita dela Euskal Herri mailako dimentsioa hartzeko. Antz gutxi dute Arabako eta Gipuzkoako herri txikien errealitateek, baina badaude erronka komun batzuk denen artean erantzun beharrekoak eta horretan lagundu nahi du Eusko Ikaskuntzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago