Lau irabazle utzi ditu Oporklik! 2022 udako argazki-hizki lehiaketak

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 14:10

Lau irabazleen lanetako lagina. / ALEA

Oporklik! udako argazki-hizki lehiaketaren irabazleak honakoak dira: Ariadna Murguialday, Aitor Oyarzabal, Ainhoa Fernandez eta Iratxe Aguilera.

Udan zehar egindako bidaiak zein bizitako esperientziak argazkien eta hitzen bidez kontatzea izan du oinarri Oporklik! 2022 udako argazki lehiaketak. Irailaren 18era arte, proposatutako bi kategorietan, 48 lan jaso zituen Gauekoak programak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak.

Antolatzaileon partetik, eskerrak eman nahi dizkiegu parte-hartzaile guztiei gurekin haien oporrak irudi bitartez partekatzeagatik, eta bestelako ekimenetan ere gurekin bat egitera animatzen ditugu.

Orain, bozkatzeko epea agortuta, iritsi da momentua epaimahaiak eta herritar botoak hautatutako irabazleak ezagutarazteko. Guztira, lau irabazle ditu lehiaketak; bi testuz lagundutako argazki sortetan eta beste bi argazki bakarreko kategorietan:

    • Budadiri - Mbale, Ariadna Murguialday. Saria: Garaiko Landetxean bi gau (gosaria barne) + Durangoko azokan gastatzeko 150€
    • Azken finean, Aitor Oyarzabal. Saria: Garaiko Landetxean bi gau (gosaria barne) + Durangoko azokan gastatzeko 150€
    • GustUra, Ainhoa Fernandez. Saria: Parral tabernan bi pertsonentzako bazkaria + Errigorako Saskia.
    • Kolorez beteriko begirada, Iratxe Aguilera. Saria: Parral tabernan bi pertsonentzako bazkaria + Errigorako saskia.

 

Erakusketa

Aurreko edizioetan bezala, Oporklik! lehiaketa ere erakusketa batekin borobilduko da:  urriaren 21ean, 18:00etan, Gasteizko Falerina tabernan, emango diogu hasiera argazki sarituen erakusketari eta bertan banatuko ditugu sariak.

Irabazleen lanak

Ariadna Murguialday

Budadiri - Mbale

Hilabete bat pasa dut bidai hau egiten ia egunero, ordu bat joan eta beste bat etorri. Ipurdia eta

hankak ohituak ditut jada, baina…

- Ready?

- Yeah, ready.

Bodabodaren motorra zarataka hasi da

- Nice come back.

- Yeah, thank you, see you on monday (John-i eskua eman diot.), good afternoon John.

- Yes, good afternoon my dear

Eskuak hanka artean, jarlekua helduz, bertatik ez jauzteko.

Brum, brum, brum, bira eta martxan gaude.

Nathan-en atea atzean utzi, emaztea agurtu, kurba itxia.

Branch gurutzatzen gabiltza.

- Mulenbe mai

Elkarrizketatutako emakumea agutzen dut, tomateak salgai dauzka gaurkoan.

Irratiaren soinua topera dabil eta gizon multzo bat elkarrizketan dabiltza.

- Mulenme bababa (Agurtzen ditut)

- Mulenbe mai (Irribarretsu begiratzen didate bueltan)

- Mutiena!

- Mulay!

Nathanek barre egiten du

- You have learnet a lot of Lugizu!

- I did, yes. I love surprising them.

Harri bat bidean, salto txiki bat.

Branch (Wotawaren etxea)

Eliza (Saving group bat hemen dago)

Budadiri center (Zalapartaren zentroa)

Jendea begira, betiko eran, egunero ikusten naute hemendik pasatzen, ez naiz berritasun bat, kontxo. Zein izango da denbora tartea, non jendea ez den harrituko?

Bidegurutze handia (Beti daude tipo berdinak gurutze honetan)

Futbol zelai ona (Espero dut neskei ondo joatea, ea europar talde batek fitzatzen dituen)

Zubia (Beste 6 falta dira oraindik)

Gasolindegia (Eguneroko derrigorrezko geldialdia)

- Hi! How are you?

- I'm good.

- I always see you with this one.

- Yeah, I like him because he is a good driver.

- I see.

Futbol zelaia / kafea lehortzeko zelaia (5 tak dira, kafea lehortzeko momentua, seiretan futbola etorriko da, eguzkia tregua apur bat ematen duenean)

In and out seinaledun gasolindegia (Ez dut inoiz jendea bertan ikusi)

Mezquita, zelaia eta ur iturria (Pelikuletako eremu laua)

Portxean auto bat duen etxea (Ostia! guar tipo bat dago autoaren gainean)

Primary school of Mbale (Heltzear gaude)

Ufa, etxera heldu naiz azkenean

- See you on monday!

Egarri naiz.

Aitor Oiarzabal

Azken finean

Eta hor nengoen ni, berriz ere New Yorkeko kaleetan paseatzen, beti bezala. Gezurra dirudi, kaleetatik egunero ibili arren, txoko bat ere ez gogoratzea. Trafikoa entzun, kea usaindu,beroa sentitu. Kutsadura hain zen nabarmena, ia senti zitekeela. Baina jendeak ez zuen ezer egiten. Biztanleak oso azkar ibiltzen dira espaloian, eta, seguruenik, kezkatuago daude lanera berandu ez iristeagatik, inguruko etxe orratz handien ikuspegiez gozatzeagatik baino. Etorkizunean damutuko direlakoan nago. Pena bat da, nire egoeran pentsatzea diot: zerua ikusi ahal izan arren, inolako kezkarik gabe burua makurturik eta telefonoa begiratzen ibiltzen den jendea inbidiatzen dut. Badirudi Instagramek hondamendietatik salbatuko gaituela hashtag sinple batekin. Eta nik, ordea, mundua ikusteko hiltzen naizela, nolabait lagundu nahi dudala, betiko iluntasunean bizi naiz, nire izaeratik esklabo.

Haitzulo honetatik atera nahi nuke. Arnasa hartu behar dut. Ito egiten naiz. Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat, ezta? Batzuetan bi baino gehiago, hiru baino gehiago behar badira ere... Zer egin ote dudan galdetzen diot neure buruari, nork erabaki duen honaino iritsi dela nire bizitzako ibilera, ez naizela mundu honetan jarraitzeko modukoa. Aldatzeko prest nago, ez zait axola nire irudia guztiz eraldatzea baldin eta horrek hemen jarraitzea badakar, eta, bide batez, eredu izatea ni bezalako egoeran daudenentzat.

Mundua guztiz suntsituta geratu aurretik ikusi nahi dut, behintzat azkenengo aldi batean. Hala ere, nik ezin dut ezer egin, eta are gutxiago bakarrik. Azken finean, plastikozko botila bat baino ez naiz zabor poltsa batean sartuta.

Ainhoa  Fernandez Agirre : GustUra

Iratxe Aguilera: Kolorez beteriko begirada

Beste lan guztiak ikusteko:

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago