Mikel Perezek eta Iker Ondartzak jaso dituzte Henrike Knorr bekak

Erredakzioa 2022ko urt. 31a, 12:30
Gaur banatu dituzte Henrike Knorr bekak. / AFA

Arabako euskalkiaren ikerketa eta Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzen erabilera aztertuko dituzte beka hauetan. 

Arabako Aldundiak eta EHUk Henrike Knörr lehen bi bekak banatu dituzte gaur, Araban euskararen erabilera aztertzea helburu duten ikerlanak bultzatzeko. Lehenengo edizio honetan, Mikel Perez eta Iker Ondartzarentzat izango dira bekak, eta Arabako euskalkia ikastera eta Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzen erabilerara bideratuko dute laguntza. Deialdi honetan master amaierako proiektuak lehenetsi dira, baina baita ikerketako edo gradu amaierako proiektu monografikoak ere, ondorengo tesiak bultzatzeko helburuarekin. 

Lehen beka Mikel Perez Gonzalezen proiektuarentzat izan da, Gasteizko gazte elebidunen artean kodeak txandakatzearen aurrean jarrerak eta onargarritasuna  izenburupean. Azterlanaren helburua da gazte elebidunen profil soziolinguistikoa aztertzea, Gasteizko euskara-gaztelania testuinguru oztopatzailean, eta kodearen alternantziari buruz dituzten iritziak eta jarrerak identifikatzea. Horrekin batera, fenomeno horren onargarritasuna ere ezagutu nahi du proiektuak. Horretarako, ikerketa enpiriko bat egingo da, eta, bertan, batetik, kode-alternantziaren erabilera eta jarrerak ikertzeko galdetegi bat emango zaie parte-hartzaileei, eta, bestetik, onargarritasun-ariketa bat egingo zaie, txandakako esaldiekin. 

Bigarren saria Iker Ondartza Padiernak irabazi du, arabar euskalkian sakontzen egindako lanagatik. Lan honen bidez, euskalkia definitzen jarraitu nahi da, azken urteotan egindako hainbat lanen bidez: batetik, euskalkia mugatuko duten ezaugarri linguistikoak ezartzea eta horretan sakontzen jarraitzea. Bestetik, definizio linguistiko horretatik abiatuta, arabarraren hedaduraren irudi bat marraztu ahal izatea, bai geografikoki, bai kronologikoki. Geografikoki, ez da euskalkiaren kanpoko muga edo hedadura osoa kokatu nahi den bakarra, baizik eta barne ezberdintasunak eta balizko zatiketak azaleratzea ere. Definizio kronologikoarekin, ordea, garaiko isoglosa bakoitzaren egoera argitu nahi da, denboraren poderioz, munduko hizkuntza bizi guztietan bezala, aldatu egiten baitira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide