Goizetako abiadura informatiboari etena jarri, eta patxadaz eztabaidatzeko Diálogos saioa abiatu du Radio Vitorian Maritxu Diezek (Santurtzi, 1960), Arabako irratietako ahots erreferente nagusietakoak. Irratian hasi, telebistan jarraitu, eta berriz ere irratira egin zuen jauzi hainbeste gustoko duen lanaz gozatu eta ikasten jarraitzeko. "Entzutea gustatzen zait; luxu bat da kazetariontzat elkarrizketatu interesgarriak aurkitzea".
Zer ekarriko du irratiko etapa berriak?
Espero dut denbora, lasaitasuna eta solaskide interesgarriak izatea datozen erronka garrantzitsuei buruz hitz egin ahal izateko, agian ez unean uneko gaurkotasunari buruz, baina bai nire ustez ezinbestekoak izango diren gaiei ekarpenak egiteko, zalantzaz betetako garai honetan. Horri buruz hausnarketa egin nahi dugu gaietan adituak direnekin, irizpidea dutenekin.
Krisi energetikoa izan daiteke hilabeteetako gaia.
Eta horrek ekarriko duen guztiarekin: krisi ekonomikoa, ingurumenekoa, soziala. Sistema politikoak ere zer egingo zain gaude, populismoen arriskuarekin, eta are gehiago identifikatuta sentitzen ez den edo abandonatuta sentitzen den jendearen desengainu arriskuarekin. Erronka asko ditugu aurretik. Gazteei ere ahotsa emateko atal bat izango dugu; beraiek dute etorkizuna aurretik, eta erantzunkizunak eta konponbideak eskatzen ari zaizkigu.
Geratzen al da elkarrizketarako tarterik?
Uste dut irratiak mantentzen duela espazio hori oraindik, eta internetek ere aukerak ekarri ditu horiek berreskuratzeko, lasaitasunez hitz egiteko. Telebista, aldiz, oso azkar doa, azkarregi, ikuskizuna eta informazioa nahastuta, batik bat entretenimendua bilatuz, horrek informaziorako dituen arriskuekin. Alde horretatik, irratian pribilegiatuak garela uste dut; ez dago presarik.
Bueltatuko zinateke telebistara, neurrira egindako programa batekin?
Ezta pentsatu ere. Hori gainditu dudan etapa bat da, igaro dena; garaian garaikoa egin behar da. Ez nintzateke eroso egongo, halere, gaur egungo formatuekin. Lau urte egin nituen Teleberrian, eta gero beste saioren bat ere bai –Ciudadanos eta 088–, eta eskola garrantzitsua izan zen, baina irratira bueltatzea erabaki nuen. Irratian prozesua eta produktu osoa kontrolatzeko aukera nuen, eta telebistan jende asko zegoen inguruan, eta erabakitzeko gaitasun gutxi. Irratian inplikazio pertsonal handiagoa zegoen telebistan baino, garai hartako telebistan behintzat.
Arriskuak ere hartu zenituzten, ezta? Jose Maria Aznar izan zenuten Teleberrian, besteak beste.
Garai hartan zuzeneko elkarrizketak egiten genituen Teleberrian. Eta horietako batean izan genuen Aznar, Alderdi Popularreko idazkaria zenean, 80. hamarkada amaieran, lehen ustelkeria kasuak hasi zirenean. Oraindik alderdi politikoen artean ez zen azalpen publikorik egiten ustelkeria kasuen inguruan. Naseiro kasua zebilen ahoz aho, eta horren inguruan galdetu genion; ez zitzaion gehiegi gustatu, antza. Gazteak ginen, ausartak eta inkontziente samarrak, baina hori ere ofiziorako eskola polita izan zen. Arzallus ere ondo gogoratzen dut, dardarka uzteko nahikoa zuen bi hitzekin: "Zuk galdetu nahi duzuna, nik nahi dudana erantzungo dut eta". Gaur egun pentsaezinak dira garai hartan egiten genituen elkarrizketa asko, komunikazio kabineteek ez baitzuten orain duten garrantzia eta komunikazioaren gaineko kontrola. Pertsonaietara errazago heltzen ginen.
Azken urteetan Javier Marotori egindako elkarrizketak ere sonatuak izan dira.
Faltan botatzen ditut kar-kar. Ikusmin handia zegoen. Rafa Laza komunikazio arduradunak esaten zigun berdinak ginela: burugogorrak, eztabaida muturrera eramaten genuela. Nik garrantzitsua zela uste nuena galdetzen nion, eta bere estrategia etengabe hitz egitea zen, ezer oso argi esan gabe, eta oraindik ere erantzukizun berrietan mantentzen duen estrategia. Ni tematuta nengoen, noski, hiruzpalau aldiz galdera bera egiten, burugogor, eta azkenik mokokaldia genuen.
Baina liskarrik izan gabe...
Sekula ez. Ez zait elkarrizketetan erasokorra izatea gustatzen. Barrenean erasokorra izan naiteke, baina inoiz ez formetan. Oso argi eta zorrotz egin ditzaket galderak, baina beti irribarre batekin kar-kar. Eta horrek ere badu isla elkarrizketatuarengan, bera ere ez da konfrontazioan sartuko, eta ez da oldarkor jarriko. Azkenean, elkarrizketa bat da, eta galdetu egin behar duzu, nahiz eta deserosoa izan edo beste pertsonak erantzun nahi ez izan. Elkarrizketatuaren aldetik zintzoagoa da esatea "honi buruz ezin dut hitz egin", galderak desbideratzen saiatzea baino.
"Erreginaren hiletaren pauso eta minutu guztien jarraipena egin behar al dugu hemendik?"
Zenbat aldaketa ez zenituen ikusiko urte hauetan irratiko erredakzioan! Zein izan da garrantzitsuena?
Pentsa! Erredakzioan erretzen zen garaian izan nintzen, erretzailez inguratuta! Baita estudioan ere gonbidatu batzuekin! Baina beharbada pandemiaren lehendabiziko konfinamendua izan da lan erritmoarekin eta erredakzioko giroarekin haustea ekarri duen aldaketa garrantzitsuena. Sei laguneko talde txiki bat sortu genuen, lanera etortzen jarraitzen genuen kazetariekin, eta beste hainbatek etxetik egiten zuten lan. Ez genekien ezer, ez genuen ezer ulertzen, eta ia gai bakarra zen; mediku eta adituen atzetik ibili ginen. Alde batetik, oso garai interesgarria izan zen, errepikaezina, eta, aldi berean, erredakzioa beteta izatetik nolabaiteko bakardadera igaro ginen, gonbidaturik eta kolaboratzailerik gabe. Irratia blindatuta zegoen. Aldaketa hori izan da kudeatzeko zailenetako bat.
Aldaketa digitala ere bete-betean bizi izan duzu erredakzioan.
Aldaketa izugarria izan da hori ere. Pisu handiko maleta batean eramaten ziren bobina erraldoi haiekin hasi nintzen, eta gero etorri zen kaseta, minidiska, eta egokitzapen prozesu guztia. Analogikotik gatozenontzat handicap handi bat izan da; sartu berri diren gazteek begirada batean kontrolatzen dute dena. Alde on bat du digitalizazioak, noski, prozesu osoa kontrolatzen duzula, autonomoa izan zaitezke ahotsak, musika edo edizioa kontrolatuta. Baina tranpa txiki bat ere badela uste dut; lan zama gehitzen ari gara, lehen administrazioko langile batek egiten zuena edo teknikari batek egiten zuena orain guk egin dezakegu, eta hori ere denbora da.
Zein da ofizioaren egoera?
Kazetaritza, lanbide gisa, erabat debaluatuta dagoela uste dut, gutxietsita. Nire belaunaldikook abiatzen ginen egoera batetik non bazegoen hazteko, ikasteko eta lan-baldintzak hobetzeko aukerarik. Hedabide publikoek uste dut oraindik eusten diotela berme maila horri, lan duina eta baldintza txukunak izaten, baina iruditzen zait oro har dena oso prekarioa dela, ez dagoela denbora askorik, ez dagoela formakuntzarik, ez dagoela soldata baldintza onik, ezta ordutegi baldintza onik ere, eta, aldi berean, ardura asko eskatzen diegu gazteei, formakuntzarik gabe, ez dagokien erantzukizuna eskatzen diegu, eta horrek ondorioak ditu lanean ere.
"Kazetaritza, lanbide gisa, erabat debaluatuta dagoela uste dut, gutxietsita"
Kazetaritzatik aldentzen ari ote da publikoa?
Joan den ostiralean, hain zuzen, irratsaioan gazteekin solasean, irratia entzuten zuten galdetu nien, eta ez, ez zaie interesatzen, ezta prentsa idatzia ere. Batez ere sareen bitartez informatzen dira. Komunikabide tradizionalak oso baldintzatuta eta manipulatuta daudela esan zidaten, eta nahiago dutela konfiantza ematen dieten beste aukera batzuk. Hori da gutaz duten irudia. Arrazoia izan dezakete? Nik ez dut kontrakorik esango.
Autokritika egin behar dugu?
Bai, dudarik gabe, autokritika lan serioa egin behar dugu. Kazetariaz genuen irudia zerbait galdu dela iruditzen zait; informazioa bilatzen duen pertsonarena, istorioak kontatzen dituena, iturriak dituena, informazioak kontrastatzen dituena. Hedabide gehienek etekina bilatzen dute, edo interes ekonomiko eta politiko jakin batzuei erantzuten dieten enpresak bilakatu dira, eta kazetaritza horretarako erabiltzen dute. Ikuspegi sozial eta politikotik oso arriskutsua iruditzen zait, eta lanbidearentzat sinesgarritasuna galtzea.
Gaur, hilak 19, Elisabeth II.aren hiletari begira daude hedabide guztiak. Zer iradokitzen dizu?
Ikuskizuna. Salmenta. Historikoki garrantzia duen gertakari batetik etekina ateratzea. Garrantzia ez du inork zalantzan jartzen, baina gogoratu dezagun Erresuma Batuko erregina izan dela. Hemendik pauso bakoitzaren, begirada bakoitzaren eta minutu bakoitzaren jarraipen zehatza egin behar dugu kazetariok? Nire ustez, ez. Askotan itsututa goaz atzetik, mundu guztiak horri buruz hitz egiten duelako, baina agian badago alternatiba bat hori interesatzen ez zaion jendea erakartzeko. Kazetaritza agenda berreskuratu behar dugu, eta denbora gehiago eskaini: zer gai dauden, zer interes dituzten herritarrek, zer zalantza.
Badu etorkizunik irratiak?
Baietz uste dut. Irratia eguneroko ohitura da askorentzat. Aspaldi hiltzat jo zuten irratia telebista heldu zenean, bideoa gero, sareak... eta oraindik entzule ugari ditu. Oso modu erosoa da informatuta egoteko, gaiak ezagutzeko, patxadaz, beste hedabide batzuk ematen ez dutena. Eta gaur egun dauden bitartekoekin, gainera, nahi duguna nahieran entzuteko aukerarekin. Oraindik zale asko dituela uste dut.
Zerk eraman zituen irratira?
Nire bizitzan irratia gau eta egun izan da. Goizean goizetik piztuta zegoen irratia nire etxean. Nire etxeko oroitzapenetan ezinbesteko lekua du. Garai hartan Cadena Ser irratiko Radio Bilbao entzuten nuen, Florencio Torrelledorekin, edo Ana Blanco oso gazterik irratian zebilenean... Beti izan dut barruan irratia, baina gero ofiziora nahiko kasualitatez heldu nintzen. Ez nuen oso argi zer ikasi nahi nuen. Baina behin kazetaritza aukeratuta, asko gustatu behar zaizu, asko eskatzen duelako. Lan ordutegia baduzu, baina ordutegirik ez, eguneko 24 orduetan gertatzen denaren berri izan behar duzu. Batzuetan erredakziotik ateratzen naiz beste ezer ez gertatzeko eskatzen; plan bat daramazu buruan, eta hankaz gora jarri behar duzu dena. Ez duzu inoiz erabat deskonektatzen, apaizen antzera. Hori gustatu behar zaizu, bestela latza da, ez dut uste merezi duenik beste modu batera.
Zer elkarrizketa geratu zaizu egiteko?
38 bat urte daramatzat ofizioan, milaka elkarrizketa egin ditut, eta ez daukat, egia esan, fetitxerik. Radio Euskadin bada programa bat artxiboko saioak emititzen dituena, eta aurrekoan lagun batek nik aurkezten nuen bat entzun zuen ni ezagutu gabe; De par en par izeneko saioa zen, bi orduko elkarrizketa saioa, Nieves Diezekin aurkezten nuena, eta handik gaur egun oso ezagunak diren pertsonaiak pasa ziren; lehenengo Joaquin Sabinari, jarraian Clementeri eta ostean beste ezagunen bati; orain, Sabina elkarrizketatuko banu hainbat egunez prestatu beharko nuke, eta garai hartan di-da egiten genituen, interneten laguntzarik gabe, bati eta besteari galdezka... gaur egun ezinezkoa dirudiena, gaztetasunak ematen duen ausardiarekin egiten genuen. Orain ez daukat lehentasunik, baina gonbidatuengandik ikastea gustatzen zait, pertsona moduan hobetzen lagunduko gaituen horri entzutea. Asko gozatzen dut, entzuten asko gozatzen dut. Eta beharbada horregatik egin dut orain albistegietatik elkarrizketa saio batera aldaketa, patxadaz entzuteko beharra dudalako. Entzutea gustatzen zait, eta luxu bat da kazetariontzat elkarrizketatu interesgarriak aurkitzea. Albistegiek beste erritmo bat dute, ez zara aspertzen, alderantziz, gehiegizkoa da erritmoa, eta uste dut bazela garaia lekukoa uzteko; erreleboa egiteko garaia da, beste gai eta kolaboratzaileak ekarriko dituzten gazteei lekua uzteko.