Mercedesek 20 hektarea birkalifikatuz fabrika handitzea proposatu dio Udalari

Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 13:20

Gorriz, industria erabilerarako bihurtzea proposatutako lursaila. / ALEA

Zabalganeko 5B bizitegi-sektorea industria erabilerarako bihurtzea eta basoari eragin gabe 23 hektarea okupatzea proposatu dio Mercedes-Benzek Gasteizko Udalari, fabrika handitu eta urtean 200.000 furgoneta elektriko ekoizteari ekiteko asmoz.

Mercedesek Gasteizen duen fabrika handitzeko proiektuak urrats erabakigarria eman du gaur, Emilio Titos zuzendariaren eta Gorka Urtaran alkatearen arteko bilerarekin. Bertan, Alemaniako konpainiaren ordezkariak proposamen zehatz bat egin dio Udalari, V eta Vito klaseko furgoneta elektrikoak ekoizteko iragarritako 1.200 euroko inbertsioa bermatzeari begira.

Egungo instalazioak hego-ekialderantz handitzeko proiektuaren eskakizun nagusia 23,8 hektareako eremua okupatzea da, Zabalgana parkearen ondoan, Areatza kalea eta Mariturriko Bulebarra elkartzen diren eremuan; betiere, Eraztun Berdearen basoari eragin gabe.

Horretarako, Titosek Udalari eskatu dio bizitegi-sektore oso bat (Zabalgana auzoko 5B sektorea) industria erabilerarako bihurtzea. Aldaketa baimenduko balitz, bertan aurreikusitako 1.200 etxebizitza eraikitzeari utziko litzaioke.

Proposamenak aurrera egin ahal izateko, udal gobernutik (EAJ-PSE) kanpoko talde politiko baten babesa beharko luke osoko bilkuran. Gasteizko Udalak ohar batean azaldu duenez, gaur egungo instalazioak parean izanda fabrika handitzeko aukera bakarra litzateke hori.

Emilio Titos eta Gorka Urtaranen arteko bilera. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago