Aurten ere Henrike Knörr sariek euskararen erabilerari buruzko ikerketa sustatuko dute

Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 13:00
Henrike Knörr sarien aurkezpena. / Argazkia: AFA

Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr sarien bigarren deialdia ireki du. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da.

Martxan da Araban euskararen erabilerari buruzko ikerlanak bultzatzeko eta sustatzeko Aldundiak, EHUrekin lankidetzan, sortutako Henrike Knörr sarien aurtengo deialdia. Lexuri Ugarte Euskararen foru zuzendariak azaldu duenez, aurten lehentasuna emango zaie master amaierako proiektuei, baina ikerketako zein gradu amaierako proiektu monografikoak ere onartuko dituzte, ondorengo tesiak sustatzeko.

"Erronka eraikitzaile bat izateaz gain, omenaldi xume bat izan nahi dute sariok. Euskara babesteaz gain, sari hauek omenaldia ere badute, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedradun izandako Henrike Knörren oroigarri bat", aldarrikatu du Ugartek.

Bi sarietarako eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da, eta bietako bakoitza 2.000 euroz zuzkitua izango da, gehienez ere.

Proposamenak ALHAOn argitaratutako deialdian agertzen diren irizpideen arabera balioztatu eta puntuatuko dira, proiektuaren xedea eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen maila, bideragarritasuna, curriculum vitaea, ikasketa espedientea eta master amaierako lana kontuan hartuz.

2021eko sarituak

Henrike Knörr sarien lehen edizioko beketako bat eskuratu zuen Mikel Perezek, Kode txandakatzearen aurreko jarrerak eta onargarritasuna Gasteizko gazte elebidunen artean ikerketarekin. Azterlan horren bidez, gazte elebidunen profil soziolinguistikoa aztertu nahi izan zuen testuinguru oztopatzaile batean; hau da, Gasteizko euskara-gaztelania testuinguruan, eta kode txandakatzearen aurrean zituzten iritziak eta jarrerak identifikatuz.

Bestalde, Iker Ondartzak lortu zuen beste beka, Arabako dialektoan sakontzeko egindako lanarekin. Azterlan horrek dialektoa definitzen jarraitu nahi du, azken urteotan egindako hainbat lanen bidez; hain zuzen ere, dialektoa mugatuko duten hizkuntza ezaugarriak ezarri eta horretan sakontzen jarraitu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide