Oporklik! 2022 (5 argazki + azalpen testua)

Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 12:45

Oporklik! 2022 lehiaketako kategoria honetan parte hartu ahal izateko 5 argazki eta azalpen testu bat bidali beharko dituzu. Fitxategiak eta parte hartzeko gainontzeko datuak honako galdetegian aurkituko dituzu.

Leire Garcia Ruiz

Argazki-sorta honekin nire bidaian behin eta berriro behatu ditudan iruditegiak erakutsi nahi ditut. Oporrak Losa haraneko herri, errepide eta basoetan eman ditut. Hango lagunei eta inguruneari esker kanpoko mundua ahaztea lortu dut. Baserri bizimodu eta erritmo lasaia balioestea erraza suertatu zait eta hor bertan hainbat argazki atera ditut. Herrian egonaldiren bat egin duen edonork ikusiko dituen animaliak erretratatu eta gero, ohartu naiz zeinen garrantzitsua den oroitzapen hauek ondo gordetzea. Begiratu batean txikikeria edo txorakeria dirudi, baina argi daukat denbora aurrera doan heinean, betiko gauzak dira gogoan izango ditudanak.

Herritik noala egunero hainbat animalia ikusteko aukera dut. Exotikoak edo basapiztiak ez izan arren, bakoitzak bere xarma dauka. Hasteko, denok ezagutzen dugun kale-katua, auzokideon janariaz elikatzen dena. Halaber, arrautza goxoak jartzen dituzten oiloak edota ahateak. Egun euritsuen ostean, barraskiloak haien babeslekuetatik atera eta kaleak mantso-mantso zeharkatzen dituzte. Amaitzeko, gaueko izaki txiki eta bitxiak ditugu: apoak.

Badira argazkitik kanpo geratu diren animalia gehiago. Haiei ere paragrafo txiki bat eskaini nahiko nieke.

Errekan ikusitako igel eta zapaburu dantzariak beti bezain alai eta koloretsu. Oinak musukatzen dituzten arrain ñimiñoak eta karramarro lotsakorrak. Landa eta basoetan salto eginez ibiltzen diren orkatzak. Eguzkitan harrien artean aurkitutako sugandilak eta sugeak. Zelaietan bizi diren intsektu distiratsu eta hegalariak. Eta azkenik, goizean esnatzen nauten txoriei eta lehenagoko animalia horiei guztiei:

Eskerrak

Ane Alava

ITSASALDIA

Uda honetan Greziako uharteetatik itsas bidaia egin dut eta herrialde honetako hainbat irla miresgarri ezagutu ditut. Itsasaldiaren ibilbidea hurrengoa izan zen, lehen egunean Patmos ikusi genuen, hurrengoan Creta eta Santorini eta bidaia amaitzeko Atenas eta Mikonos. Gurutzaldi bat egiten nuen lehen aldia izan zen eta ziur nago etorkizunean poza handiz gogoratuko dudala. Gure itsasontziko bizitza nahiko lasaia zen, goiz goizean esnatu eta gosaltzen genuen eta behin egun horretan bisitatu behar zen uhartearen portura ailegatzean itsasontzitik jaisten ginen. Uharteak ikusteko 5-6 ordu genituen, batzuetan bisitak gidari batekin egiten genituen eta beste batzuetan gure kabuz. Behin denbora amaituta gure ontzira bueltatzen ginen bazkaltzen genuen eta arratsaldean uharte berri bat ikusten genuen.

Eguna amaitzeko afaltzen genuen eta gero gaueko ikuskizuna ikusten genuen. Espektakulua gauero egiten zen baina egun bakoitzean gaia desberdina zen, adibidez; Greziako dantza tradizionalak edo Eguzki zirkua. Behin ikuskizuna amaituta kamarotera bueltatu eta hurrengo egunera arte.

Grezia dela eta, leku zoragarria iruditu zitzaidan. Filmetan bezalakoa zen, guk esaten genuen “Mamma mia” filma bizitzen ari ginela. Baina esan-beharra dago dena ez dela filmetan kontatzen edo erakusten den bezalakoa, Grezia beste aurpegi ezkutua duela. Grezia herrialde txiroa da eta makina jende dago kalean bizitzen eta kalean zenbat katu dauden abandonatuta nabarmentzekoa da.

Beraz, esan daiteke Grezia bi munduko herrialdea dela. Alde batetik, jendeak argazkiak ateratzen eta sare sozialetan partekatzen duten mundua eta beste aldetik, hain ezaguna ez den mundua non jendea bizi baldintza duinetan bizi diren. Bitxiena edo hunkigarriena uharteetako kaletik ibiltzen bazoaz bi mundu hauek elkarrengandik oso hurbil daudela ohartu zaitezke.

Ane Alava

Polonia, koloreen herrialdea 

Uztail honetan azkenean Poloniara bidaiatu dut, azkenean esaten dut bidaia hau pandemia hasi baino lehen egiteko pentsatuta eta prestatuta zegoelako. Polonian egon naizen lehen aldia izan da eta inondik inora izan da nik uste nuen bezalakoa. Joan baino lehen nire buruan herrialde grisa eta goibela bezala irudikatzen nuen klima hotzaz eta jende erretxinaz osatuta. Baina nire harridurarako nik neukan ideiara ez da batere ez hurbiltzen.

Norbaitek Polonia deskribatzeko eskatzen badit herrialde girotsua, koloretsua eta atsegina dela esango nuke. Herrialde honetako 3 hirietan egon nintzen, hasteko, Wroclaw hiria bisitatu nuen. Hemen egun bakarra egon nintzen eta leku liluragarria iruditu zitzaidan, hiri honetan koloretako etxeak nabarmentzekoak dira. Etxe bakoitzak kolore eta itxura desberdinetakoak dira eta kaleetatik ibiltzean ipuin batean murgilduta egongo balitz bezalako sentsazioa ematen du.

Behin Wroclaw-ri agur esanda Krakoviara ailegatu nintzen. Hiri hau Poloniaren hiriburua ez izan arren oso ospetsua da batez ere bere ingurune historiko eta auzo judua. Krakovian nabarmentzekoa da artea eta arkitektura, hain garrantzitsuak dira bi baliabide hauek UNESCO-k Historia Unibertsalaren Leku babestua izendatu duela. Gainera kaleak girotuta daude, kaleartea bultzatzen baita bertan, bereziki erdigunean ikuskizunak eta musika zuzenean aurki daitezke.

Azkenik, Varsovia bisitatu nuen egun batez. Hiriburu honetan arreta deitu zidana etxe orratz modernoak eta eraikin historikoak elkarrengandik oso hurbil zeudela. Modernotasun eta kulturaltasunaren arteko nahasketa ikaragarria ikus zitekeen leku berdin batean. Varsoviaren ingurune historikoa oso polita eta koloretsua da, etxe bakoitzak kolore ezberdinetakoak baitira.

Polonia poztasunez gogoratzen dut, harritu ninduen hiri koloretsua bezala oroitzen dut.

Izaskun Elu

DENBORA

Hogeita zortzi urte ditut eta biziki gustuko dut familiarekin bidaiatzea. Tamalez, ahizpa eta biok etxetik kanpo bizitzera joan ginenetik, etxeko laurok opor kontuan bat egitea lan mardula da; batak lan egin behar duela, besteak konpromisoak dituela… Zailtasunak zailtasun, urtero jarraitzen dugu elkarrekin bidaiatzeko egun batzuk topatzen.

Uda honetarako Norvegia aukeratu genuen. Ama eta biok eguzki eta bero zaleak izan arren, aitak eta ahizpak konbentzitu gintuzten, Norvegiako hiri lasaiez eta paisaia ikusgarriez txundituko ginela eta natura bere indar adierazpen guztietan ikusiko genuela esanez.

Arrazoia zuten. Norvegiako fiordoez maitemindu ginen, harrizko mendi sendo eta isilak. Amets batean geundela zirudien. Fiordoen artean fiordo sentitzen ginen. Itsasontzian gindoazela begiak ahal genuen beste zabaltzen genituen, begien kliska bakoitzean parez-pare genuen irudia ahalik eta gutxien galtzeko. Bergen eta bere etxe koloretsuak ezin politagoak iruditu zitzaizkigun. Funikularra hartu eta 300 metro goragotik Bergeneko irudi zoragarriaz disfrutatu genuen. Jaisterakoan herria bisitatu eta arrain merkatu tipikoa ezagutu genuen.

Flameko trenean ere igo ginen. Vintage itxurako konpartimentuetatik, Flam bailararen pasaia aldaketez gozatu genuen. Urdin kolore distiratsuko erreka bidelagun izan genuen. Baserri txiki ugari ikusi genituen bidean. Sekula ez nuke imajinatuko hain urruti eta isolatuta jendea bizi zitekeenik. Hogei kilometro horietan, ur saltoak, erreka-zuloak eta amildegiak ikusteko parada izan genuen.

Laurok atsegin dugu eskiatzea eta Bergenetik hiru ordutara, Fonna glaziarrean, eskiatzeko aukera genuela esan ziguten. Bi aldiz pentsatu gabe hara joan ginen. Uda zen eta hara non, gu eskiatzen geunden, bai sentsazio ona zein bitxia!

Orain, Gasteizen nagoela, ohiturek bere horretan jarrai dezaten besterik ez dut espero. Segi dezagun maite ditugunei daukagun altxorrik preziatuena eskaintzen: gure denbora.

Julen Ziarrusta

DESERTUAK KONTATU ZIZKIDANAK

Marrakechera hegazkinez iritsi ginen. Maleta bete arropa bizkarrean eta bihotza gogoz betea bularrean. Akaso gogoa urduritasunarekin nahastua ere. Akaso urduritasuna bakarrik, eta datorkigunarekiko ezjakintasuna. Eta hobe ezer ez jakitea, dakizun hori ez delako benetan denera hurbilduko ere.

Abuztuan Marokoren erdialdean kokatzen den hiri batean, egunez bizitza egitea zailtzen da, hortaz bizitza gauez pizten da. Argia, kolorea, usaina, soinua… Eguzkia sartu hala ateratzen dira. Eta trantzean bezala, bat egin genuen hiriarekin. Medinaren okre kolorearekin.

Bidaiaren nekeak ohera bidali gintuen goiz, goiz esnatzeko promesa eginda.

Goizean trena hartu eta iparralderantz. Arratsaldean iritsi ginen Tangerrera.

Alde berri bat badu Tangerrek. Hotelak, jatetxeak, dendak, tabernak. Bertakoek “alde itsusia”deitzen diote, eta guk, bat egin.

Alde polita, aldiz, estuagoa da. Hurbil bizi dira auzo-lagunak, ez baitago bizitzeko beste modurik. Leihoa ireki eta ondorengoaren leihoarekin topa egiten duzu. Sabaira igo, eta auzo osoaren sabaiak ikus ditzakezu. Bata bestearen gainean, eta era berean, inork bestea zapaldu gabe, mailarik gabe. Etxe guztiak, zuriak.

Tangerren pasatako gauek erritmo ezberdin bat eman zioten bidaiari. Gnawaren erritmoa. Hirukotxoen erritmoa.

Eta erritmo horri jarraiki, bere oinarriraino. Deserturaino. Berriro okrea. Berriro, baina inoiz ikusi ez genuen bezala. Zabala eta luzea, ia amaigabea.

Ez dago desertua alderatzerik. Ez du honen antza, edo bestearena. Ez da ezagutu dudan ezer bezala, eta hala ere, duen isiltasunak ezagutu dudan guztia pentsatzera eraman nau.

Desertuak ez du hitz egiten, baina zu baliatzen zaitu bere mezua bidaltzeko. Bere burua zure aurrean biluzten du, eta hala ere ez da inoiz zaurgarri agertzen. Desertuak ez du hitz egiten, baina gauza asko kontatzen dizkizu.

Gau bakarra igaro genuen desertuan. Gaua igaro bai, baina loaren deia ia entzun gabe, Gnawaren hirukotxoak gailentzen baitziren.

Sara Berasaluce

Hutsune gune

"Etxe hau gustatzen zaigu, agian, gehien deskonektatzen dugun leku bakarrenetako bat delako.

Eta hemen ez dauden, egongo ez diren eta egon zirenak gogoratzen baditugu ere, egun batzuetarako deskonexio hau partekatzeko lagunak gonbidatzea gustatzen zaigu.

Azken finean, egunak falta zaizkit bigarren opor-etxe honen magia argazki bidez irudikatzeko.

Hau da, hutsune gune, oroimen leku."

Ane Fernandez Agirre

NATURAREKIN MINTZATUZ

Naturak modu ez-zuzen batean hitz egiten gaitu, bere klima edo elementu natural oro erakutsiz.

Natura misteriotsua dirudien arren, guztiz aurkakoa da: ez ditu sekreturik. Bere zirrikitu guztiak erakusten dizkigu, edozein izanda egoera; elurrarekin, basoekin, harriarekin, urarekin... Hau da, ez ditu bere azala inguratzen dituen geruzak ezkutatzen.

Argi dago naturak une eta txoko paregabeak eskeintzen dizkigula gugandik ezer jaso gabe; beraz, ez al da garaia keinu hori eskertzeko natura zainduz?

Olaia Aranburu

Oroitzapenak

Uztailean Galiziara bidaiatu genuen Ederrek eta biok, bost eguneko deskonexioa bilatzeko asmoz. Nire zorterako, Eder txikitan uda garaian Galiziako “aldea” batera joan izanak, sarritan egin ditudan “pack turístico” horietatik aldentzeko aukera eman zidan. Cencasas izeneko aldea izan zen gure kanpamentu basea, Ederren amonaren etxea, turismoaren atzaparretatik at. Bertan, lasaitasuna, behien “muuuu” hotsa, gaueko freskotasuna eta etxeko ogi usaina gailentzen ziren, negu garaian nostalgiaz gogoratuko ditugun sentsazioak.

Toki tipiko ugari bisitatu genituen; esaterako, Combarro herri misteriotsua. Han ikusi nituen lehenengo aldiz meiga ospetsuak, gaiztakerien sorgin xarmangarriak.

O Grove eta Toja Irlan hare txuri eta ur hotzetan bainatu ginen. Kantauri itsasoa hotz dagoela esaten dutenek, ez omen dute Galiziako ura probatu!

Santiago ere ezagutu genuen eta hara iristen ziren erromesen emozio aurpegiekin hunkitu ginen, hurrengo oporretan Donejakue Bidea egiteko gogoa sartzeraino.

Eta Galizia ez litzateke Galizia izango bertako gastronomia gabe. Beraz, horixe egin genuen, jan eta edan asetzeraino: olagarroa, enpanada, piper berdeak, itsaskiak…. Noski, hartuko genituen kiloez arduratu gabe, uda gozamenerako egina dago eta!

Gu, ilunabarren maitale sutsuak izanik, ezin genuen munduaren amaieran eguzkia zelan sartzen den ikusteko parada galdu. Zerbeza pare bat eskuetan eta Finisterrera hurbildu ginen, beste hainbat pertsonek egin zuten bezala. Hainbeste ikusle ginen han, lan mardula izan genuela esertzeko txoko bat bilatzen. Baina lortu genuen! Baita disfrutatu eta txalokatu ere!

Zeharo indarberrituta itzuli ginen Galiziatik, gure helburua lortuta. Eta, ikasturtean zehar pilak ahultzen ari zaizkigula sentitzen badugu, oroitzapen hauetara joko dugu. Mikel Laboak abesten duen moduan, gure oroitzapenak, itsas galeretako oholak bezala, ez baitira itsas hondoan ezabatzen.

Mirari Ullibarri

Mexikora bizitzera joan nintzenean mundu guztiak kontuz ibiltzeko esaten zidan; "kontuz taxiekin", "kontuz janariarekin", "kontuz metrotan", "kontuz kalean", "kontuz telefonoarekin", "kontuz ezezagunekin", "kontuz diruarekin"...

Kontatutako hainbeste istorioekin, lehenengo astan kalera ateratzea Tom Cruisen pelikula baten antza zeukan. Une oro izkina guztiak begiratzen, une oro kalean atzetik zetorren pertsona aztertzen. Denborarekin lagunak egiten hasi nintzen, bertako jendea ezagutzen, bertakoa zen dena dastatzen, eta honela Europatik zetozen aurreiritzi guztiak apurtzen.

Aurten Mexikora bueltatzea erabaki dut, honakoan denbora tarte laburrago baterako, honakoan oporretan joateko.

Oraingoan 24 egunetan; Mexiko hiria, Puebla, Oaxaca, Puerto Escondido, Mazunte, Huatulco, Tuxla Gutierrez, San Cristobal de las Casas, Palenque, Merida, Valladolid eta Rio Lagartos ikusi

ditugu. Leku bakoitzean, hamaika autobus hartu ditugu, Mexikon mugitzen alternatibarik egokiena hura baita. Ur-jauziak, lakuak, hondartzak, mendiak edota zenoteak ikusteko ez dago "konbiak" bezalako transporte hoberik.

Imaginatuko zenutenez, opor hauen ostean, beste opor batzuk behar nituen, baina tira esaera zaharrak esaten duen bezala: “gogoko lekuan aldaparik ez”.

Idazkiarekin bukatzeko, Mexikora bidaian edota bizitzera joateko intentzioa izatekotan, hiru gomendio emango dizkizuet. Lehenengoa, eta agian garrantzitsuena, kalea bizi ezazue: kaleko jendearekin hitz egin, kaleko postuetan jan eta herrietako merkatuetan erosi. Bigarrena, erabili ezazue garraio publikoa, nire ustez herrialde bat ezagutzeko, metroan eta autobus/peserotan ematen diren egoerak ikustea zein bizitzea beharrezkoak dira. Hirugarrena, seguruenik ezagunena, ez izan guiria, egia da, batzuetan nahita ezkoa da guiria izatea zenbait lekutara iristeko, baina benetan ahal duzuen heinean, ihes egin giro horretatik.

Virginia Suso

Urte honetan, gure 30 urtebetetzea ospatzeko, Siameko antzinako erreinua, Thailandia gaur egun, ezagutzea erabaki genuen kuadrilan. Gure bidaia Bangkok zalapartatsuan hasi zen. Hiriburua kontrastez beteta dago, zalapartatsua baina eder ederra aldi berean, tenplu budistekin izkina bakoitzean eta kaleko postuz beteta nonahi. Gure bidaia jarraitu genuen Chiang Mai-ko oihanean zehar, non egunsenti eta ilunabar ederrez gozatu genuen, trekking eta rafting egiteaz gain. Thailandiako berdeaz gozatu ondoren, gure bidaia herrialdearen hegoaldeko uharteetan amaitu genuen, Thailandiako ur gardenetan murgilduta, arrain eta marrazoen artean igeri egiten, non gure begiekin ikusi genuen koralaren desagerpen motela. Zalantzarik gabe, planeta honen balio kalkulaezinaren eta hura zaintzeko dugun erantzukizunaren oroigarria izan da bidai ahaztezin hau.

Izaro Fagundez Osa

BEGIEN ATZETIK

Gurpilek bidea egin ahala, begiek ere haien eginbeharra betetzen zuten. La Rochellen hasiak ziren jada martxan gurpilen erritmoari jarraitu nahian, eta atzetik segika zebilen argazki makina ere, harrapaketan jolasten bezala. Gurpilak kandaduarekin lotu eta herriko harresietan barna ibili ginen. Begiek ikusten zituzten itsasontziak, eraikinak, jendea, faroa. Belarriek entzuten zuten musika, jendea, olatuak, txoriak. Nireek bereziki gauza bat entzuten zuten: aita. Bretaña osoa zeharkatuz, La Rochelletik eta Saint-Michelera arte, entzun behar izan genuen, behin eta berriz, zeinen ondo prestatuta zeuden leku guzti horiek bizikletaz ibiltzeko eta Euskal Herriak baduela horrelako bidegorrien beharrik. Ba bai arrazoi duzu aita, arrazoi guzti guztia, baina hori oporretako banda sonora ofiziala izatera heltzea ere!

Gurpilei jarraituz, begiei segika eta argazki makinaren atzetik heldu ginen beste hamaika herritara. Baita herriak ez ziren lekuetara ere. Bretañan itsaslabarrek suge forma dute eta itsasoaren zati handi bat kontrola daiteke bertatik. Horregatik (historiako irakasle papera hartuko dut orain, bertan anaia txikiarekin egin nuen bezala), historian zehar leku estrategikoak izan dira militarki bai Europara baina bereziki Frantziara ekialdetik itsasontziz sartzen zen oro zelatatzeko eta defendatzeko. Harri artean pasieran genbiltzala, halako batean, “Hori… bunker bat da?!”. Ba bai bunker bat, bene-benetakoa. “Aita baina benetakoak dira seguro?”, “Aita noizkoak dira?”, “Aita zulo horiek bonbazoak ez dira izango?”, “Aita zuk uste marka horiek balazoak direla?”... Antza denez, aitak gehiago daki bidegorriei buruz bunkerrei buruz baino.

Kalaz kala eta herriz herri eraman gintuzten gurpilek Saint-Michelera azkenean. Ez dakienarentzat, azalduko dut Saint-Michel irla bat dela, edo ez. Orduaren arabera, egunaren arabera, ilargiaren arabera. Gu heldu ginenean ez, ez zen irla bat eta, gurpilak abandonatuta, ondoren itsaso bihurtuko zenaren gainetik ibili ginen oinez. Oinek begiei jarraitzen zietelarik, edo alderantziz.

Ariadna Murguialday

Budadiri - Mbale

Hilabete bat pasa dut bidai hau egiten ia egunero, ordu bat joan eta beste bat etorri. Ipurdia eta

hankak ohituak ditut jada, baina…

- Ready?

- Yeah, ready.

Bodabodaren motorra zarataka hasi da

- Nice come back.

- Yeah, thank you, see you on monday (John-i eskua eman diot.), good afternoon John.

- Yes, good afternoon my dear

Eskuak hanka artean, jarlekua helduz, bertatik ez jauzteko.

Brum, brum, brum, bira eta martxan gaude.

Nathan-en atea atzean utzi, emaztea agurtu, kurba itxia.

Branch gurutzatzen gabiltza.

- Mulenbe mai

Elkarrizketatutako emakumea agutzen dut, tomateak salgai dauzka gaurkoan.

Irratiaren soinua topera dabil eta gizon multzo bat elkarrizketan dabiltza.

- Mulenme bababa (Agurtzen ditut)

- Mulenbe mai (Irribarretsu begiratzen didate bueltan)

- Mutiena!

- Mulay!

Nathanek barre egiten du

- You have learnet a lot of Lugizu!

- I did, yes. I love surprising them.

Harri bat bidean, salto txiki bat.

Branch (Wotawaren etxea)

Eliza (Saving group bat hemen dago)

Budadiri center (Zalapartaren zentroa)

Jendea begira, betiko eran, egunero ikusten naute hemendik pasatzen, ez naiz berritasun bat, kontxo. Zein izango da denbora tartea, non jendea ez den harrituko?

Bidegurutze handia (Beti daude tipo berdinak gurutze honetan)

Futbol zelai ona (Espero dut neskei ondo joatea, ea europar talde batek fitzatzen dituen)

Zubia (Beste 6 falta dira oraindik)

Gasolindegia (Eguneroko derrigorrezko geldialdia)

- Hi! How are you?

- I'm good.

- I always see you with this one.

- Yeah, I like him because he is a good driver.

- I see.

Futbol zelaia / kafea lehortzeko zelaia (5 tak dira, kafea lehortzeko momentua, seiretan futbola etorriko da, eguzkia tregua apur bat ematen duenean)

In and out seinaledun gasolindegia (Ez dut inoiz jendea bertan ikusi)

Mezquita, zelaia eta ur iturria (Pelikuletako eremu laua)

Portxean auto bat duen etxea (Ostia! guar tipo bat dago autoaren gainean)

Primary school of Mbale (Heltzear gaude)

Ufa, etxera heldu naiz azkenean

- See you on monday!

Egarri naiz.

Irati Fernandez de Okariz

BIDEA EGITEA

Udako bidaien inguruko testu eta argazki bilduma behar luke honek. Baina zer da bidaiatzea?

Etxetik atera eta kanpokoa ezagutzea. Munduarekiko duzun ezagutza handitzea. Euskaltzaindiaren ustez "Leku aski urrunera, lehorrez, itsasoz nahiz airez egiten den ibilaldia" da bidaia bat. Bada, barkatu baina ez. Nik uda honetan bidaiatu egin dut urrutira joan gabe, betiko lekuetan ni neu aurkituz. Bidaiatzea zeure burua ezagutzea ere bada, noranzko bat aurkitzea, estropezu eginez eta irteerak aurkituz; momentu iragankorrak luzatu eta pentsatzeko modu berriak aurkitzea. Herriko txabolako haize orratzak ekialderantz zuzenduz, edo hegoalderuntz, edo iparralderuntz, ez du inporta, baina bidea erakutsi zidan. Irteerarik gabeko kaleetan sartu nintzen, eta ni behin eta berriz irteera aurkitzen saiatu arren, azkenean gutxien espero nuenean karabanako leihoak askatasuna erakusten zidala konturatu nintzen. Momentuak galkorrak direla ulertu, eta mugimenduan bizi izan naiz: maite dituzunen ondoan dena abiadura mugen gainetik doala dirudi, eta nostalgiaren atzapar zorrotzetan betirako galtzea sahiesteko oraina gozatzen ikasi behar da. Besteen behatxuloetan begia sartu eta ulergaitza ulertzen saiatu naiz, denok dugu geure etxe, ate, zein behatxulo propioa, eta desberdintasun horiekin aurrera egitea egokitzen zaigu. Beraz, bai, nik uda honetan bidaiatu egin dut, bidea egin dut. Eta, edozein bidaietan bezala, bideak aldatu egin nau, hasierako niari kostako litzaioke gaur egungoa ezagutzea. Oporrek ni berri bat atera badute ere, neguak zein udaberriak berriz ere moldatuko naute, eta moldatuko gaitu: gorputza berritzen den bezalaxe berritzen zaigu tarteka barnekoa. Eta, beno, agian ez da hain sakona izango eta "intensitaz" pasa naiz, baina nola edo hala, mugitu gabe ere bidaiatu egiten dela argi utzi nahi nuke horri esker etengabe bilakatu egiten baikara.

Oihane Gurrutxaga

Alfonso Fonseca. 3ºA: Hiri batera heltzen garenean mapa bat hartzen dugu; eta kaleak gurutzatzen ditugu hatzekin: erdiguneko kaleak azkartasun horrekin gurutzatzeko nahiarekin, ametsarekin. Ahalik eta argazki gehien atera, zertarako begiratu (b)egiekin mugikorraz bestalde gorde dezakeguna? Eta, bizilagunak?

Ura

Ura

Ura

Ura

Matilde Pereira. 2º B: Ura mugimendua da, menturazko ardura. Heraklitok esango liguke nahitaezko aldaketa ere badela neurri batean. Aldatzen den oro bizi da, halaber; baina ez da mundu honetan urik gabe bizi den inor.

Ura

Ura

Ura

Ura

Ana Oliveira. 1º A: Edward Hopperren pertsonaiak baina bakartiago bizi al dira Oportoko bizilagunak? Etxe barruan hartu behar al dute aterpe turista-masarengandik ihesi? Leihoa da orduan irtenbide eta amets. Arnasgune. Udan, bizitza bakar ere bai. Baina nola egin ihes bakardadeari? Beharrek eta betebeharrek lagundu ohi digute.

Ura

Ura

Ura

Ura

Modo de Ler, Editores e Livreiros, Livros novos e antiguos, Livros raros e esgotados: Praça Guilherme Gomes Fernandes, 43: Urak edertu egiten du, eta hura beti izango da ederrago. Zuk nor duzu etxe? Dena jendez beterik denean, non ezkutatu? “Zeure” izateari uzten al dio zeure bizilekuak? Bizilagunak dira orduan etxe, urak alda ezinezkoak?

[Eta bat-batean, poema bat errezitatzeari ekin dio eraikinaren azken pisuan bizi den ile zuridun bizi lagunak.]

Ura

Ura

Ura

Ura

Isabel Santos, Egurrezko bankua: Hoditeria sisteman behera jaisten da ura, pisu guztiak lotzen dituen bizia, jaisten dira hitzak, giltzak, argi printzak eta bakardadearen baldintza hutsak.

[Hona hemen bere poemaren itzulpena, eskerrak etxeko pareta hutsengandik ihesi zebilen amonak azkar idatzi zuen:

Hitzek
hutsa
betetzeko agian,
edo gehiago husteko
beharbada. Gordetzea saiatzea
bezalakoa litzateke orduan. Husteko bete egin
behar al da beti? Baina noiz erabaki hustu
beharra? Husteko gosea? Beti eta betiko?
Irabaztekoa. Aldatzekoa. Bide zuzenenetik,
bihotzetik bi hotzetara edo, besterik gabe,
zure hotzera.                              Zure hotsera.
Zugan hustea,                                 zugan jostea.
Atzoko biharrak.                             Betiko beharrak.
Gaur biluztearen biharrek helduz beharren iraganak.

Eskerrak poesia urak hilko ez duen, turistak horren eraile ere badira dagoeneko?]

Ibai Goikoetxea

ABENTURA BASATIA

Uda honetan Kataluniako kostaldean, Palentziako mendikatean eta Somiedoko parke naturalean egon naiz nire familiarekin, hots, nire anaiarekin, aitarekin eta amarekin, naturaz gozatzeko eta egunerokotasunetik deskonektatzeko asmoarekin. Hori dela eta, mugikorra alde batera uztea erabaki dut eta itsasertzetik, basoetatik, mendietatik eta bailaretatik ibiltzean animalia basati desberdinak ikusteko aukera izan dut argazkietan ikus daitekeen moduan.

Izugarria iruditzen zait ikusi nituen animaliak ikusi ahal izatea bere habitat naturalean, hala nola, hartza, otsoa, basakatua, oreinak eta ubarroi mottoduna. Beraz, gomendatzen dut mota honetako opor batzuk planifikatzea noizbait, mota honetako abentura basatiak guztiz aberasgarriak baitira. Alabaina, nahiko gogorra suertatu zitzaidan goizeko seietan jaikitzea hartzak eta otsoak ikusi ahal izateko, baina egia esanda pena merezi du esfortzu txiki bat egitea gure munduan ditugun altxor txiki hauek ikusteko. Gainera, oso interesgarria iruditu zitzaidan otso basatiak ikusi ahal izatea animalia mota hau urte honetara arte ez dudalako inoiz ikusi.

Nik pertsonalki, espero dut ahalik eta lasterren aukera izatea mota honetako irteeraren bat egiteko, gogoekin geratu bainaiz beste animalia batzuk ikusi ahal izateko, hala nola, katamotz iberiarra. Izan ere, betidanik ikusi ditugu animalia mota desberdin asko zoologikoetan. Alabaina, ezin da inolaz ere konparatu animalia bat toki itxi batean ikustea ala bere habitat naturalean eta aske ikustea.

Maite Suso

Uda honetan ferraten paradisua ezagutzea erabaki genuen: Dolomiten Parke Nazionala. Gasteiz-Milan hegaldi bat eta autoz bost ordu igaro ondoren, gure helmugara iritsi ginen. Dolomitas mendiak Italiako ipar-ekialdean daude eta Alpeetako Katea osatzen dute.

Dolomitak hiru eskualdetan zehar zabaltzen diren 26 mendikatez osatuta daude (Veneto,Trentino Alto-Adige eta Friuli Venezia Giulia). 2009an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen. Aurrez aipatu dudan bezala, dolomitak ferraten sorlekutzat hartzen dira. Horietako asko lehen mundu gerran eraiki zituzten 1915 eta 1918 urteen artean mendi horietan borrokatu zuten Austriako eta Italiako armadek. Gaur egun, ia mendi-ibilaldi guztiek dute ferrata bide bat. Guk hiru egiteko aukera izan genuen, eta, horri esker, ferraten bidez bakarrik irits zitezkeen bi gailur igo genituen.

Lehenengo tontorra Toblin dorrea izan zen. Bertara iristeko eskailera bertikal batzuk igo behar izan genituen (1. argazkia). Esfortzua, zalantzarik gabe, merezi izan zuen (2. argazkia). Arratsaldean, ferrata baten bidez, Tre Cime di Lavaredo parke naturaleko gailur esanguratsuenetako batera igo ginen; Monte Paterno. Zeharkaldian, lehen Mundu Gerran eraikitako tunel batzuk igaro genituen, borrokalarientzako babesleku gisa balio zutenak. Goitik ikusten diren bistak ikusgarriak dira; haitz eta berde kolorea bat egiten dute alde guztietatik (3. argazkia). Hurrengo egunean, dolomitetako laku ospetsuenetako batera joan ginen: "Lago di Carezza", landaretzaz inguratutako laku alpetar txiki bat (4. argazkia). Azken egunean, ilunabarrak postal polit hau oparitu zigun San Martino di Castrozzatik, dolomitetako hegoaldean dagoen herri txiki bat (5. argazkia).

Zalantzarik gabe, dolomitak paradisua dira natura eta mendi-ibiliak maite dituztenentzat.

Aitor Oiarzabal

Azken finean

Eta hor nengoen ni, berriz ere New Yorkeko kaleetan paseatzen, beti bezala. Gezurra dirudi, kaleetatik egunero ibili arren, txoko bat ere ez gogoratzea. Trafikoa entzun, kea usaindu,beroa sentitu. Kutsadura hain zen nabarmena, ia senti zitekeela. Baina jendeak ez zuen ezer egiten. Biztanleak oso azkar ibiltzen dira espaloian, eta, seguruenik, kezkatuago daude lanera berandu ez iristeagatik, inguruko etxe orratz handien ikuspegiez gozatzeagatik baino. Etorkizunean damutuko direlakoan nago. Pena bat da, nire egoeran pentsatzea diot: zerua ikusi ahal izan arren, inolako kezkarik gabe burua makurturik eta telefonoa begiratzen ibiltzen den jendea inbidiatzen dut. Badirudi Instagramek hondamendietatik salbatuko gaituela hashtag sinple batekin. Eta nik, ordea, mundua ikusteko hiltzen naizela, nolabait lagundu nahi dudala, betiko iluntasunean bizi naiz, nire izaeratik esklabo.

Haitzulo honetatik atera nahi nuke. Arnasa hartu behar dut. Ito egiten naiz. Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat, ezta? Batzuetan bi baino gehiago, hiru baino gehiago behar badira ere... Zer egin ote dudan galdetzen diot neure buruari, nork erabaki duen honaino iritsi dela nire bizitzako ibilera, ez naizela mundu honetan jarraitzeko modukoa. Aldatzeko prest nago, ez zait axola nire irudia guztiz eraldatzea baldin eta horrek hemen jarraitzea badakar, eta, bide batez, eredu izatea ni bezalako egoeran daudenentzat.

Mundua guztiz suntsituta geratu aurretik ikusi nahi dut, behintzat azkenengo aldi batean. Hala ere, nik ezin dut ezer egin, eta are gutxiago bakarrik. Azken finean, plastikozko botila bat baino ez naiz zabor poltsa batean sartuta.

Julen De La Serna

KUBA BESTE BEGIRADA BATETIK

Uda honetan aspalditik egiteko gogo handia nuen bidaia bat egiteko aukera izan dut. Gainera, zortea izan dut gertuko lagun batek Kuban familia duelako, eta berari esker, beste herrialde bateko errealitatea modu garden batean ikusi ahal izan dudalako.

Kubako gizarteak beste modu batean sentitzen du denbora. Ilarak errutina bat gehiago dira, eta herrialdeak ezartzen duen blokeoak egoera larriagotzen du. Supermerkatura joateko ilarak daude, farmaziara joateko ilarak daude, depositua betetzeko ilarak daude, zortea baduzu eta gasolina badago, noski. Kubako jendearen soldata araututa dagoenez eta hain baxua denez, jendeak ez du lan egiteko motibaziorik, eta horrek dena motelago eta gogaituago funtzionatzea eragiten du.

Azken hilabeteetan egondako erragai faltak eta duela gutxi Matanzas findegiak izandako leherketak, Kubako mugikortasun-egoera oso gogorra izatea eragin du. Landetako jendeak zaldiak erabiltzen ditu errepide nagusietan, eta ahal dutenek, etxean kargatzen dituzten motor elektrikoak dauzkate, baina askotan hauek erabiltzea ere zaila da, uhartean mozketa elektrikoak ohikoak baitira. Autoak luxuzko ondasuna dira, balio estratosferikoa daukate, eta gobernuarentzat lan egiten duten pertsonek edo ibilgailuarekin benetan lan egiten duten pertsonek bakarrik izan dezakete.

Zortea izan dut uhartearen zati handi bat nire lagunekin ezagutzeko eta istorio ezberdinakbizitzeko, baina ia istorio guztietan, familiek ez dute inolako alde positiborik ikusten Kuban jarraitzeko. Janari falta ere nabarmena zen; eta gu turistak izan arren eta hoteletan egon garen arren, ikusi dugu zelan arroza, frijoleak eta urdaiazpikoa ziren uhartean zeuden elikagai egonkor bakarrak.

Askotan bero handia egiten du, eta zaldiek atsedena eskatzen dute, irudiren batean ikusten den bezala. Beste batzuetan, jendea taxi edo autobus bat noiz etorriko den zain egoten da, eta bitartean, haien hobbiak etxeko atarian praktikatzen dituzte, lekualdatzeko zortea izango duten jakin gabe. Askotan, taxiek bidaia laburrak baino ez zizkiguten eskaintzen, ondoren ez zutelako aukerarik kotxeko erregaia kargatzeko.

Leku berri bat eta bere ohiturak ezagutu izanaren oroitzapen polit batekin noa, etxean daukaguna balioetsiz eta preziatuz. Kubaren egoera aurrez aurre bizi izan dudan arren, bidaia honetan ezagutu dudan eta egonaldi honetaz gozarazi didan jende atseginarekin geratzen naiz. Urte batzuk barru, bueltatzea eta egoera hobetu izana besterik ez dut espero.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago