David Gutierrez | Aktorea

"Umorea ezinbestekoa da bizi dugun egoeran beldurra gainditzeko"

Mikel Buruaga 2020ko uzt. 2a, 07:50
David Gutierrez, Iñigo Salinero eta Eloi Beato. / GAG STREET BOYS

Eloi Beatoren zuzendaritzapean, David Gutierrez eta Iñigo Salinero aktore gasteiztarrek eta profesional ugarik osatutako Gag Street Boys (GSB) antzerki taldeak bere lehen proiektua aurkeztuko du uztailaren 3an Izarran: Borja Fano antzerkigileak sortutako Yes, we ART! kaleko antzezlana.

Pandemiaren unerik gogorrenaren ostean, kulturak berpizten jarraitzen du, baita arte eszenikoen arloan ere. David Gutierrez (Gasteiz, 1983) eta bere kideen antzezlana maiatzean aurkeztekoa zen, baina pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan dute. Urkabustaizen egingo duten aurkezpenaren ostean, udan zehar Euskal Herriko beste hainbat txokotatik mugituko da obra.

Yes, we ART! 50 minutuko "komedia intimo" bat da, testu gutxirekin eta euskaraz. Batez ere antzerki fisikoa baliatzea erabaki dute, umorerako bide gisa: "Barre asko egitea espero dugu", ohartarazi du Gutierrezek.

Nortzuk dira Gag Street Boys?

Antzezlan hau gehienbat arabarrez osatutako ekipoaren lanaren emaitza da. Urtarriletik burubelarri gabiltza Eloi Beato, Iñigo Salinero eta hirurok. Gero kolaboratzaile ugari izan ditugu ikuskizuna prestatzeko: Arantxa Gago koreografoa, Asier Kidam magoa, Juan SA -Soziedad Alkoholika taldeko abeslaria-, Mikel Rivera edizioarekin, Sergio Nevado argazkilaria, eta Piedad Añover, jantziekin lagundu diguna. Ni, adibidez, Ameztu Produkzioak antzerki taldean aritu naiz 2006tik. Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko profesionalak dira guztiak, eta ikuskizun hau sortzeko elkartu gara. 

Zer istorio topatuko dugu?

Batez ere umorea, barre asko egingo ditugu. Herri bateko jaien barruko aste kulturala da istorioaren abiapuntua. Udalak artearen makina jarri du herrian: Artisfyer. Makina horrekin guztiek artistak izateko aukera izango dute; hau da, makinak artista bihurtuko du jendea. Bi teknikari doaz Artisfyer makina muntatzera; horietako bat aurrerakoia da eta bestea kontserbadoreagoa. Lehenengoa makinan sartzen da eta artista bihurtzen da. Bestea ere sartzen da, inbidia pixka batekin. Azkenean, muntatzaileak izan behar zirenek arte diziplina anitzeko show bat egiten amaitzen dute.

"Zentsurak ezin dio mugarik jarri arteari edo sorkuntzari"

Baina, bat-batean, zentsura…

Une batean, guztiok barruan daramagun zentsorea agertzen da istorioan, eta ikuskizun horiek kolokan geratzen dira. Izan ere, zentsurak Artisfyer makina kolapsatu eta apurtzen du. Makina konpontzeko, guztien artean ekintza bat egin behar dute, eta abesti bat kantatzen dute publikoarekin batera. Ez dugu gehiago kontatuko, baina antzezlanean ikusi ahal izango duzue makina konpontzen den ala ez.

Artearen eta zentsuraren arteko talka islatu nahi duzue?

Ulertarazi nahi duguna da zentsurak ezin dizkiola mugak jarri arteari edo sorkuntzari, eta artea beharrezkoa dela askeak izateko. Azken finean, artearen sena horretan datza: nahi duenak nahi duena kontatzean, hatzamarra zenbait lekutan sartu behar badu ere. Gure beldurrak gainditzen ez baditugu, artea arriskuan egongo da, baina publikoari esker aurrera egingo dugu.

"Publikoarekin kontaktu zuzenik gabe aritu beharko gara"

Izarrako aurkezpenaren ostean nora joango zarete?

Emanaldi ugari egingo ditugu Euskal Herriko txoko ugaritan: uztailaren 6an, Otxarkoagan; 13an, Deustun; 16an, Lasarte-Orian; 22an, Gasteizen; abuztuaren 8an, Laudion; 11n, berriro Gasteizen; 15ean, Zigotian; eta 20an, Kuartangon. Bestalde, 30ean Bilboko Aste Nagusian egotekoak ginen, baina ziurrenik bertan behera geratuko da. Azkenik, irailaren 20an Arrigorriagako Clown Jaialdian egongo gara, eta urriaren 4an Leioako Kultur Leioa jaialdian.

Pandemiak eragina izan du zuen lanean?

Urtarrilean hasi ginen antzezlana prestatzen, baina, martxoaren 16an alarma egoera ezarri aurretik, aste horretan Montehermosoko gela batean egiten ari ginen entseguak bertan behera utzi behar izan genituen. Gainera, maiatzean hasi behar ginen kaleko emanaldiekin. Pixkanaka entseguei berrekin genien materiala gordetzeko dugun pabilioi batean, eta, orain, azkenik, antzezlana aurkezteko aukera izango dugu.

"Tabernetara joan gaitezke baina antzerkia ikustera ez?"

Nola aurreikusten duzue uda?

Uda oso emankorra izan ohi da, eta, bizi dugun egoera dela eta ohi baino emanaldi gutxiago egongo badira ere, bolo ugari atera zaizkigu. Hala ere, gurea kaleko antzerkia da, baina publikoarekin kontaktu zuzenik gabe aritu beharko gara uda honetan. Pixka bat arraroa izango da; azken finean, kaleko antzerkiaren xarmetako bat hori da.

Une honetan, zer behar du kulturak, eta, bereziki, antzerkiak?

Hasieran harritu gintuen Gasteizko Udalaren erabakia hirian udako kultur programazioa bertan behera uzteko. Beranduago, Bilbon edo Donostian kultura programatzen hasi dira, eta, azkenean, badirudi Gasteizek ere ez duela atzean geratu nahi izan. Hiri honetan 15 bat antzerki konpainia daude, eta kultura itzaltzen uztea ulergaitza izango litzateke; ez soilik antzerkiari dagokionez, baita musika eta bestelako arloetan ere. Tabernetara joan gaitezke baina antzerkia ikustera ez? Bizi dugun egoeran beldurra gainditzeko ezinbestekoa izango dira kultura, artea eta, bereziki, umorea. Jendeak hori behar du.

David Gutierrez, Eloi Beato eta Iñigo Salinero. / GAG STREET BOYS

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide