Eugenia Campo

"Eskoletatik hasi beharko genuke suspertze ariketekin"

Anakoz Amenabar 2022ko ira. 25a, 08:00

Eugenia Campo, Arabako Sendagileen Elkargoak duen egoitzan. / A. Amenabar

Bihotz-biriketako geldialdi batean, igarotzen den minutu bakoitzeko, suspertzeko aukerak %10 eta %20 artean murrizten dira; horri erantzuteko gai diren herritarrak prestatu nahi ditu Bihotzara ikastaroak.

Gasteizko Udalak eta Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak elkarlanean, Bihotzaraba hamabostaldia jarri dute abian,  bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta arnasbidearen buxadurak kentzeko oinarrizko teknikak ikasteko prestakuntza programa. Arrisku egoerak detektatzea eta egoera horietan maniobrak egiteko gai izatea du helburu egitasmoak, saioetako koordinatzaile Eugenia Campok azaldu duen moduan.

Nolako osasun kardiobaskularra dute arabarrek?

Uste dut ez dela txarra, lehen begiratu batean. Lehen mailako arretan kontrol zorrotza egiten da, eta ospitaletako kardio zerbitzuak prestigio handia du, bereziki Araban. Halere, arrisku faktoreak beste zonalde batzuetan izaten direnak dira, noski: obesitatea, hipertentsioa...

Pandemiak ez al ditu diagnostikoak atzeratu?

Jendea gutxiago gerturatu da osasun etxeetara, eta minbizia moduko patologietan asko nabaritu da, eta, egia da, gaixo kardiobaskularrak ere alde batera utzi direla maiz. Lan hori berreskuratu da, nahiz eta ez dakidan lehen mailako arretak duen saturazioarekin lehen hipertentsoak kontrolatzen zituzten modu berean egiten duten orain. Denbora luze batean, gainera, jendeak osasun zentrora joateko beldurra izan du, ez da bakarrik gu ez garela iritsi, jendeak ez gintuen ikusi ere egin nahi. 

Zer helburu du Bihotzarabak?

Xedea da doako prestakuntza ematea bihotz-biriketako bizkortzeari buruz, eztarri trabatzeei edo desfibriladore erdiautomatikoei buruz. Istripu kardiobaskularrak dira estatuko lehen heriotza arrazoia; urtean 52.000 geldialdi izaten dira, eta gelditzen diren 10 pertsonatik 3 bakarrik ateratzen dira onik. Herritarrak prestatzearen arrazoia da bihotz-biriken gelditze gehienak ospitale eremutik kanpo gertatzen direla, denbora funtsezkoa dela, eta minutuak bizitza direla. Eta ez bizitza bakarrik, baita bizi-kalitatea ere; pazientea irten daiteke, baina garuna oxigenorik jaso gabe egon bada denbora batez, paralisiarekin irten daiteke, eta ondorioak izan ditzake: hitz egiteko arazoak, mugikortasun arazoak...

"Arlo batzuk gehiago zaintzen dira, baina estresa moduko faktoreak okerrera doaz"

Erreakzionatzeko denbora tarte jakin bat dago?

Pertsonaren arabera izaten da. Egia da, denbora batetik aurrera oso zaila dela, baina ezustekoak izaten dira; denboraren arabera, eta pazienteak duen adinaren arabera tarte luzeagoa edo motzagoa izaten da suspertze ariketa. Argi dagoena da momentuan erreakzionatzea oso garrantzitsua dela; oinez bazoaz eta norbaitek aurrean konortea galtzen badu, une horretan zer egin behar duzun jakitea funtsezkoa da; garrantzitsua da herritarrak trebatzea herrikideen bizitza salba dezaketalako.

Zein da lehen urratsa?

Garrantzitsuena erabakia hartzea da: zerbait egin behar da. Pazienteak bihotzeko geldialdia badu, ez diozu kalterik egingo zuk hartutako erabakiarekin. Eta, ahal den neurrian, saiatu behar dugu bakarrik ez egiten. Masajea edo ahoz ahoko arnasketa egiten hasten garenean, larrialdietako telefonora deitu behar dugu segituan, eta bitartean pazientearen bihotz-taupadak eta arnasketa mantentzen saiatu. Ez dugu gaixoari min egiteko beldurrik izan behar; gerta daitekeen okerrena ez suspertzea da. Gainera, merkataritza guneetan dauden desfibriladoreak irekitzen ditugunean, semi-automatikoak izan ohi direnak, zer egin behar dugun esaten digute pausoz pauso. Deskarga bat behar bada, berak zehaztuko du.

Lantoki eta bulegoetan prest gaude larrialdietarako?

Ez, oraindik ez. Herrialde batzuetan, eskandinaviarretan esate baterako, lehentasuna du gai honek eta oinarrizko prestakuntza bat izaten da eskoletatik hasita. Guk ere horretara jo beharko genuke, eskolatik hasi behar genuke suspertze ariketekin; lehen hezkuntzan oinarrizko ariketekin hasi, eta hurrengo urteetan formakuntza osatzen joan. Enpresek ere, noski, arduraz jokatu beharko lukete, eta beharrezko formazioak egin. Eta etengabeko formazioa izan behar da gainera, berritzen joan behar da. Denbora funtsezkoa da kasu honetan, eta geldialdia izaten den momentuan normalean ez da mediku espezialistarik izaten ondoan.

Ez al dugu benetako arriskua ikusten?

Kezka badugu behintzat, eta jardunaldi hauetan ikusi dugu. Jendeak ez daki beharbada zerbait egin dezakeela, bizitzak salba ditzakeela, beharbada uste dute ikastaro batekin ez dela ezer lortuko. Eta lortzen da, jakina. Ikastaro honek sekulako arrakasta izan du, beharbada pandemian beldur handiagoa hartu dugulako, baina bete egin da; oraingoan 192 lagunek parte hartuko dute saio desberdinetan, eta urte hauetan ia 1.000 lagunek ikasi dituzte maniobrak.

Duela hogei urte baino hobeto gaude? 

Ez dut ziurtasunez esango. Arlo batzuk gehiago zaintzen ditugu, zalantzarik gabe, obesitateari edo hipertentsioari buruzkoak esate baterako, beharrezko neurriak hartu dira horretarako, baina estresa moduko beste faktore batzuk ditugu okerrera doazenak, eta istripu kardiobaskular bat izateko arrisku nabarmena da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago