Amaren liburuak, denen eskura

Anakoz Amenabar 2022ko ira. 24a, 10:00

Eukene Lakarra, Gasteizko etxean duen liburutegian. / V. Werckmeister

Bere liburutegi zabala katalogatzen hasi zen duela hiru urte Eukene Lakarra, horiek dohaitzan emateko asmoarekin; eritasun batek ez dio lanarekin jarraitzen utzi, baina alabek amaituko dute banaketa.

Urteetan pilatutako ehunka liburu bizitza berri baten zain daude Eukene Lakarraren (Lizarra, 1944) Gasteizko etxean. Zer egin 40 urteko ibilbide profesionalean idatzi eta jasotako dokumentu guztiekin? Idazle eta ikertzaile askoren kezka izan ohi da. Non geratuko da altxor hau guztia? Duela hiru urte, Veronica Werckmeister alabarekin batera, liburu guztien katalogazio lana hasi zuen, oraindik horiekin zer egin jakin gabe, nora eraman jakin gabe.

"Narriadura kognitiboko eritasun batek, ordea, ez dio prozesuarekin jarraitzen utzi. Gai honek tristetu egiten duela esan digu, eta alabok jarraituko dugula hitz eman diogu, bere liburuek jarraipena izango dutela", azaldu du Christina Werckmeister alabak. Nora jo jakin gabe, lehendabizi EHUrekin jarri ziren harremanetan, eta etxeko liburutegiko zerrenda bidali zuten; hainbat ale unibertsitatera joango dira, baina, espazioagatik eta ale horietako asko errepikatuta daudelako, ezin dituzte han guztiak jaso.

"Polita izan da emakume ikertzaile batek hartzea amaren lekukoa"

Christina Werckmeister, Eukene Lakarraren alaba

Joan den abuztuaren 4an, bide berri bat hartu zuen istorioak. "Twitterren mezu bat idatzi zuen Veronicak, eta segituan birala egin zen", gogoratu du ahizpak. Milaka lagunengana heldu da mezua, eta beste hainbeste erantzun jaso dituzte. "Premiazkoa! Eukene Lakarra Lanz Erdi Aroko Literaturako katedradunaren liburutegi pertsonaleko liburuak ematen ditugu", zioen txioak. Munduko lau bazterretako mezuak heldu zaizkie, tartean lankide izan zirenen mezu ugari. "Azken urteetan, eritasunarekin kontaktuak galtzen joan da ama, ez da haiek topatzen diren biltzar eta bileretara joan, eta mezu honek bat baino gehiago izutu du, hil egin ote den galdezka. Kariño mezu asko jaso dugu".

"Unibertsitateek hartu ezin dutena esku zabalik jasotzen dugu guk"

Isabel Mellen, historialaria

Jasotako eskariekin, badoaz poliki-poliki kutxak prestatzen eta apalak husten. Erdi Aroko Literaturako irakaslea izan zen Lakarra EHUko Letren Fakultatean, Arabako Campusean, eta, noski, gaiari buruzko dozenaka liburu aurki daitezke horien artean. "Teoria feministari buruzko beste hainbat liburu ditu, eta horietako batzuk Emakumeen Etxera eramateko gorde ditugu". Egindako enkargu guztiak banatutakoan, geratzen diren gainontzeko liburuak Erdi Aroko Araba elkartearen esku geratuko dira. Estibalizen osatzen ari diren liburutegira eramango dituzte. "Polita izan da Erdi Aroko Arabak, eta, zehazki, Isabel Mellen garaiko emakume ikertzaile batek hartzea amaren lekukoa. Oso pozik gaude. Zortea izan dugu".

Liburuak Estibalizera

Azken urteetan egindako donazioekin, Estibalizen liburutegia osatzen joan da Erdi Aroko Araba. "Liburuak soberan zituen lagun batek eskaini zizkigun lehendabizikoak, Arabako historia eta kulturari buruzkoak, eta aukera izan zen liburutegia prestatzen joateko", azaldu du Isabel Mellen historialariak. Sare sozialetan ere mezua jarri zuten, eta laster  hainbat liburu jaso zituzten. "Horietako batzuk oso donazio garrantzitsuak izan dira; gai lokalei buruz euren gurasoek urteetan egindako bilduma interesgarriak, bigarren bizitza bat eman ahal izateko". Erdi Aroko adituen liburutegietatik ere jaso dituzte donazioak, tartean Jose Antonio Munita Loinaz edo Jose Angel Garcia de Cortazar irakasleena. "Askotan unibertsitateek ezin dute hainbeste liburu katalogatzeko lana hartu, eta ez dituzte jasotzen. Gu esku zabalik gaude".

Lakarraren liburutegia topatzea sorpresa polita izan dela nabarmendu du Mellenek, haren ikerketekin jarraitzeko beharrezko liburu eta dokumentu ugari aurkitu baititu. "Berak egindako lan mardulak nire ikerketa lanak asko erraztuko ditu; benetan pozgarria izan da altxor hori topatzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago