Begoña Diaz de la Presa

"Erleek ez dute indarrik eztia egiteko"

Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 08:00

Begoña Diaz de la Presa da Apial elkarteko lehendakaria. PHOT.OK

Eztiaren produkzioa erdira murriztuko da aurten Araban. Lehorteak eta barroasiak gogor kolpatu ditu herrialdeko erlezainak.

Arabako baserri askotan kezka handiz bizitzen ari dira eztia jasotzeko garaia. Arkamuko mendatearen azpian, erlauntzak ditu  Begoña Diaz de la Presa Apial Arabako erlezainen elkarteko lehendakariak bere senar Samuel Etxebarriarekin batera. Lehorteagatik eztiaren produkzioa erdira murriztuko daitekeela uste du, eta besteak beste, Arabako Foru Aldundiak ganaduzaleei laguntzeko emandako diru partidan herrialdeko erlezainak kontuan hartu ez izana kritikatu du Diaz de la Presak.

Kezkatuta zaudete aurtengo eztiaren kanpainarekin. Zer arazo dago?

Lehortea eta tenperatura altuak izan dira aurten arazo nagusiak, loraldia izorratu dute guztiz eta erleek ezin izan dute eztirik egin. Eta, gainera, jatekorik ez dutenez, udaberrian egin zutena jaten ari dira beste ezer ez dagoelako mendian. Bestalde, aurten egindako erlekumeei, erle txikiei, jaten eman behar izan diegu ez dutelako jatekorik. Janaria prestatu behar izan diegu erositako azukrearekin, eztiarekin eta urarekin.

Arazo orokorra da Araba osoan?

Ekaitzen bat erori da nonbaiten, eta agian loraldiari eutsi ahal izan zaio, baina ekaitz horietan ere oso euri gutxi bota du. Gainera, euria bota ondoren ere landarediari asko kostatzen ari zaio errekuperatzea. Mendia udazkenean bezala dago, nik ez dut ikusi mendia horrela inoiz, eta guk mendian ditugu erlauntzak, eta mendian ibiltzen gara sarritan. Txilar pilo bat egoten da gure inguruko mendi hauetan, eta aurten ez dago ezer.

"Aldaketa klimatikoaren aurrean neurriak hartu behar ditugu, denon artean"  

Urrian jasotzen hasiko zarete eztia; ekoizpena murriztuko dela aurreikus daiteke?

Eztia jasotzen hasten garenean jakingo dugu benetan, baina bi hilabete joan dira euria egin gabe, eta egin diren kalkuluen arabera erdira edo murriztu daiteke produkzioa.

Irailean euria botako balu salbatuko litzateke eztiaren bilketa?

Loraldia berreskuratuko litzateke?  Ez dut uste, denbora gehiago behar dute landareek suspertzeko, eta gainera, gauak luzeagoak dira orain, eguzki ordu gutxiago dago, freskoago egiten du… Euri asko botata, hamabost edo hogei egun kostatuko zaio mendiari errekuperatzea. Berandu da ezer berreskuratzeko, erleek ez dute astirik eta ez dute indarrik, eta hiltzen ari dira; lanean jo eta ke ibili beharrean, erleontzian daude gordeta, mugitu gabe, ez dira umeak egiten ari…

Udaberri partean, gainera, barroasiarekin arazoak izan zenituzten?

Arazoa izan zen barroasiaren kontra jartzen diegun botikak ez zuela funtzionatu, txarto zegoen, eta hain justu Araban tokatu zitzaigun. Horregatik, neguaren ostean, udaberrian, erle asko hil zitzaizkigun. Guk hogeiren bat erlauntza galdu genituen.

Administrazioaren aldetik, zer egin daiteke egoera horren aurrean?

Arabako Foru Aldundiak dekretu bat egin du lehorteagatik ganaduzaleei laguntzeko, eta erlezainak kanpoan utzi ditu. Ez da bidezkoa, integratu egin behar gaituzte dekretu horretan. Produkzioa erdira jaitsiko da aurten, eta gainera, kostuak etengabe igotzen ari dira, animaliak elikatzen ari gara eta janariaren prezioa igo da, baita botikak, gasolina, potoak, estalkiak eta argindarra ere.

Panorama beltza duzue aurrean.

Bai. Erleak beharrezkoak dira, ez bakarrik eztiaren produkziorako, polinizazioaren bermea dira, biodibertsitatearen osagai ezinbestekoak dira, gure ekosistemaren aniztasuna mantentzen dute, eta aldaketa klimatikoarekin arriskuan daude. Administrazioak benetako neurriak hartu behar ditu aldaketa klimatikoaren aurrean; etorkizuna jokoan dugu, eta neurriko erabakiak behar ditugu, denon artean aurre egiteko.

"Erleen produkzioa erdira jaitsiko da aurten, eta gainera kostuak etengabe igotzen ari dira" 

Liztor asiatikoarekin arazo gutxiago izan duzue aurten?

Liztor asiatikoari ez zaio gure mendia gustatzen, Arkamuko mikroklima ez zaio gustatzen, hezetasuna behar du, eta hotz gutxiago. Halere, urtero tranpak jartzen dizkiegu. Dena den, aurten, liztor asiatikoaren arazoa bigarren maila batean geratu da egora beldurgarri honen aurrean.

Batzuen afizioa da erlezaintza, baina beste batzuk horretaz bizi dira.

Bai, horretaz bizi direnak badaude, ez dira asko elkartean, hamar edo hamabi lagun, baina ez dakit nola egingo duten aurrera laguntzarik gabe.

Zenbat bazkide zarete Apialen?

Bi elkarte gaude Araban, Apial da eztizale gehien biltzen dituena, eta Apigor Gorbeialdeko eztizale batzuk elkartzen dituen taldea da; Apialen, guztira, 478 bazkide ditugu eta 10.700 bat erleontzi izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago