Kirioak dantzan. Hiru hilabeteko oporren ondoren, eskolara itzultzeko unea iritsi zaie ume eta gazteei. Gurasoen artean ere lasaitasuna ez da soberan egon, esku batean fakturak eta bestean aurreikuspen ekonomiko latzak pilatzen direlako. Jakina denez, makroekonomiak berehalako eragina du mikroekonomian. Familiaren ekonomia gero eta mikroagoa izan, orduan eta handiagoa da jasotzen den zaplaztekoa.
Antolakuntzaren aldetik ere ez da ikasturte hasiera lasaia izan. Batetik, ordezko irakasle askok azken uneraino ez dute jakiterik izan hurrengo egunean non eman behar zituzten eskolak, horren berri ematen duen Ordezkagunea online plataforma erorita egon zelako asteazken arratsaldera arte. Sindikatuen arabera, 2.300 bat ordezko irakasleri eragin die arazoak. Bestetik, familia askok ere azken uneraino ez dute jakin eskolako lehen egunean garraioa izango ote zuten. Izan ere, Jaurlaritzaren eta eskola garraioa egiten duten enpresen arteko negoziazioa bezperara arte luzatu izan da. Azken uneraino eramandako negoziaketa batean, Jaurlaritzak onartu du %24,1 igotzea eskola garraioa egiten duten enpresei emandako ekarpena. Enpresek erregaien igoera argudiatu dute Jaurlaritzaren laguntza eskatzeko.
Alde positiboan, Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak bertan behera utzi dituzte ikastetxeetan. Irakasle eta guraso asko aurreko hilabeteotan kexu mintzo izan dira sektore gehienetan alde batera utziak ziren hainbat neurri eskoletan mantentzen zirelako.
Hasierako koska hauek gaindituta ere, ekonomiaren zerumugan igartzen diren hodei beltzak hezkuntzaren alorrean ere nabaritzen ari dira. Horien artean ezinegon gehien sortzen duena da prezioen gorakada.
Aspaldiko buru-hausteak
Roberto Martinez Aguraingo Aniturri guraso elkarteko kidea kurtso osoko gastuen zain dago, momentuz ez dakielako zenbatetan garestituko diren hainbat zerbitzu. "Kasurako, institutura etortzen den kabinete psikologiko batekin kontaktuan jarri behar gara orain. Iaz tarifa bat zegoen, baina suposatzen dut aurtengo tarifa igoko dutela". Modu berean, guraso elkarteak ordaintzen dituen beste hainbat jardueratan ere igoerak espero dituzte. "Familiek materiala erosi behar dute kurtso hasieran, eta gastu hori nabaritzen da, noski", nabarmendu du. "Ea ikastaroan zehar kontuak nola etortzen diren".
"Batxilergoan daudenek 600 edo 700 euro aurreratu behar dituzte garraiorako". ROBERTO MARTINEZ, ANITURRI
Garraioaren igoerari dagokionez, momentuz enpresak beraiei ez die igoerarik iragarri. Izan ere, garraioarena aspalditik daukaten arazoa da, eta horri aurre egiten saiatzeko guraso elkarteak parte hartu behar du kudeaketan. Martinezek duela bost urte ALEAn salatu zuen arazo bat bere horretan dirau. Gaiaren muinean dago Jaurlaritzak DBHko ikasleei garraioa ordaintzen diela, baina ez Batxilergokoei. Eta Lautada edo Arabako Errioxa bezalako eskualdeetan ezinezkoa da ikasle horiek garraio publikoarekin moldatzea. "Urteak daramatzagu Diputazioarekin, Jaurlaritzarekin eta alkate gehienekin biltzen, baina inork ez dio konponbiderik jartzen", gogora ekarri du. Hortaz, Batxilergoan seme-alabak dituzten bertako gurasoek jakin badakite ohiko gastuez gain 600 edo 700 euro aurreratu behar dituztela garraiorako. "Lautadako herri batean bizi baldin bazara, eta zure seme-alaba institutura joatea nahi baduzu, bi aukera dituzu: Gasteizera bidaltzea da bata. Bestea, Aguraingo institutura bidaltzea, baina orduan jakin badakizu aurreratu behar duzula diru hori", azaldu du Martinezek. "Gero, urtebetera edo, Diputazioak diru-laguntza bat ematen dizu, baina, bitartean diru hori aurreratu behar duzu, halabeharrez".
Hiriburuan, errazago
Garraioari dagokienez, Gasteizen errazagoa dute kontua, Angel Ganivet ikastetxeko guraso elkarteko Gorka Campok onartu duenez. "Eskola publikoan egonda, eta liburu solidarioa izanda, guk ez dugu horrenbeste gasturik", argitu du. "Materiala erosi bai, noski, baina ez dugu gastatu beste batzuek gastatu behar duten dirutza handia". Dioenez, harritu egiten da itunpeko eskoletan dauden familiekin hitz egiten duenean. "Pentsa internet erabiltzeagatik kanon antzeko bat ordaindu behar dutela, haien umeak hiru urte besterik ez baditu ere. Liburuetan 300 edo 500 euro gastatu ahal dituzte lasai asko". Camporen esanetan, "itunpeko eskolak enpresak" dira, eta hortik dator gehiegizko gastu horien arrazoia. "Gure kasuan, guraso elkartean ez dugu irabazteko asmorik, eta hori nabaritzen da gero gurasoek egin behar dituzten gastuetan".
Iaz egin zuen kalkulu baten arabera, Angel Ganiveten kasuan Campok ondorioztatu zuen ikasleen erdia edo 500 metrotara bizi dela, eta %80 inguru, kilometro batera. Hortaz, haien kasuan ikastetxetik urrun egotea da salbuespena. "Gehienbat, etxebizitza aldatu dutenak edo herriren batean bizi direnen kasua da".
Liburu solidarioari dagokionez, gogora ekarri du urtez urte liburuak berrerabiltzean datzala programa. Metodo hori oraindik izen horrekin ezagutzen den arren, Jaurlaritzaren Hezkuntza sailetik zehaztu dute berez dagoeneko ez dela existitzen, baina bai "haren espirituari eusten dion" beste programa bat: 2015ean hasi zen Material didaktikoei eta curriculuma garatzeko baliabideei laguntzeko programa. Ikastetxe publikoetan ikasmaterial kontzeptua "zentzu zabal eta malguan" hartzen du programak, "liburu tradizionaletik harago".
Jaurlaritzak diru kopuru bat bideratzen du ikastetxe bakoitzera: 35 euro Lehen Hezkuntzako ikasle bakoitzeko, eta 103 euro DBHko ikasle bakoitzeko, ikastetxeak ikasmateriala sortu edo eskura dezan, bai inprimatua edo digitala. Urtean Jaurlaritzak bost milioi euro inguru ematen ditu horretarako. "Programak ikasmateriala ikastetxeek sortzea lehenesten du, baina material hori erosi edo lizentzia digitalak eskuratzeko ere baliatu daiteke", argitu dute Lakuatik. Material hori ordenagailuekin osatzen dute eskoletan.
Modu informalago batean, familia ugariek urteak daramatzate halako filosofiari eusten. Hirukide elkarteko presidente Natalia Diez-Caballerok umoreari helduta dio seme-alaba asko dituzten familiek barne elkartrukerako beren wallapop propioa daukatela. "Saiatzen gara umeek urte gehiago dituzten anai-arrebek erabilitako zenbait material berrerabil ditzaten", azaldu du. Zentzu horretan, nabarmendu du seme-alabak filosofia horretan hezi behar direla, eta azaldu behar zaiela ikasturte bakoitzean beti ez dela zertan material berria estreinatu behar. "Motxila, estutxea, gutxi erabili diren koadernoak... ahal bada, horiei probetxua atera behar zaie". Familia ugariko kide izan ala ez, animatu du jendea lotsa galtzera eta ezagunen artean liburu bat edo bestea lagatzeko ote duten galdetzera. "Bestalde, familiak animatu behar dira guraso elkarteetan parte hartzera. Ikastetxe publikoetan mailegu zerbitzu bat dago, baina ez da hala izaten itunpekoetan, eta hauetan ere liburuen berrerabilpena sustatu behar da", esan du.
Prezioen gorakadari eusteko, gogora ekarri du elkartean hainbat programa eta akordio dituztela zenbait enpresekin, deskontuak lortzeko, eta baita bonu programa bat ere. Baina Diez-Caballerok kritikatu du aspaldiko arazo bat konpontzeke dagoela oraindik: klasera egokitzeko sortzen diren egutegiak luzeegiak dira. "Askotan, gurasook eszedentzietara edo oporretara jo behar dugu hutsune horiek betetzeko, edo aiton-amonengana, eta hori ez da bidezkoa", nabarmendu du. "Aiton-amonek bilobekin disfrutatu dezatela, bai, baina egin dezatela eurek hala nahi dutenean".