Mercedesek Gasteizen ekoitziko du furgoneta elektrikoaren modelo berria

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 19:20

Furgoneta elektriko berria 2025ean ekoizten hastea espero dute. / Argazkia: MERCEDES-BENZ

Mercedes-Benz enpresaren Alemaniako zuzendaritzak Gasteizi esleitu dio furgoneta %100 elektrikoaren eredu berriaren ekoizpena. Horrek 1.200 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du.

Espero zen albistea da, baina Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendaria erdi-mailako arduradunei jakinarazten hasi da. El Correo egunkariak argitaratu du gaur, eta, oraindik ofiziala ez bada ere, errealitatetzat jo daiteke jada: Gasteizko fabrika arduratuko da furgoneta erabat elektriko berriaren ekoizpenaz. Ziurrenik Dusseldorf (Alemania) eta Kecskemét-eko (Hungaria) lantegiekin partekatutako produkzioa izango da, baina oraindik xehetasun guztiak zehaztu behar ditu multinazionalak.

Horrekin batera aurreikusitako 1.200 euroko inguruko inbertsioak, gainera, Gasteizko lantegiaren jardueraren etorkizuna ziurtatuko luke, gutxienez datozen bi hamarkadetarako.

Duela astebete, Gasteizko alkate Gorka Urtaran Emilio Titosekin bildu zen, erronkari ekin ahal izateko eginbehar nagusiari buruz hitz egiteko: zentzu horretan, Mercedeseko zuzendaritzak 23,8 hektareako lursail bat birkalifikatuz fabrika handitzeko proposamena egin dio Udalari.

Dena ondo bidean, aurreikuspenen arabera, VAN.EA modelo full electric berria 2025etik aurrera ekoizten hasiko litzateke. Aldi berean, gaur egungo Vito eta V furgoneten (errekuntza bidezkoak) ekoizpena mantenduko litzateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago