'Ipurbeltz', aniztasun istorio bat

Mikel Buruaga 2022ko ira. 20a, 10:30
David Gutierrez eta Unai Saenz dira antzezlanaren protagonistak. / Argazkia: AMEZTU

Ameztu Antzerkia eta Imaginaciones Nai konpainiek Ipurbeltz antzezlana estreinatu berri dute. Adin guztientzako euskarazko ikuskizun familiarra da, antzerkia eta zirkua uztartuz indibidualismoa alde batera uzteko helburua duena.

Arabako familiek ikuskizun berri batekin gozatu ahal izango dute datozen hilabeteetan, ibilbide luzeko bi antzerkilariren eskutik. Izan ere, Ameztu Antzerkia konpainiako David Gutierrezek (Gasteiz, 1983) eta Imaginaciones Nai-ko Unai Saenzek (Gasteiz, 1980) Ipurbeltz: zozoak beleari ikuskizuna sortu dute, eta irailean ekin diote beren lana herriz herri eta auzoz auzo zabaltzeari.

Sortzaileek "adin guztientzako aniztasun istorio bat" bezala laburbildu dute antzezlana: "Pertsona asko bizi gara munduan, eta bakoitzak kolore ezberdin batekin ikusten ditugu gauzak, gure kolorea zuzena dela eta gainerakoak oker daudela sinetsiz". Horixe bera gertatzen zaie istorio honen protagonistei, Zuhaitz eta Arbiri: "Ez dute bestearen ikuspuntua ulertzen, eta elkarri barre egiten diote".

Baina bizitza jakintsua da, eta elkarrekin lan egiten jarri ditu, hasiera batean arazo dirudien hori ikasketa handi bihurtuz. "Jolasaren, umorearen eta errespetuaren bidez, kolore eta ideia guztiak sartzen diren ostadar mundua ikustea lortuko dute", dio istorioaren sinopsiak.

Euskara hutsezko ikuskizuna da Ipurbeltz, 50 minututan zehar zirkua, antzerkia eta txotxongiloak uztartzen dituena, familia osoaren gozamenerako. Baina Gutierrez eta Saenz ez daude bakarrik, eta hainbat profesional dituzte obra honetarako bidelagun: besteak beste, Haizea Miranda, jantziekin; Elisa Peñagarikano, musika konponketekin; eta Mikel Rivera, argazkiekin.

"Unai eta biok oso ondo moldatzen ginen, eta bi lagunen arteko zerbait egiteari buruz hitz egiten hasi ginen", azaldu du Gutierrezek. "Pandemiaren ondorioz indibidualismoak aurrera egin du, eta guk argi geneukan zer kontatu nahi genuen. Pertsonai bakoitzak mundua kolore batez ikusten du, Arbik morez eta Zuhaitzek berdez; baina azkenean konturatzen dira kolore horiek haien artean konpartituz gero, mundua askoz ere ederragoa dela, munduak kolore asko dituelako".

Arkaia herriko jaietan estreinatu zuten 'Ipurbeltz', irailaren 11n. / Argazkia: AMEZTU

 

Ikuskizun "ezberdina"

Arkaia herriko jaietan estreinatu zuten irailaren 11n, kalean eta 50 bat pertsonaren aurrean. ALEAri azaldu diotenez, "oso oso pozik" gelditu ziren aurkezpen emanaldiarekin, baita publikoa ere. "Estreinaldia baino, publikoarekin proba bat izan zen", ñabartu du David Gutierrez aktore eta ekoizleak. "Beti egongo dira saio batetik bestera hobetu daitezkeen gauzak, baina oso polita izan zen. Eta, batez ere, zerbait ezberdina, berezia, egin nahi genuen, eta lortu genuela uste dut; umeentzako antzerkia izan arren, zerbait fina eta landua egin daitekeelako, zerbait kontatuz eta aldarrikatuz".

Estreinaldiaren ostean, emanaldiak lotzeari ekin diote, eta, pixkanaka, hurrengo hitzorduekin betetzen ari da David eta Unairen agenda: asteburu honetan Subilla Gasteizko jaietan izango dira, eta, ondoren, Gipuzkoako zenbait herritatik igaroko dira. Ikuskizuna bere herri, auzo edo aretora eraman nahi duen orok Ameztu Antzerkia konpainiarekin harremanetan jartzeko aukera du, 685 14 90 16 telefono zenbakian edo info@ameztu.net helbide elektronikoaren bitartez.

Unai Saenz eta David Gutierrez daude Zuhaitz eta Arbiren atzean. / Argazkia: AMEZTU

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide