Larreako eta La Lezeko gaztak, Euskal Herriko onenak

Erredakzioa 2022ko urriaren 10a

Euskal Herriko XXXIX. Artzai Gazta Txapelketaren sari banaketa. / Argazkia: ARTZAI GAZTAK

Arabako bi gaztak irabazi dute Euskal Herriko Gazta Txapelketa, Idiazabalen: Larreako Gazta, lehen postuan, eta Ilarduiako La Leze gazta, bigarrenean.

Igande honetan ospatu da Euskal Herriko Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa Txapelketaren XXXIX. edizioa, Idiazabalen (Gipuzkoa), IX. Baserritar Egunaren testuinguruan.

Aurten, bi gaztandegi arabar izan dira garaile Idiazabal deiturako gazta lehiaketa nagusian: alde batetik, lehen saria lortu du Larreako Gaztak; bestetik, La Leze gaztak (Ilarduia) bigarren saria eraman du oraingoan. Hirugarren saria Mutrikuko Goienetxe gaztandegira joan zen, eta laugarrena, berriz, Ordiziako Otatza gaztandegira.

Patxi Lopez de Uralderen aitak, Pascual Lopez de Uraldek, lehen aldiz irabazitako saria jaso du, Larreako gaztandegiaren izenean; sari gorena, orain arte irabazi gabe zuten bakarra. 40 gaztandegik hartu dute parte, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako probintzia txapelketetan sailkatutako gaztandegi onenek (hamar lurralde bakoitzeko).

Joan den astean, Arabako Txapelketaren XXXVI. edizioan, Agurainen, hirugarren eta lehen postua lortu zuten Larreako eta Ilarduiako bi gaztandegiek, hurrenez hurren. Halaber, La Lezek Ordiziako txapelketa irabazi zuen irailean, Karrantzako edo ardi latxen esne gordinarekin egindako aurtengo gaztarik onena bihurtuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago