Marieli Arroniz 'Poti'

"I used to be a punk and I'm working in a bank..."

Ruben Sanchez 2022ko urr. 8a, 08:00

Marieli Arroniz 'Poti'. / Joserra Puelles

Maria Elisa Arroniz Perosanz (Gasteiz, 1962). Gaur egun unibertsitatea dagoen –eta lehen erietxe eta psikiatrikoa zen– Las Nieves-en jaio zen. Jaio eta hogei urtera bertara itzuli zen Cicatriz en la Matriz-en lehen entsaioak egitera. Lanak ematen ari zaizkio bataio agiriak lortzea, apostasia egiteko behar ditu eta.

Melomanoa, dantzaria, farandulera, Cicatriz en la Matriz taldeko kantaria, bankuko langilea, ama, ingeles filologoa izateko bidean. Betoñu-Gasteiz-Londres-Madril-Gasteiz. Bizitza asko bizitza bakarrean. 

Nor da Marieli Arroniz?

Betoñuko bide zaharrean hazi nintzen, bi familia bizi ginen etxe batean, bertan untxiak eta oiloak genituen; oso libre bizi ginen, nahiko basati, Vasconavarroko trenbidean txapak ipini, aireportu zaharrean ibili, suziri fabrikara… Rafael Santaolalla Gasteizko alkate faxista izan zenaren izena zuen eskolan ikasi nuen, gaur egun San Prudentzio egoitza dena; mojak ziren, eta gero San Antoniora aldatu ginenean Veracruzera, han ere mojak.

Eta familia?

Aitaren aldetik Ibisate eta Musituko aitita-amamak, Igoroingo errotariak izan ziren. Aita hamabi urte zituela heldu zen Gasteizera, esneketari, kamioilari eta azkenik tabernari hasi zen. Ciclos Soroa dagoen horretan Arroniz taberna ireki zuen, eta gero San Antonion Loretxu taberna. Amaren aldetik, Agrada de Haza eta Burgosko aitita-amamak. Amama Gasteizera etorri zen zerbitzari moduan Casa de las Jaquecas-era, mediku batenera, eta gerra ostean errefuxiatuta egon ziren Frantzian; aitita sozialista zen, gerra ostean mendian ibili, eta itzuli ahal izan zenean Gasteizko fundizio batean hasi zen lanean. Aldabe kalean bizi ziren. Biak mendizaleak ziren, Gorbeia mendian elkar ezagutu eta… liatu ziren. Aita 86 urte egin zituen arte astero joaten zen Gorbeiara.

Eta nolakoa zinen?

Beti dantzan ibiltzen nintzen, aurpegia mimo moduan margoturik, aktore izan nahi nuen… Musikazalea egin nintzen Fernando nire neba zaharrarengatik, oso melomanoa zen, diskoak erosten zituen eta batzuetan kontzerturen batera eramaten ninduen, Baionara Lou Reed ikustera, Jeff Beck, Stanley Clarke… Handik 40 urtera Gasteizko jazzaldian ikusi nuen berriz! Zarautzera ere eraman ninduen, 80. hamarkadaren hasieran sekulako martxa zegoen Zarautzen, musika berritzaile asko... Orduan, nerabezaroan ingeles zaletu nintzen. Gu izan ginen lehen urtea ingelesa ala frantsesa aukeratu ahal izan genuenak, eta nik jakin nahi nuen zer esaten zuten entzuten nituen kantek. 12 urterekin hilabete bat eman nuen Ingalaterran, nire ahizpa egona zen Frantzian bizpahiru aldiz, Anguleman, ikasle-trukea egiten, gero Nicole etortzen zitzaigun etxera, eta kulero gorriak zeuzkan, gu liluraturik geunden horrekin, Frantzia beste mundu bat zen! Nire kasuan, gero Ingalaterratik ez zen inor etorri.

12 urterekin!

Bai, Chesterrera, leku eder batera familia zaharmindu batekin. Bi txango egin genituen: Liverpoolera eta Manchesterrera, eta Beatles-en Let it be kantatu genuen.

Eta Loretxu taberna nolakoa zen?

Taberna ikoniko bat zen, pilota munduko jendea, abesbatzetakoak, antzerki eta farandulakoak –Felix Petite eta–, irakasleak. Giro euskaltzale-kultureta bat zen. Aitak larunbat arratsaldetan eramaten gintuen Reparadoresera bertan euskaraz meza entzutera, eta geroztik dakit Gure Aita esaten euskaraz. Bera ateoa zen, oso antiklerikala, baina guk euskara entzutea nahi zuen. Bide batez, egiteke daukat apostasia enpresa horretatik ateratzeko.

"Zapa izugarria zen, tribu guztiak elkartzen ginen han, oso sutsua, egurra"

Lan egiten zenuen?

Bai, B.U.P.-eko bigarren maila errepikatu nuen, tabernan lanean ari nintzen eta gero pixka bat despistatu kar, kar. Lehenengo porroak…

Eta Las Nenas-era.

Bai, Las Nenas-era joaten ginen, orain Santa Maria Fundazioak harturik du eraikin hori –Xurrut taberna ere izan zen gero–. Han jarraitu nuen nire musika zaletasuna garatzen. Leku izugarria zen, ezagutu zuenak badaki, haize freskorako gordeleku bat. Ardo poteatzaileak eta mendizaleak besterik ez zeuden hiri batean, han egon ahal zinen musika entzuten eta garagardoa edaten. Imajinatu: hiru neska lesbianek –Moru, Eba eta zendu zen Maribik– gobernatzen zuten taberna hura duela 40 urte. Orain aterpea dagoen lekuan bazegoen Twist izeneko disko-denda bat, kanpotik, Colonia eta Londresetik, disko asko ekartzen zituena; new wave-a etorri zen, rock gogorretik zerbait naif-agora pasatu zen, ez hain transzendentala, absurdoagoa, lau porro erretzen dituzunean esaten dituzun txorakeriak… Niretzat punk ezberdinak egon dira: punk bat "zuriagoa", The Recillos, esaterako, eta punk bat gogorragoa GBH, The Exploited, Destroy... badakizu tupa-tupa-tupa! Niri gehiago gustatzen zitzaidan erritmikoagoa, Nina Hagen, Undertow, Cock Sparrer, The Clash, tira, The Clash punk ere ez nuke deituko, Devo, B52, Talking Heads, The Psychedelic Furs…

Eta orduan sortu zenuten Cicatriz en la Matriz?

Izena eta taldea Las Nenasen sortu genuen Natxo, Pescadilla eta hirurok. Eta nola jarriko diogu izena bandari kar, kar? Bada, Cicatriz en la Matriz kar, kar, kar! 1980-1981 urteak ziren. Orduan joan ginen Las Nieves-era, Sor Auroraren kontsultategira, berak lortu zigun entseatzeko lokala sotoan; lurra hondarrezkoa zuen, Pedritok La Playa Sangrienta (Hondartza Odoltsua) esaten zion, ederra izena! The Bloody Beach! Han jack bat erori, eta agur! Hautsez beteta ateratzen ginen: Toñin baterian, Manolo Okendokoa baxuan, Peskadilla (Fernando) gitarran, eta Natxo eta biok kantatzen.

Hasierak nolakoak izan ziren?

Lehen emanaldia El Desv·n-en izan zen. Bigarrenaren ostean, Toñinek taldea utzi zuen, oso txikia zen, ume bat; "hauek zeharo jota daude", esan zuen. Kutxiko San Markos tabernan izan zen, ordutik orbain bat dut besoan, lurrera jausi eta kristal batekin egina. Botilak eta edalontziak hegan… Gainera, okertu ginen, izan ere, San Markosera joan ginen San Roquera beharrean. Ondoren, Natxok entzuna zuen bazela M16 taldean tipo bat bateria ondo jotzen zuena, eta musika zekiena, Pedro, Pedro Landetxe, orduan heavyak Pinton ibiltzen ziren, eta Pintora joan ginen haren bila. Pedro berehala hasi zen: "Hemen ordena pixka bat jarri behar da". Manolok utzi egin zuen, ez naiz gogoratzen zergatik. Pakito hartu genuen, look handia zeukan, guapoa, rolloa… Ez zekien jotzen, baina bueno. Gero, Pedrok esan zuen gitarra horrek ez zuela balio, eta Pepinen bila joan ziren, Pepin, Pepinillo. Gero, Pedrok pentsatu zuen bi kantari rollo bat zela, eta… Natxoren alde egin zuen. Guri The Recillos gustatzen zitzaizkigun, eta haiek bi kantari neska-mutil ziren, Natxok eta biok hala nahi genuen, baina… Matriza nirekin eraman nuen, eta Cicatriz geratu zen. Orduan punkean ez zegoen emakume askorik: Las Vulpes, Ultimo Resorte Bartzelonakoak, gero, Belladona. Ingelesez bai, Pretenders, Siouxsie and The Banshees, Blondie…

Zenbat kontzertutan kantatu zenuen?

Ez naiz ondo oroitzen, 10-12 bat, maketa ere grabatu genuen 84an. Gero, Inadaptados diskoan, koro batzuk grabatzen utzi zidaten, Inadaptados kantan. Gainera, nik jarraitzen nuen Natxoren neska laguna izaten, zazpi bat urtez ibili ginen elkarrekin. Urte haiek, badakizu, pasada asko izan ziren, polizia pila, dibertsio pila, denetik pila, kalea, tabernak, sekulako mobida Zapan. Zapa izugarria zen, tribu guztiak elkartzen ginen han, oso sutsua dena, egurra. Resiste-koak, troskoak, maoistak, feministak, antinuklearrak, prozesio ateoak. Gaur egun, pentsaezina da; lehen esaten genuena esango bagenu orain, Rosario de la Auroran gurutzeak buruz behera aterako bagina lehen bezala... Sekulako mobidak, orainetik begiratuta esaten duzu, jode! Aprieta el gatillo bera…

"Gaur kontserbadoreagoa da gazteria; ez ditut hain borrokalari ikusten"

Eta Cicatriz en la Matriz-en ondoren?

Saiatu ginen musika talde berri batekin: Los Arrancaus. Dorleta ile-apaintzaileak Esto no es Lourdes izeneko ile-apaindegi batean lan egiten zuen eta bertan entseatzen genuen; Dorleta baterian (Txanpik erakusten zion bateria pixka bat jotzen); Dieguillo kantari; Goar kitarran, 16 urte besterik ez zituen, eta bere ile luze horiaz jendeak uste zuen neskato bat zela; nik baxuan, GereÒuk eman zizkidan eskola batzuk eginez. Kanta batzuk sortu genituen, baina ez genuen kontzerturik egin. Nik kantatzen ikasi beharko nukeen. Jul Bolinagaren omenezko kontzertuan  kantatu nuen Arrasaten, eta izugarri gozatu nuen. Tira, bestela, lanean lehenik Onasis tabernan, musika pintxatzen Natxorekin, eta gero, Boden, Jonekin ateratzen nintzen, eta han ere musika pintxatu nuen. Nik Kikeren musika gustuekin bat egiten nuen gehiago. Bodek disko izugarri pila zeuzkan, gozada bat zen bertan pintxatzea. Jon beste neska batekin hasi zen, eta ni Londresera joan nintzen.

Bigarren aldiz?

Ez, 19 urterekin ere etxetik alde egin nuen, eta sei hilabetez egon nintzen Londresen, kontzertu pila bat ikusi nituen, Stiff Little Fingers… Gero, 90. hamarkadan, hamar urtez egon nintzen, oporretara joanda. Jende askok musikalki ez dio aldi horri estima handirik, baina niretzat oso hamarraldi ona izan zen, musika elektronikoarekin zaletu nintzen, gero, grungea, PJ Harvey, drum & bass… Ostalaritzan lanean aritu nintzen, jende aurrean hasieratik; nibeltxoa banuen ingelesez, hemen ikasten egon nintzelako eta 5. maila neukan Hizkuntza Eskolan. Londresen ingelesa ikasten jarraitu nuen, eta interprete lanean hasi nintzen.

Bankuan?

"Espainiako multinazional" batetik deitu zidaten. Ez nekien zein zen, bakarrik city-an zegoela.Lagun batek amerikana bat utzi zidan, eta hara joandakoan Banco Hispano Americano bankua zen; harreragile moduan egin nuen lan niretzat alien zen mundu hartan, tira handiusteen artean jator bat edo beste ere bazen. Hilabete baterako zena, urtebete luzatu zen, baina beti aldi baterako lanen bidez, eta Santander bankura aldatu nintzen kontratu finko batekin. Berehala hasi nintzen dealer edo broker baten laguntzaile moduan (ez zuten idazkari esaten, assistant hitz neutroagoa delako, mutil asko ere ari ziren lanean horretan). Niretzat erronka bat zen, agendak antolatu, harremanak… Ondo irabazten nuen, ipar-ekialdean bizi nintzen, eta aldiriko trenean azkar heltzen nintzen. Kanta bat idatzi nuen I used to be a punk and I’m working in a bank esaten zuena, ez dakit non egongo den, Josu Zabalari eman nion musika jarri ziezaion, eta neuk egin behar nuela esan zidan. Bitxia zen astegunez bankuan eta gauez kontzertuetan neraman bizimodua, baina 90ak ez ziren izan 80ak. Asko ikasi nuen han, asko.

Nolatan itzuli zinen?

Maitasuna. Elenaren ezkontzara etorri nintzen, kar, kar, topikotzar bat, eta Joserra ezagutu nuen, Manhattan deitzen zioten, pentsa! Entzuna nuen Manhattan gora eta Manhattan behera... nor izango ote da? Ezkontzan aurkeztu zidaten. "Hara, hi haiz Manhattan famatu hori, banian hi ezagutzeko gogoa!". Egun hartan ez zen ezer pasa izan, baina tilin pixka bat, gero Gabonetan Elenak antolatutako afari batean liatu ginen, eta elkarrekin egon nahi… Lekualdatzea eskatu nuen, eta Madrila bidali ninduten. Han hiru urte eta erdi eman nituen, eta Joxerra eta biok Madril-Gasteiz, Gasteiz-Madril joan eta etorri.

Eta…

Bada, guraso izateko gogoa etorri zitzaigun, niri lehen aldiz bizitzan, saiatu ginen eta azkenean Txinara joan ginen bila. Umeak hazteko Gasteiz atseginagoa egiten zitzaigun Madril baino. Gero ume zaintzagatik, denarekin deskonektatu nuen, kontzertu gutxi, irratia zerbait entzun, Hala Bedi, Radio 3…

Cicatriz en la Matriz taldeko kideak, 1984an. / Cicatriz en la Matriz

Dantzarekin zer harreman izan duzu?

Aitak beti esaten du dantzan hasi nintzela oinez baino lehenago. Txikitan euskal dantzak dantzatzen nituen, jotak nahiago nituen, mundu matxista zen hura ere: neskek sagar dantza, punta dantza, arkuari eutsi; mutilak bitartean makilekin, ezpatekin, saskiekin, erritmikoagoa eta potenteagoa… Neskentzat kañeroena jotak ziren, dantza sueltoa, arin-arina eta fandangoa; bestea dantzatzen nuen, baina oso motela zen. Sariketa asko irabazi genituen Patxik eta biok jotetan. Saltsa dantzatu izan dut, Fernando neba bisitatzen joaten nintzen, Karibean bizitzen egon zen 14 urtez. Orain flamenkoa pila bat gustatzen zait. Londresen deskubritu nuen, astean behin joaten nintzen han, eta geroztik ez dut utzi, Gasteizen Rosarekin egiten dut dantza. Flamenkoa pasionala da, eta neu ere halakoxea naiz; bitxia da, gure etxean espainolada gisa hartzen zen, gauza fatxa bat. Hemen Askoa etorri arte hala zen, Askoa Natxoren lehengusina, eskerrak bera etorri zen! Gainera Etxebarrieta da, orduan bai, orain bai, kar, kar! Bitxia izan zen, niri asko gustatu zaizkidan bi gauza: argazkilaritza, nire anaia Fernando argazkilaria izan eta kutsatu zidalako, eta flamenkoa, eta Joserrak biak zituen. Bere etxean liatu ginen lehen gauean, flamenko disko pila bat zituen eta argazkilaria zen. Eta txoratu nintzen, noski.

Eta orain?

Gasteiza etortzean bankuak bulego batean sartu ninduen. Hor nire bizitza profesionala sakrifikatu nuen, oso gaizki pasatu nuen, gaixorik ere ibili nintzen, oso sektore latza da, eta nik ez nuen saltzen. Gero kutxan jarri ninduten, eta askoz hobeto. 51 urte nituenean saiatu ziren ni botatzen. Eta orain ERE batekin, eta gero gerokoak. Bestela, ba, Ingeles Filologia bukatzen ari naiz, TFGa falta zait, nahiko nuke egin westernei buruz; bada Jim Jarmusch-en film bat asko gustatzen zaidana: Dead Man, Neil Young, Iggy Pop-eta… Mendebaldearen bila joan baina topiko guztiak hankaz gora jartzen dituena. Nahiko nuke post western horren gainean jardun. Azkenean, gustatu zait Ameriketako ingelesa, ni lehen beti british-british eta azkenerako gustatu zait black english-a, txikanoena, beren idazkerak…

Zure gaztaroko Gasteiz hartatik zerbait geratzen al da?

Badago halako revival bat. Gazte batzuek Cicatriz eta halako taldeak entzuten dituzte, baina nik pixka bat lekuz kanpo ikusten dut hori, beste mundu batean gaude. Bestalde, Gasteiz karkagoa egin da. Nik Gasteiz utzi nuenean protesta eta egur asko zegoen, kalea, aldarrikapena. Gaur kontserbadoreagoa da gazteria; ni unibertsitatera noa haiekin, maite dut haiekin egotea, baina ez ditut ikusten hain borrokalari, pentsakor, engaiatuta, irentsi eta irentsi egiten dute, asko. Ez oraingo gazteek bakarrik, 40 urteko jendeak ere bai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago