Joseba Azkarraga

"Euskal presoak herriratzea erlojuaren kontrako lasterketa da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ira. 16a, 08:00

Joseba Azkarraga, Sareko bozeramailea. E.U.

Hurrengo hilabeteetan aktibazio soziala eta presioa ezinbestekoak direla azpimarratu du Joseba Azkarragak. Oraindik, 34 preso urrunduta daude Espainiako espetxeetan, eta hauteskundeen emaitzek arriskuan jar dezakete Euskal Herriratzea. Beste asko, dagoeneko, etxean egon beharko lirateke. 

Ekainean berraktibatu zuen Espainiako Gobernuak euskal presoak gerturatzeko prozesua, 2022ko apiriletik blokeatuta izan eta gero. Pitinka-pitinka doa Euskal Herriratzea, mantsoegi, Joseba Azkarragak (Agurain, 1950) adierazi duen bezala. Hala ere, urrats bakoitzarekin harrabotsak entzuten dira eskuineko alderdien eta biktima elkarte batzuen aldetik. Sareko eledunak, berriz, argi du urruntzea premiaz amaitu behar dela, eta presoak etxera itzultzen hasi behar direla: "Legea betetzeko borondatea baldin badago ezin dira motibazio politikoko presoak espetxean egon; edozein presok izan ditzakeen onurak berreskuratzeak eta graduetan aurrera egiteak ekarriko dute espetxeak hustea".

Nola ulertu daiteke oraindik horrenbeste polemika piztea euskal presoen hurbilketen inguruan?

Espainiako Gobernuak orain arte egin duena, eta gainera adierazpen publikoetan aitortu dute, espetxe araudia haustea izan da. Eta haiek esan dute, publikoki esan ere, egiten ari diren bakarra legea betetzea dela. Beraz, galdetu beharko genieke zergatik hogeita hamar urte beranduago oraindik mantentzen duten urruntze politika hori. Egia da, eta aitortu behar dugu, duela bost urte edo urte beteko egoerarekin alderatuta, egoera arras desberdina dela gaur. Nik gogoratu ditzaket orain dela bi urte Euskal Herriko espetxeetan zigorra betetzen ari ziren euskal presoen izenak, eta gaur, aldiz, errazago gogoratu ditzaket Euskal Herritik kanpo dauden euskal presoen izenak. Guztira, hogeita hamalau preso daude Espainiako espetxeetan, eta hemezortzi Frantziako espetxeetan.

Ulertzen dituzu ETAren biktimen kritikak?

Betikoa da. Nik errespetu handiz ikusten ditut indarkerien biktimek egiten dituzten kritikak, galera handi bat izan dute, min bat jasan dute; eta norbanako bezala, biktima horiek esaten dutenarekin ez dut eztabaidatuko. Aldiz, badira biktimen elkarteak diru laguntza publikoez bizi direnak eta konfrontazioaren eta errebantxaren jarrera dute. Biktima batzuek maila indibidualean egiten dituzten adierazpenekin geratzen naiz ni, bere mina gobernu sozialistaren kontra ez erabiltzeko eskatuz, bakean uzteko eskatuz, eta aitortuz presoek eskubidea dutela beren etxe ondoan egoteko, espetxe araudiak berak esaten duen bezala. Ez diot garrantzi handirik ematen PPk egiten dituen adierazpenei, berera doa, ezta biktimen elkarteek esaten dutenari ere, baina arretaz entzuten ditut biolentzia guztien biktimek maila indibidualean esaten dutena, kritikatzen gaituztenean ere, jarrera eraikitzailea dutelako.

Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, duela gutxi esan du sakabanaketa terrorismoaren aurkako politika izan zela, eta orain Espetxe Legea aplikatzea tokatzen dela. Duela lau urtekoa izan zitekeen esaldi bat da.

Arrazoia du, baina galdetu beharko genioke ea zer egin duen berak azken hogeita hamar urteetan, onartu duenean bere alderdiko gobernuek ere espetxe araudia urratzea. Tira, atzera begiratu gabe aurrera begiratu behar da, eta nik esango nuke ondo goazela, aurrera goazela; Sarek hasieratik markatu zituen helburuetatik gertuago gaude, eta agian, irri pixka bat egiteko momentua ere iritsi da, etapak irabazten ari garelako. Horrek ez du esan nahi erlaxatu behar garenik, urruntzea mantentzen ari delako, arrazoi politikoengatik preso daudenen %27 kanpoan daude oraindik, eta badira oraindik eskubideen urraketa batzuk presoen bizitzan eragiten dutenak; graduen progresioak edo baimenak, esate baterako.

Horretan erabakigarria izaten ari da Auzitegi Nazionalaren papera?

Dudarik gabe. Espetxeetako tratamendu batzordeen iritziaren kontrako jarrera blokeatzailea eta konfrontaziozkoa du Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak. Finean, Espetxearen Tratamendu Batzordea teknikoek eta espetxe horretako funtzionarioek osatzen dute, eta haiek ezagutzen dute zehatz-mehatz presoaren ibilbidea. Momentu batean, batzorde hauek graduan aurrera egiteko edo kalera ateratzeko baimenak proposatu ditzakete, eta hurrengo tramitea da espetxe administrazioak proposamen hori onartzea. Euskal administrazioa, ia kasu guztietan, proposamenak onartzen ari da, baina arazoa da fiskalak berehala errekurtsoa aurkezten duela, nik uste dut sarritan espedientea ere begiratu gabe, eta horren arabera erabakia hartu behar du Espetxe Zaintzako epaileak. Duela egun batzuk Jaime Tapia epaileari entzun nion Audientzia Nazionalak atzera bota dituela soilik bi eskaera espetxe graduan aurrera egiteko. Hala moduzko egia da hori, bi atzera bota ditu baina beste hamazazpi ditu zain, fiskalak errekurritu dituelako. Etengabeak dira errekurtsoak.

Beraz, espetxe batzordeen proposamen guztiak sistematikoki errekurritzen ari dira?

Ia guztiak errekurritu dira, hori da araua; salbuespena da baten bat ez errekurritzea. Orain, ikusi beharko dugu espetxe zaintzako epailearen erabakia zein den, baina hemendik aurrera gobernuen jarreraren ordez izango dugun arazo nagusia eremu judiziala izango da, bostehun kilometrora dagoen fiskaltza.

Auzitegi Nazionalaren esku jarraitu behar dute presoen inguruko erabaki horiek?

Ez du zentzurik. Orain dela urte batzuk erkidegoen eskuetan zegoen espetxe zaintza, baina bere momentuan trasladatu egin zen, eta bostehun kilometrora erabakitzen dute orain preso baten inguruan; ezagutzen ez duten presoa da eta ez dakite ezer haren inguruan, halere, tratamendu batzordeen iritzien kontra erabakitzen dute. Erabaki politikoa da. Guk ez ditugu fiskalak edo epaileak kuestionatzen iritzi politikoak dituztelako. Arazoa da ideologia hori sententzian islatzen denean, eta hori da egiten ari direna, haien ideologia epaietan islatzen ari dira, eta hori da Saretik salatzen duguna, eta gainera etengabeko konfrontazioan eta errebantxismoan oinarritzen dira.

"Agian, irri pixka bat egiteko momentua iritsi da, etapak irabazten ari garelako"

Espetxe desberdinetan egon zara eta preso ugarirekin elkarrizketatu zara. Nola bizi dute presoek Euskal Herrira etortzeko prozesu hau?

Ezin dugu engainatu geure burua, hau erlojuaren kontrako lasterketa bat da. Alegia, urte bat baino gehiago geratzen da, eta ez dakigu hurrengo hauteskundeetan zer gertatuko den. PP gobernura iristen bada, eta mantentzen badu orain duen konfrontazioaren eta errebantxaren jarrera hori, aurkitu gaitezke egoera batean non erkidegotik kanpo dauden presoekin atzera buelta bat egon daitekeen.

Arrisku hori dago?

Bai, jakina. Eta horregatik presionatu behar da. Urruntze politika ez zen inoiz gertatu behar; beste gauza batzuen artean, helburua presoak sakabanatzea baldin bazen, Euskal Herrian bertan sakabanatzeko aukera zegoelako, baina erabaki zen neurririk gogorrena ezartzea. Behin urruntzea ezarrita, ez duena zentzurik da ETAk hartu zuen erabakia hartu zuela hamaika urte igaro direnean eta desegin zenetik lau urte igaro direnean, oraindik neurri hori mantentzeak. Ez du legitimitate legala ezta morala ere, eta hori da guk salatzen duguna.

Lau urte igaro dira urruntze politika amaituko zela iragarri zenetik. Euskal Herriratzeen erritmoa motelegia izaten ari da?

Ekainaren 18an izan zen, orain dela lau urte. Lehen adierazpenak egin zituen ordu hartan Espainiako Gobernuaren presidenteak, esanez dispertsio politika edo berak terrorismoaren kontrako politika deitzen duena amaitzen hasi behar zela eta espetxe politika arrunta ezarriko zela. Duela lau urte izan zen hori. Borondatea baldin badago eta baldin badakite gertatzen ari dena ez dela humanoa, zergatik daude oraindik presoen %27 sakabanatuta? Udatik hona hiru mugimendu gertatu dira, guztira 30 preso, gu pozten gara, eta haien familiak gehiago, baina arazoa da apiriletik ekainerarte ez dela ezer mugitu. Ez dago irizpide logiko bat. Baten batek esaten zidan presoen espedienteak aztertzeko denbora behar dutela, baina argi dago hori ez dela arazoa.

Arazoa politikoa da?

Politikoa da, bai. Presoen espedienteak aztertzen dituzte sartzen diren lehen egunetik, eta badira preso batzuk hogeita hamar urte daramatzatenak espetxean. Ez dago justifikaziorik. Ezin dugu erlaxatu. Aktibazio soziala da gure lana, eta horretan jarraitu behar dugu, urruntzea amaitzen ez den bitartean eta eskubideen urraketak mantentzen diren bitartean, alegia graduetan aurrera egiteko aukerak edo espetxe baimenak blokeatzen diren bitartean.

"Jaurlaritza bizkorragoa izatea nahiko genuke; preso asko daude aske egon daitezkeenak"

Espetxeen eskumena Jaurlaritzaren esku geratu denetik, aldaketak sumatu dira? Zer balantze egiten duzu?

Ez da negatiboa. Bizkorragoa izatea gustatuko litzaiguke. Eusko Jaurlaritzak esan du hogeita hiru edo hogeita lau hirugarren gradu eman dituela jada, baina errealitatea da laurogeitik gora presoek betetzen dituztela gaur hirugarren gradua izateko baldintzak, eta egunak pasatzen diren bitartean eta hori egiten ez den bitartean, pertsona horien eskubideak urratzen ari dira. Beraz, ondo iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak hartu duen jarrera esan duenean ez duela desberdintasunik egingo motibazio politikoa duten presoen eta beste motibazio batzuk dituzten beste presoen artean, eta espetxe politika arrunta aplikatuko zaiela batzuei zein besteei; baina eskatzen duguna da biziagoa izatea, preso asko daudelako aske egon daitezkeenak.

Iragarritako hurbilketen artean, sakabanatutako azken preso politiko arabarra dago, Alberto Lopez de Lacalle.

Arabarra naizen aldetik, pozten naiz ez dagoelako preso arabarrik kanpoan, baina ezin dugu ahaztu kartzelan jarraitzen dutela, eta legea eskuan, presoen erdiak edo gehiago etxean egon daitezke. Alberto Lopez de Lacalle sarritan ikusi dut, duela bi hilabete inguru Villabonan, eta oso ondo iruditzen zait hemen egotea. Presoarengatik baino familiengatik pozten naiz, presoa, azkenerako, gela batean sartuta dago, eta ikusten duen zerua Villabonan edo Gasteizen oso antzekoak dira, baina familiek milaka eta milaka kilometro egin behar izan dituzte, astero, 40 minutuko bisitak egiteko, eta hori da oinarrizko arazoa.

Presoen familiek bizi izan duten urteetako kaltea nola konpentsatu daiteke?

Oso zaila da, bizitza baten galera konpentsatzea oso zaila den bezala. Zubiak berrregiteko, denok egin behar dugu enpatia ariketa handi bat; bestearen sufrimendua ikusteko ariketa bat egiten ez badugu, oso zaila izango da aurrera egitea. Adibidez, elkarrizketa hau egiten ari gara memorialaren "mamotreto" horren azpian (La Union tabernaren terrazan egin da elkarrizketa); bada, biolentziak zigortutako gure gizartean, "mamotreto" hori da zubiak berreraikitzeko beharraren gauzarik kontrakoena. Lehenik eta behin, biolentzia bat eta bakarra egon dela ulertzen delako, ETArena, eta bakarrik indarkeria horren biktimak gogoratu behar direlako. Beraz, herri honetan gertatu den eskubideen urraketaren kontaketa osoa ez da egiten ari, baizik eta parte baten ikuspegia. Egiten dugu kontaketa bat non guztiak sartzen garen, kontaketa desberdinen batuketa izango dena, edo oso zaila da elkarbizitza herri honetan.

Zergatik diozu hori?

Askok esaten dute hemen indarkeria ETArekin hasi zela, eta beste batzuk, ordea, uste dugu eskubideen urraketak gure herrian 1936. urtean hasi zirela, izan ere familia askok oraindik beren senideen bila jarraitzen dute, mendietan eta arekatan; eta zauri hori ixten ez dugun bitartean, hori ere kontaketaren parte izan behar da. Kontaketa horrek bildu behar ditu ETAren indarkeriaren biktimena, estatu terrorismoaren eta gorputz parapolizialen biktimena eta bost milatik gora tortura kasu kontrastatuak; hori da memoriaren kontaketa. Gutxi batzuen mesederako muntatu duten "mamotreto" hori kontaketa barneratzaile baterako ekarpena baino, kaltegarria da.

Hamar urteko perspektiban, nola ikusten duzu euskal presoen auzia?

Indarrean dagoen espetxe legea betetzeko borondatea baldin badago, ezin dira motibazio politikoko euskal presoak espetxean egon; edozein presok izan ditzakeen espetxe onurak berreskuratzeak eta graduetan aurrera egiteak ekarriko du espetxeak euskal presoez hustea. Eta hori da helburua. Askotan esan dut niri gustatuko litzaidakeela Sare desagertzea; yogurrek iraungitze data duten bezala, guk badugu data ere, baina ez dakigu zein den; egoera konpontzen denean, presorik ez dagoenean, orduan denak jubilatuko gara. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago